}

Juantxo Lopez de Uralde, Greenpeace-ko Espainiako zuzendaria

2001/06/21 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa


Juantxo Lopez de Uralde Grenpeace-ko Espainiako zuzendariak, ekainaren 19an, Donostiako Aquariumean hitzaldia eman zuen itsasoaren poluzioaren inguruan. Ekologian esperientzia handia duen donostiar horrek, poluzioak askotarikoak eta mundu mailan eragina dutenak direla ohartaraztearekin batera, irtenbidea lortzeko nazioarteko akordioak egin beharreko direla azpimarratu zuen.

Zein dira itsasoko ekosistemetan aurkitzen diren arazo nagusiak?

Itsasoko ekosistemek jasaten dituzten eraginak hainbat eratakoak dira. Batetik, itsasoa gehiegi, eta gero eta gehiago, ustiatzen dela esango nuke. 1995etik, harrapaketa-kopurua bost aldiz handitu da. Biztanle bakoitzak jaten duen animalia-proteinaren % 16a eta erabiltzen den petrolioaren % 26a itsasotik ateratzen da.

Bestalde, espezieak sartzeak, habitaten murrizketak eta era guztietako poluzioen eraginak daude.

Zein dira itsasoko poluzio nagusiak?

Itsasoak hondakin ugari eta era guztietakoak jasotzen ditu; hasi gehien ikusten diren zakarretatik eta poluitzaile organiko iraunkorretaraino. Bi talde desberdin daitezke substantzia naturalak eta substantzia artifizial edo kimikoak.

Substantzia naturalak gehienbat ur zikinetara jaurtitzen ditugu eta, kontzentrazio normaletan naturak hondakinok asimilatzeko gaitasuna badu ere, kontzentrazio handiegiek desoreka sortzen dute ekosistemetan.

Substantzia sintetikoak zakarrak (% 90 plastikozkoak), metal astunak eta poluitzaile organiko iraunkorrak dira, horien artean hidrokarburoak, DDTa bezalako pestizida ezagunak, lindanoa, errausketetan sortzen diren dioxinak, transformadoreen isolatzaile gisa erabiltzen diren PCBak, etab. Naturak ez dauka hondakin sintetikoak degradatzeko mekanismorik.

Bigarren taldeko hondakinak kaltegarriagoak dira?

Hondakin organikoak gehienbat hirietako ur zikinetara jaurtitzen ditugu eta, esan bezala, desorekak sortzen dituzte ekosistemetan. Izan ere, hondakinok nitrogeno- eta fosforo-maila handia izaten dute eta eutrofizazioa bezalako erreakzioak sortzen dituzte; ondorioz, maiz oxigeno-eskasiagatik fauna eta floraren heriotza masiboa eragiten dute.
Substantzia artifizialek ere heriotza eragiten dute, baina beste era batera. Adibidez, plastikozko zakar handiak irentsita, animaliak (dortokak, hegaztiak...) ito egin daitezke. Bizkaiko Golkoan, adibidez, 0-200 metroko sakoneran 50 milioi objektu daude! eta Ipar Itsasoan 70.000 m 3 zakar jaurtitzen da itsasontzietatik! Hondakin horien kopurua ez da, beraz, hutsaren hurrena.

Metal astunak, berriz, gantz-ehunetan metatzen dira eta kate trofikoan aurrera egin ahala kontzentrazioak igo egiten dira. Metalek animalien organo sexualetan anomaliak probokatu edo tumore eta minbiziak eragiten dituzte.

Gainera, distilazioa deritzon mekanismoari esker, hondakin iraunkorrak mugitu egiten dira. Lehenik, atmosferara igo, han alde batetik bestera mugitu eta, ondoren, hauspeatu egiten dira. Horregatik, ez da harritzekoa, adibidez, Artikoko hartzetan metal astunak aurkitzea.

Hondakin naturalak hirietako ur zikinetan jaurtitzen ditugula esan duzu. Zein dira hondakin kimikoen jatorriak?

Hondakin kimikoen jatorri nagusia industria da. Eremu industrialak ibai eta portu inguruetan daude, eta hondakin-kontzentrazio altuak jaurtitzen dituzte. Ongi gogoratzen dugunez, industriek Doñanakoa bezalako adibide lazgarriak utzi dituzte.

Era berean, portuetako lurzorua dragatzean ere ikaragarrizko kalteak egiten dira. Izan ere, dragatzen den lurra mila batzuk urrunago jaurtitzen da, eta, horrela, esekitako substantzien kopuruak gora egitearekin batera poluitzaile ugariko lurrak direnez, beste ekosistema bat poluitzen da.

Azkenik, ezin alde batera utziko ditugu alde batetik bestera dabiltzan 27.000 itsasontziak.

Zehaztuko zenuke itsasontziek zein poluzio-mota eragiten duten?

