}

Karramarro biolinista arrak, emea aurkitzeko zelatan

2010/06/10 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Karramarro biolinista arrak (Uca mjoebergi) emea ikusten duenean bere hagin handia gogo biziz astindu ohi du hura erakartzeko: 20 aldiz ere errepika dezake mugimendua. Ikerketa berri batek, ordea, espeziearen jokabidearen inguruko datu berri bat eman du oraintsu. Hain zuzen, zientzialariek egiaztatu dute arrak beren lehiakideak ezkutuan entzuten edo zelatatzen ere aritzen direla, bikotekide izan litezkeen karramarro emeen egonlekuen berri izateko.

Ondorio horretara iristeko, karramarroen 50 bat “topaketa” edo estaltze aztertu dituzte ikertzaileek. Emaitzak Biology Lettersen plazaratu dituzte. Azaldu dutenez, nahiz eta emea zuzenean ikusi ez, karramarro ar batek beste ar bat hagina astintzen sumatu orduko, bere hagin propioa mugitzeari ekiten dio. Hala, denbora aurrezten du norgehiagokan.


Argazkia: Tanya Detto.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia