Elhuyar zientziaren komunikazioa

Katua, etxeko animalia basati hori

2004/05/16 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Katuak maite dituztenak adina dira ikusi ere egin ezin dituztenak. Horien ustean, ez omen dira fidatzekoak; duela gutxi etxekotu zirela, eta oraindik basati-sena daukatela argudiatzen dute. Baina aurkikuntza batek erakutsi du etxe-katuak uste zen baino denbora gehiago daramala gizakiari urruma egiten.

Etxean bizitzera ohituta egon arren, etxetik kanpora ez da alferrik galduko katua.

Hemen dator Pixkor. Goiza etxetik kanpo pasatu du, eta gaur ere oparia dakarkigu: sugandila bat. Atarira sartu denean lurrean utzi du eta jolasean hasi da; ihes egiten utzi eta gero, gainera egiten dio salto. Krudela dirudi, baina senak aginduta dihardu, eta ehiztari bikaina da gure mitxina.

Egia esan, bizitzeko ez dauka ehizean egin beharrik; etxean nahi adina pentsu dauka. Baina ezin dio senari eutsi, antza, eta ohikoa izaten da sagu, txori edo sugandilaren bat ekartzea etxera. Sen hori bere arbasotik jaso du, basakatutik, alegia; eta gertuagoko ahaideetatik ere bai; izan ere, Pixkorren aiton-amonek ez zuten ehiztari-sena galdu, sagu-ehiztari paregabeak izateagatik onartu baitzituzten nekazariek etxean.

Orain arte uste izan da egiptoarrek etxekotu zituztela katuak. Izan ere, etxeko katuen aztarnarik zaharrenak duela lau mila urte ingurukoak ziren, eta Egipton aurkitutakoak, hain zuzen ere. Nabarmena da herri hark miresmena ziela katuei. Katu-itxurako jainko bat baino gehiago zuten; emankortasunaren jainkosak, Bast edo Bastet-ek, esaterako, katu-burua zeukan; eta Bast ez zen edozein jainkosa, Ra handiaren alaba zen. Horretaz gain, momifikatutako katuak aurkitu izan dira tenpluetan eta katakonbatan; haiekiko errespetuaren adierazgarri da hori, zalantzarik gabe.

Etxe-katua ehiztari trebea da, eta denbora luzez egoten da zelatan.

Baina, antza denez, Pixkorren arbasoak lehenagotik ziren gizakiaren etxe-giroko partaide. Bilatu berri duten aztarna batek hala erakusten du behintzat. Aztarna hori orain arte aurkitu den etxe-katu hezurdura zaharrena da, duela 9.500 urtekoa; gizakia nekazari egin zen garai bertsukoa, beraz.

Zipren aurkitu dute etxe-katu horren hezurdura, gizon gazte baten hilobi berean ehortzita. Itxura hutsagatik, basakatu batena izan zitekeen hezurdura, baina gizonaren aldamenean lurperatu izanak adierazten du etxekoa zuela. Gainera, katuaren hezurdurak ez dauka bortizki hil izanaren edo sakrifikatu izanaren aztarrenik. Antza denez, hurrengo bizitzan ere ondoan izan nahi zuen mitxina gizon hark.

Gizakiarekin bizitzera ederki moldatu da katua.

Etxe-katuaren aztarna zaharrena Zipren aurkitu izanak ere zeresana eman du. Izan ere, Zipre uharte bat da, eta lehenengo biztanleak kontinentetik, Turkia ingurutik, joan zirela hara uste da. Duela hamar mila urte gertatu zen hori, Neolito Garaian. Kontinentetik ekarritako garia lantzen zuten, eta berekin ekarritako ganadua, ahuntzak, oreinak, ardiak eta txerriak, hazten zituzten. Txakurrak ere eraman zituzten berekin, eta pentsatzekoa da katuak ere kontinentetik ekarri zituztela. Beraz, baliteke etxe-katuak hamar mila urte baino gehiago egon izana gizakiaren aldamenean.

Agian, gizakia nekazari egin zen unetik beretik gerturatu zen katua herrietara. Arrazoizkoa da pentsatzea hazi- eta uzta-biltegietara saguak bilduko zirela, eta horien atzetik katuak. Hainbeste lan kostatako uzta ez galtzeko hain baliagarriak izanda, nekazariek gogo onez hartuko zituzten katuak, seguru, eta zihoazen tokira zihoazela eraman nahi izango zituzten. Hala, pixkanaka-pixkanaka, gizakiaren aldamenean bizitzera ohitzen joan zen, basakatua otzanduz joan zen, eta etxe-katu bihurtu.

Egiptoko Bastet jainkosak katu-itxura zuen.

Baina etxe-katuak ez zuen basabere-sena guztiz galdu, beharrezko baitzuen saguak ehizatzeko. Horixe zen katuaren zeregina: sagu-ehiza. Ordainetan, gizakiak etxean hartu zuen, eta sutondoan lo egiten utzi zion, eta etxekoen igurtziak jaso zituen.

Baina leku eta garai guztietan ez zen hain ongi hartua izan. Gogoratu Erdi Aroan erre egiten zituztela katuak sorginen eta aztien laguntzaile zirelakoan. Gauez ibiltzeko duten abileziak eta ibiltzeko duten era sentsual eta erakargarriak deabruaren lagun zirela pentsarazi zieten agintariei. Baina larrutik ordaindu zuten katuen populazioa hainbeste urritu izana; izan ere, saguak eta arratoiak ikaragarri ugaritu ziren, eta, haiekin gaixotasunak.

Basakatuari begiratuta ez dago zalantzarik nondik datorren etxe-katua.

Gaur egun, ez dira ahaztu katuaren inguruko sineskeria asko, baina, hala ere, mundu osora zabaldu da. Eta ez sagu-ehiztari trebea delako bakarrik, duen izaera maitekorrak ere lagundu dio. Etxe askotan, saguen beldur ez izan arren, katua oso maitea da. Jostalaria eta laztanzalea da, eta ez du lan handirik ematen, ederki baitaki bere burua gobernatzen.

Gure Pixkor ere halakoa da. Tarteka aldrebeskeriaren bat egiten du; basabere-senaren eraginez edo izango da. Baina gaurtik aurrera ez dauka aitzakiarik, hamar mila urte eta gero badu zintzo ibiltzen ikasteko garaia. Ea bada, mitxina, laga bakean sugandila gaixoa, eta sartu etxera.

7K-n argitaratua.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia