}

Javako errinozeroak jaio dira Indonesian

2001/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Azken bi urteotan Javako lau errinozero jaio dira Javako islan bertan (Indonesia). Javako errinozeroa (R. sondaicus) desagertzear dagoen espeziea da, Lurrean dagoen ugaztun urrienetakoa baita. Ujung Kulon-eko oihan babestuan Javako 50 errinozero inguru daude eta Vietnam-en animalia berezi honen beste 5-8 ale daude. Gatibutzan ez dago mota honetako errinozero bakarra ere eta urte askotan ez da Javako errinozerorik jaio.

World Wide Fund for Nature (WWF) elkarteak pozarren hartu du lau errinozero jaio berrien albistea. Ikertzaileek hilabeteak zeramatzaten Ujung Kulon-eko parke nazionalean errinozero hauen arrastoari segika. Ez da erraz ikusten den animalietakoa. Oihanaren sakonean ezkutatzen da eta ezkutuko argazki-kamerak erabiliz lortu dituzte errinozero jaio berrien argazkiak.

Javako errinozero-kumeak jaiotzen hasteak espezie horrek aurrera egiteko esperantza piztu du. WWF-ko ikertzaileek uste dute Ujung Kulon-eko parke nazionalean badagoela tokia 80 errinozero inguru bizi ahal izateko nekazari eta ehiztariengandik babestuta; Javako errinozero-populazioak hazten jarrai dezakeela uste dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia