Kanboko Xalbador kolegioko gazteek zientzia-proiektuak erakutsi dituzte ikastetxean egindako azokan

2022/04/04 STEAM-Hezkuntza (Elhuyar Zientzia)

Apirilaren 2an, goizean zehar, 13-14 urteko gazteek ikasturtean egindako proiektu zientifikoak erakutsi dituzte Xalbador kolegioan antolatutako azokan. 84 gaztek osatutako 14 proiektu aurkeztu zituzten.
Kanboko Xalbador kolegioko zientzia-azoka

Kolegioaren sarrera nagusian antolatutako azokaren helburuak dira, batetik, Bigarren hezkuntzako ikasleek proiektu zientifikoak gurasoekin partekatzea, eta, bestetik, gazteen artean zientziarako zaletasuna suspertzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea.

Euskadi-Akitania-Nafarroako Euroeskualdea deialdiaren barruan kokatzen da azoka hau. Deialdi honen helburua da STEAMNET zientzia-azoken sarea garatzea. Euskadiko, Akitaniako eta Nafarroako hiru erakundek (hurrenez hurren, Elhuyar Zientzia Azoka, Kanboko Xalbador kolegioa eta STEMPlaneta) bat eginda garatzen ari diren proiektua da.

Apirilaren 2an Kanboko Xalbador kolegioan egindako zientzia-azoka honez gain, apirilaren 9, Teknozientzia azoka egingo da Iruñan, eta ekainaren 2tik 4ra Elhuyar Zientzia Azoka izango da, Bilbon.

Azoka honek, besteak beste, Euroeskualdearen eta Fundación Española para la Ciencia y la Tecnologíaren (FECYT) laguntza jaso du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia