Jose Luis Munoa oftalmologoarekin solasean

1987/06/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria

Begiak berdeak, urdinak, ilunak, ..., izan daitezke, baina, beren funtzioa ikustea da. Guk Jose Luis Munoa oftalmologoarengana jo genuen etorkizuna argiago ikustearren. Bere bulegoan argi gutxi zegoen, baina, bere ahotik jariatzen ziren hitzek zeramaten behar zen argia.

Begiak berdeak, urdinak, ilunak, ..., izan daitezke, baina, beren funtzioa ikustea da. Gaurko gizartean, istripuak eta gaixotasunak direla medio, ikusmen-maila ona mantentzea ez da batere erraza. Hortaz, askotan jo behar izaten dugu oftalmologoengana. Guk ere jo genuen batengana oftalmologiaren etorkizuna argiago ikustearren; Jose Luis Munoarengana, hain zuzen ere. Bere bulegoan oso argi gutxi zegoen, baina, segituan ulertu genuen honen zergatia, zeren eta bere ahotik jariatzen ziren hitzek bait zeramaten behar zen argia.

Elh.: Zer esan dezakezu munduan nahiz Euskal Herrian oftalmologiak jasan duen eboluzioari buruz?

Munoa: Oftalmologiaren eboluzioa eta teknologiak azken 20 urteotan izan duen eboluzioa bat datoz. Begia berehalako esplorazioa egiteko gorputzeko organo bakarra denez, aurrerapen teknologiken aplikazio guztiak etengabe kontrola daitezke. Hortaz, medikuntzan egin diren ikerketa asko eta askok oftalmologia hartu dute oinarritzat. Arlo honetan metatutako esperientziak posible egin du medikuntzaren beste zenbait arlotan teknika berriak aplikatu ahal izatea. Horixe gertatu da, adibidez, laserrarekin; traumatologian eta dermatologian laserra erabiltzen orain hasi badira ere, oftalmologian 20 urte daramatzagu lan horretan.

Bestalde, teknologiaren eboluzioa hain bizkorra da, non oftalmologiaren eboluzioa oso zail eta konplexu bihurtu den. Espainian oftalmologiak maila altua izan du betidanik. Besteak beste, Cajal-ek sortutako eskola aipagarria da. Honek eman bait zien lehen kutsu zientifikoa bertan egindako ikasketei. Baina, oftalmologiaren gunea lekuz aldatu egin da denboran zehar; hau da, teknologiaren aurrerakada izan duten nazioek oftalmologiaren mailarik gorenena eskuratu dute. Beraz, orain arte indar handiegirik ez zeukan oftalmologia frantziarra, adibidez, goimailako oftalmologia bilakatu da.

Espainian teknologiak beste naziotako bultzada izan ez duenez, oftalmologiak beste nazio aurreratuen eskutik joan behar izan du. Euskadin, gainera, inbertsio sanitarioak alor honetan ez dira behar adinakoak izan, eta maila ona mantendu bada, esfortzu pertsonalengatik izan da. Asociación Oftalmológica del Norte izeneko erakundean biltzen gara inguru honetako zenbait oftalmologo eta urtero egiten ditugun bi batzarretan gai honekiko ikuspuntuak elkarri adierazten dizkiogu. Eusko Jaurlaritzak begi-globoen transplantetarako koordinatzaile bat jarri duela aipatu beharra dago.

Arlo honetan joan den urteko ekainaren 5 eta 6an kirurgiaren lehen kurtsoa antolatu genuela aipatu behar dut eta bertan pelikula bat produzitu genuela ere bai. Pelikula hau ospitale eta unibertsitate desberdinetan erabili izan da eta guk ere oftalmologiaren mundura zerbait aportatzen dugula esan daiteke.

Elh.: Teknologia berrien arloan, ultrasoinua modan dago. Zer esan dezakezu gai honetaz?

Munoa: Guk daukagun ultrasoinuzko makinaren bitartez, begi-globoko diagnostiko klinikoak berehalakoak dira. Sistema honek ez dauzka erradiazioak dituen problemak. Ez dago bigarren mailako ondoriorik adibidez eta gainera oso erabilterraza da. Begi-globoaren ezaugarri fisikoak ematen dizkigun beste aparatu bat ere badago. Aparatu hau sistema informatiko baten barnean kokatuta dago normalean, eta honela, ez diagnostikoak bakarrik; kasu bakoitzean zein lente jarri behar den ere berehala jakin dezakegu.

Elh: Eta zein da fidagarritasun-maila?

Munoa: Fidagarritasuna %90-95koa da; errorea dioptria bat baino txikiagoa da. Begi-lausoen kasuan, adibidez, diagnostikoa egina dator aparatu hauen bitartez eta problemarik latzena operatzeko unean azaltzen da; problema teknologikoa hain zuzen ere. Teknika kirurgikoak hain dira konplikatuak, non egin behar izan dugun birziklapena izugarria izan den. Hala ere, teknika berri guztiak konpetentzi maila berarekin asimilatzea ezinezkoa da. Beraz, espezializazioak gero eta garrantzi handiagoa dauka.

Elh.: Sozialki non somatu da hobakuntza?

Munoa: Alde batetik ebaketa ondoko denboraldiak txikiagotu egin dira eta aldi berean erosoagoak ere badira. Ez da zaintza berezirik behar eta gaixoa egun gutxi barru bere lanera itzul daiteke. Bestalde, filosofia kentzaile edo anputatzailea desagertzen ari da eta filosofia funtzional bati bidea zabaltzen ari zaio, hau da, pertsonari ez zaio gaitza sendatu bakarrik egin behar; baldintzarik onenetan utzi ere egin behar da.

Elh.: Aldeko nahiz kontrako eritziak sortzen dituen keratotomia erradialari eta miopia konpontzeko ebaketari buruz zer esan dezakezu?

Munoa: Keratotomia erradiala polemikoa bada, epe luzerako arrisku potentzial bat egon daitekeelako da. Arriskua espekulazio hutsa besterik ez da. Honekin zera esan nahi dugu: keratotomia oso teknika berria denez, ez da nahikoa denbora pasa bere abantailak baieztatzeko, hau da, perspektiba historikoa oso motza da edozein eritzi emateko. Eta hau ez da Euskal Herrian bakarrik gertatzen; mundu guztian baizik.

Beraz, alde batetik jendeak itxaropena badu era honetako tekniken aurrean, baina bestetik teknika berri guztiek sortzen dute horrelako kezka. Gainera, miopia zuzentzeko teknika hau ez da helburu estetikoekin bakarrik aplikatzen; helburu fisikoekin ere bai; hots, askotan zenbait lanetan aritzeko ikusmen-mailaren exigentzia handia izaten denez, teknika kirurgikoak nahitanahiezkoak dira.

Elh.: Mila esker.