Itsasontziek ohikoak eta istripuzkoak diren poluzioak eragiten dituzte.
Ohiko poluzioak, zakarrak, itsasontzia garbitzean jaurtitzen diren produktuak eta TBTz eginiko pinturak dira. Pintura horiek galarazi egiten dute itsasontziaren kanpoaldean mikroorganismoak eta algak ugaltzea, eta, beraz, inguruetan ere ez da planktonik ugaltzen.

Ohikoez gain, negu honetan ikusi ditugun adibide triste horiek bezala istripu-poluzioak ere gertatzen dira. Gehienetan petrolioa izaten da isurtzen dena. Baina Ievoli Sun-en kasuan estirenoa jaurti zen bezala, beste produktu kimiko batzuk ere jaurti izan dira. Istripu horien bidez jaurtitzen den petrolioa itsasoratzen denaren % 12 da.

Zein dira istripu ikusgarri horiek sortzen dituzten kalteak?

Itsasontzietako istripu horiek bi ondorio dituzte; mementokoa eta epe luzekoa. Lehenik, gehienetan istripua egoera meteorologiko txarretan gertatzen denez, orbanaren hedadura erraz zabaltzen da. Zuzenean kaltetuak izaten diren espezieak hegaztiak izaten dira.

Denborarekin molekulak hautsi eta karbono-kate txikiagoak sortzen dira. 10-15 urte behar dira naturak horrelako isurketei buelta eman ahal izateko.

Horrelakoetan zer egin daiteke kalteak gutxitzeko?

Normalean, produktu kimikoez baliatuz saiatzen dira orbanaren hedadura gelditzen, baina okerrago izaten da. Izan ere, produktu kimiko horiekin pisuarekin itsas azpira joaten diren petrolio-bolak sortzea lortzen da. Horrela, petrolioa begi-bistatik kentzen da, baina ez da desagertzen! Arazoa okertu baino ez dute egiten.

Irtenbide bakarra itsasontzien segurtasun-neurriak indartzea da. Orain, petrolio-konpainiak eta aseguru-etxeak, komunikabideen interesa gutxitu arte, arduraren pilota bata besteari pasatzen ibiltzen dira. Ondoren, arrantzaleei kalte-ordainak ordaintzen zaizkie, eta kito! Ekosistemek kaltetuta jarraitzen dute.

Gero eta istripu gehiago, poluitzaile organiko iraunkorrak bazter guztietan... Beste gauza asko bezala, itsasoaren poluzioaren arazoa ere globalizatzen ari dela esan daiteke?

Bai, dudarik gabe. Poluitzaileak alde batetik bestera mugitzen dira, eta itxuraz poluitu gabeak diruditen lekuak ere poluituak daude. Gero eta zailagoa da poluitu gabeko lekuak aurkitzea. Mundu mailako arazoa da.

Irtenbideak ere mundu mailakoa izan beharko du orduan?

Bai, irtenbidea nazioarteko akordioekin lortuko da, eta hori 30 urteko esperientziak erakutsi digu. Adibidez, berundun gasolina debekatu den neurrian, lortu da atmosferako berun-kontzentrazioa jaistea. Horrelako adibideak aintzat hartuz, diluzio-kontzeptua alde batera utzi eta hondakin gabeko ekoizpenak bultzatzeko garaia da.

Adibide praktikoak jartzearren, portuak hondakinak jasotzeko ekipatu eta hirietako ur zikin guztiak arazteko legediak lehenbailehen aplikatu behar dira.

Esperientziadun gizona

Juantxo Lopez de Uralde Greenpeaceko Espainiako zuzendaria da maiatza ezkeroztik. 37 urte dituen donostiarra 1980. urtearen aldera hasi zen ekologiaren inguruko lanetan. Lehenik unibertsitateko talde txiki batean aritu zen eta handik txorien defentsan ziharduten eskualdeko talde txikien bilgunea zen CODAra pasa zen (Coordinadora de las Organizaciones de la Defensa de las Aves). Denborarekin, CODA txorien defentsarako talde izatetik ingurugirorako defentsarako talde izatera pasa zen. Gaur egun Ecologistas en acción izenekora iristeko pauso bat izan zen.

1987an Greenpeacen sartu zen errausketaren aurkako kanpaina zuzentzeko. Kantauriko industria-hondakinak errausteko proiektua zegoen, eta horren aurkako kanpaina zuzendu zuen, harik eta gobernuak emaniko baimena atzera botatzea lortu zen arte. Gerora, kanpainak Ipar Itsasoan jarraitu zuen, eta toxikoen eta energien inguruko kanpainetan murgildu zen.

1999an Greenpeace International-era joan zen, toxikoen aurkako nazioarteko kanpainaren koordinatzaile izateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia