}

Kirola osasunerako txarra omen

2011/01/29 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Kirola osasunerako kaltegarria dela, Hori zabaldu zuten zenbait komunikabidek joan den astean. Batzuek xehetasunak ere ematen zituzten, tituluan bertan ez bazen, azpitituluan. Askok, ordea, bere horretan eman zuten albistea, eta urrutiago ere joan ziren beste batzuk, eta sedentarismoaren aldeko apologia egin zuten horren aitzakiatan. Izenburu guztiek jatorri bera zuten, Bartzelonako Clinic Ospitalearen ikerketa bat. Zalantzarik gabe, horrek sinesgarritasuna eransten zion, ospitale entzutetsua baita.

Kazetariaren ikuspuntutik, izenburu bikaina da beharbada. Zakurraren eta jabearen adibidea ekartzen du gogora: zakurrak jabeari kosk egitea ez da albiste; bai, ordea, alderantzizkoa. Eta horren antza du kirolaren eta osasunaren kontu horrek. Urteak eman ditugu osasun ona izateko kirola egitea beharrezkoa dela entzuten, eta, orain, ikerketa fidagarri batean, ustea ustela dela frogatu dute.

Clinic Ospitalaren blogean azaldutako albistea ez zen komunikabide askotako izenburuek iradokitzen zuten bezain iraultzailea.

Egia izatera, ikerketa iraultzailea izango zatekeen. Baina hainbesterainokoa ote da? Ez ote zeuden izenburuak puztuta? Zalantza argitzeko, nahikoa da Clinic Ospitalearen blogera jotzea, han azaltzen baita ikerketari buruzko berria. Izenburuak berak zehaztasun dezente ematen ditu: "Iraupeneko ariketa gogorrak fibrosia eta arritmiak eragin ditzake bihotzean". Badago aldea bizimodu aktiboa izatearen eta iraupeneko ariketa fisiko gogorra egitearen artean, badagoenez.

Are gehiago: ariketa fisikoa neurrian egiteak bihotzean eta zirkulazio-sisteman eragiten dituen onurak goraipatuz hasi dute albistea. Datu bat ere eman dute: bizimodu aktiboa izateak % 30 gutxitzen du arazo kardiobaskularren ondorioz hiltzeko arriskua.

Ondoren dator komunikabide gehienek izenburuetan nabarmendu zutena, hau da, kirola kaltegarria ere izan daitekeela. Baina oso kasu jakinetan baino ez da gertatzen hori, "urteetan luzatzen den iraupeneko ariketaren ondorioz", hain zuzen ere. Azaldu dutenez, iraupeneko jardueretan (maratoia, triatloia, txirrindularitza...), bihotzak neurriz kanpoko ahalegina egin behar du, eta, nonbait, kalteak metatuz joaten dira. Azkenean, fibrosia eta arritmiak izateko arriskua egoten da .

Ikerketa arratoietan egin dutela ere zehaztu dute. Ikertzaileen esanean, oso zaila da hain epe luzeko ikerketa bat egitea pertsonetan; horregatik erabili dituzte arratoiak. Animaliak lau taldetan zeuden banatuta: batzuek bizimodu sedentarioa zuten, eta besteak egunean ordubetez ariketa fisiko gogorra egitera behartu zituzten, 4, 8 eta 16 asteren zehar. Horrela frogatu zuten ariketa gehien egiten zuten arratoiek joera handiagoa zutela bihotzaren egituran aldaketak izateko.

Gizakietan gauza bera gertatzen dela baieztatzeko ikerketa gehiago egin beharko liratekeela aitortu badute ere, azterketaren emaitzak 20-30 urtez iraupeneko kirola egin duten pertsonetara estrapolatu daitezkeela ondorioztatu dute ikertzaileek. Horrez gain, kirolarien bat-bateko heriotza azal dezakeen aldaketa bat ere ikusi dute arratoien bihotzetan.

Gakoa, neurrian

Iraupeneko kirol-probak boladan jarri diren garai honetan, beharbada komeni da kontuan izatea Clinic Ospitalean egindako ikerketa. Bestelakoan, argi dago ikerketa ez dela joan den asteko izenburuek iradokitzen zuten bezain iraultzailea; azken finean, beste gauza askotan bezala, gakoa neurrian dagoela erakusten du.

Hain juxtu, Clinic Ospitalearen blogean argitaratu duten hurrengo albistea garagardoaren kontsumoari buruzkoa da, eta ildo beretik doa, neurrian edanez gero osasungarria dela ondorioztatu baitute, batere ez edatea baino are hobea.

Beraz, bi ikerketak batuz gero, honakoa esan daiteke: kirola neurrian egitea eta garagardoa neurrian edatea osasungarria da; alderantziz jokatzea, berriz, kalterako. Ados, egia izango da, baina izenburu gisa ez da oso erakargarria, ala?

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia