}

Kalkulu okerrak

2016/01/25 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Bat baino gehiago zapuztuta geratu da jakin duenean gure gorputzean ez direla hainbeste bakterio bizi (ezta, Koldotxu, Eider?). Baina bai, hala da: zientzialariek ere noizbait egiten dituzte okerrak kalkuluetan, eta, antza denez, Thomas Luckey mikrobiologoa ez da salbuespena. Hari zor diogu zelulak baino 10 aldiz bakterio gehiago ditugun ustea.

Luckeyk 1972an egin zuen zenbatezpen hori, baina, Israelgo eta Kanadako ikertzaile batzuek orain egin duten kalkukuaren arabera, bakterioen kopuruak oso puztuta zeuden. Ikerketa berriak erakutsi duenez, proportzioa ez da 10:1, 1,3:1 baizik; hau da, zelulak baino bakterio pixka bat gehiago ditugu, ez askoz gehiago.

Walter Gilbert 1980ko Kimikako Nobel saridunak ere goitik jo zuen beste kalkulu batean. Gure genomaren gene-kopurua kalkulatu zuen, eta 100.000 gene zituela bota zuen. Urtetan, inork ez zuen besterik esan, baina Giza Genoma Proiektuan erdiak izan zitezkeela iradoki zuten, eta orain badakite 30.000 inguru direla.

Zenbakiek ez ezik unitateek ere eragiten dituzte nahasteak, eta hori gertatu zitzaion NASAri 1999an, Mars Climate Orbiter zundarekin. Bi laborategi aritu ziren lanean proiektuan; haietako batek neurri-unitate angoxajoiak erabili zituen, eta, besteak, nazioarteko neurri-sistema. Emaitza: zundak Marte jo zuen, eta suntsitu egin zen.

Edonola ere, Santiago Ramon y Cajalek esan omen zuenez, akats bat egitea baino larriagoa omen da hura zuritu nahi izatea.

Berria egunkarian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia