}

Kaloria urriko dietak ez du rhesus makakoen bizialdia luzatu

2012/08/30 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kaloria gutxiko dietak, osasunari onura ekartzeaz gainera, zenbait animaliaren bizialdia luzatzen duela ikusi dute ikertzaileek, eta gizakiekin ere gauza bera gertatzen ote den jakin nahi izan dute aspaldi. Gaurko Nature aldizkarian, rhesus makakoekin egindako ikerketa luze baten berri eman dute, eta, emaitzen arabera, kaloria gutxiko dieta jaso duten makakoak ez dira dieta arrunta jaso dutenak baino luzeago bizi.
kaloria-urriko-dietak-ez-du-rhesus-makakoen-bizial
27 urteko bi makako ar. Ezkerrekoak kaloria gutxiko dieta jaso du; eskunekoak ez. Arg. National Institute on Aging/NIH (argazkia egiteko kaiolaratuak)

Hogeita zazpi urte iraun du Estatu Batuetako Zahartzearen Institutuan egindako ikerketak (rhesus makakoak 27 urte bizi dira batez beste). Bi multzotan banatu dituzte aztertutako banakoak: batzuei gaztetatik (1-14 urte) eman diete kaloria urriko dieta —% 30 kaloria gutxiago kontrol-taldekoei baino—; besteei, zaharragoak zirela hasi zitzaizkien dieta hori ematen (14 urtetik aurrera). Bi multzoetan, tratatutako animaliak ez dira kontrol-taldekoak baino luzeago bizi izan.

Bizitza-luzera aztertzeaz gainera, ikertzaileek osasunari eta zahartzeari loturiko hainbat parametroren jarraipena ere egin dute urte hauetan. Besteak beste, animalien glukosa-, kolesterol-, eta triglizerido-mailak neurtu dituzte, eta bizitzan noiz agertu diren diabetesa, minbiziak eta bihotzeko arazoak.

Kasu horretan, alde estatistikoki adierazgarriak aurkitu dituzte kaloria urriko dieta jaso duten eta jaso ez duten makakoen artean. Adibidez, tratatutako makako arren kolesterol-maila txikiagoa da tratatu gabekoena baino —ez, ordea, emeena—; eta triglizerido- eta glukosa-mailan ere aldeak aurkitu dituzte, nahiz eta hobekuntza dietarekin helduaroan hasitako makakoen kasuan bakarrik den nabarmena. Oro har, zahartzeari loturiko “sintomak” beranduago agertu dira kaloria urriko dietan jaso duten makakoetan, bihotzeko gaitzak izan ezik.

Emaitzen argitara, ikertzaileek uste dute bereiz hartu behar direla kaloria urriko dietak osasunean eta bizitza-luzeran dituen eraginak, bata ezin baita bestetik ondorioztatu.

Ondorio kontrajarriak

Zahartzearen Institutuaren ikerketaren emaitzak ez datoz bat kaloria gutxiko dietari lotuta beste zenbait bizidunetan ikusi den bizitza-luzeraren handitzearekin. Areago, ez datoz bat garai berean rhesus makakoekin abiatutako beste ikerketa baten behin-behineko ondorioekin. Estatu Batuetako Primateen Ikerketa Zentroan egin dute bigarren ikerketa hori, eta, haien datuen arabera, alde esanguratsua dago kaloria gutxiko dieta jaso duten eta jaso ez duten makakoen bizialdien artean.

Bi ikerketak ez dira berdin-berdinak, eta, ondorioz, erabat konparagarriak. Bigarrenean, makako gazteek bakarrik hartu dute parte, eta, dieta baliokidea izan arren bi ikerketetan, elikagai-iturriak desberdinak izan dira. Hain zuzen ere, emaitzen arteko aldeen gakoak dieta-desberdintasun horietan daudela uste dute Zahartzearen Institutuko ikertzaileek, eta, ondorioz, oso aintzat hartu behar direla aldagai horiek azterketa berriak diseinatu eta interpretatzean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia