Jupiterren sorrera eta bilakaera aztertzea da Junoren helburu nagusia. Horretarako behar duen energia, bidaia osoan egin duen bezala, Eguzkitik hartuko du; horrek erabat berezi egiten du misioa, orain arte Jupiterrera egin diren misioetan zundek energia nuklearra erabili baitute. Junok, ordea, eguzki-plakak daramatza bere hiru besoetan. Hori bai, orbitan sartzeko, zundaren motorrek 447 kg erregai (hidrazina eta oxidatzailea) erre behar izan dituzte.
Orbitan sartzeko maniobra ez zen erraza, eta misioa jarraitzen zuten NASAren kideek txaloka hartu dituzte dena aurreikusitako moduan atera dela baieztatzen zuten datuak.
Orain, Juno prest dago Jupiterren osaera, atmosfera eta magnetosfera ikertzeko datozen hilabeteetan. Lan hori egiteko, babes berezia jarri behar izan diote zundari, oso baldintza gogorretan aritu beharko baitu. Izan ere, Jupiterrek erradiazio handia igortzen du, eta tresnak izorratzeko arriskua dago. Arrisku hori ahal den neurrian saihesteko, orbita polarra egingo du Junok; zehazki, 37 orbita osatzeko asmoa du.
Jupiterri buruzko informazioa lortzeko, bederatzi tresna daramatza Junok; tartean, mikrouhin-erradiometroak, eta infragorrizko espektrometro bat hodeiak aztertzeko; partikula energetikoen detektatzailea; eta magnetometro bat. Guztiekin jasotako datuek, Jupiterren sorrera ez ezik, Eguzki Sistemarena ere hobeto ezagutzeko aukera emango dutela espero dute misioaren arduradunek. Hurrengo hilabeteetan joango dira horren berri ematen.Galarraga Aiestaran, Ana
Elhuyar Zientzia