}

Jaurtigailuen arazoak bukatutzat jo daitezke

1990/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

NASAko funtzionariek orain dela hilabete inguru adierazi zutenez, Columbia eta Atlantis jaurtigailuetako depositoetan aurkitutako erregai-ihesak jatorri desberdinekoak izanik konpontzea erraza izan daiteke eta denbora gutxi barru berriro hegan egiteko prest egon daitezke.

Atlantiseko ihesa ekainaren bukaeran militarren ezkutuko karga bat jaurtikitzeko prestatzean detektatu zen. Lehenago Columbian ikusitako arazoetan oinarrituz, NASAko teknikariek jaurti aurreko froga burutu eta ihesa aurkitu zuten. Ihesa lokalizatu nahian NASAko langileek uztailaren erdi aldera susmagarritzat jotzen zituzten lotunetan plastikozko zorroak jarri eta zorro horiei hidrogeno-arrastoak ikusteko eragin egiten zieten. Horrela ikusi ahal izan zutenez, tefloiz estalitako lotura hermetiko batetik ia hidrogeno guztiak ihes egiten zuela konturatu ziren.

NASAko adituen ustez, ihesa desagerterazteko bi gauza egin daitezke: torlojoak gehiago estutuz lotura ere estutu eta zer gertatzen den ikusi edo jaurtigailua hangarera eraman eta lotura berria instalatu. Erregai-depositoa jaurtigailutik kentzeko hodia deskonektatzeko puntuan zegoela uste zuten hasieran, baina ez zela horrela gertatu ikusi zuten.

Columbiako ihesa jadanik konponduta dago. NASAko langileek erregaiaren konexio-sistema kendu eta Endeavor-ena (oraindik eraikitzen diharduten laugarren jaurtigailuarena) jarri zioten. Ihesaren jatorria zein den aurkitzen badute eta konpontzeko modukoa dela ikusi, posible da Columbiaren erregai-sistema konpondu eta Endeavor-en instalatzea.

Oraindik ez dago noiz jaurtikiko direnari buruz datu zehatzik, baina Atlantisi emango zaio lehentasuna.

Discovery urrian jaurtitzea espero da; Jupiterretik "grabitate-laguntza" jaso dezakeen denbora laburrean. Horrela Eguzkiaren poloen inguruko orbitarantz joango da abiadura bizkortuz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia