}

Jarvik 2000: bihotz artifizial erosoa

2000/09/19 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Jarvik 2000 bihotz artifizialak emaitza onak eman ditu,eta eraginkor eta erosoa dela frogatu du

Duela bi hilabete inguru bizitza aldatu zitzaion miokardia dialektikoa sufritzen zuen Peter Houghton 61 urteko gizonari. Oxfordeko John Radcliffe Hospitaleko Westaby kardiologoak eta bere taldeak operatu zuten, baina ez zen operazio sinple bat izan. Transplante arrunt bat egin beharrean, Jarvik 2000 deitu duten bihotz artifiziala ezarri baitzioten ezker bentrikuluan. Bentrikuluek organismo osora odol oxigenatua zabaltzen dute eta gizon horren ezker bentrikuluaren fluxua normalaren %10a baino gutxiagokoa zen. Operazioa jasan eta sei astera etxeratu da.

Organo eskasia dela eta, ezinegona

Urteetako lanari esker, gaur egun bihotz-transplanteak ongi kodifikatuak daude, baina emaile kopuru eskasagatik, oraindik ere, transplanteak ez dira bihotzeko gaixotasun guztien irtenbide izaten. Kardiologoen egonezina sortu du arazo horrek, jadanik, oztopoa ez baita jakintza zientifikoa, organo-emaileen falta baizik. Orain arte, organo egoki bat eskuratu arte, odol-zirkulazioaren laguntzaile bat instalatzen zen, baina ondoren beharrezkoa zen behin betiko transplante bat egitea. Organo eskasiaren arazoa saihesteko, bihotzaren funtzionamendua hobetuko duten laguntzaile artifizialak punttuan jartzea da kardiologoen helburua. Izan ere, hortik etor daiteke gaixo denak behar bezala eta behar den momentuan sendatu ahal izatea.

Jarvik 200

0ren funtzionamendua

Jarvik 2000 bihotz artifiziala bateria batzuei esker funtzionatzen duen turbina ttiki batez osatua dago. 90 gramoko titaniozko turbina ezkerreko bentrikuluan instalatzen da, eta txerto baskular batek odola aortara bideratzen du. Gerrian kokatuak dauden bateriek minutuko 8000-12000 bira ematen dituen eremu magnetikoa sortzen dute. Bateria eta turbinaren arteko lotura garezurrean, zehazkiago, apofisi mastoidoaren gibelean, kokatua dagoen titaniozko oinarriak egiten du. Infekzio arriskua gutxitzearren ezarri da lotura belarri atzean. Odol fluxua minutuko hiru eta zortzi litro artekoa da eta gaixoak turbinaren abiadura erregula dezake.

Orain arteko emaitzak kontuan hartuta, bihotz artifizial honen sortzaileak itxaropentsu agertu dira. Pazientearen odol-zirkulazioa era egokian laguntzen du eta, gainera, erabilera erosoa du. Turbinaren abiadura beharren arabera egokitu daiteke eta bateriak, gerrian kokatuak daudenez, aldatzeak ez du aparteko arazorik. Ebakuntza egin eta sei astera, pazientearen ariketa fisikoak egiteko erresistentzia hobetu egin da, bai eta eskuin eta ezker bentrikuluen funtzionamendua ere. Ez da hemolisi (hemoglobina askatzearen ondorioz hematien deuseztea) nabarmenik egon, ezta aparatuari loturiko arazo berezirik ere. Turbina ttiki horrek isilik egiten du lan eta bihotzaren azala hunkitu gabe, hartara, odolbildurik ez da sortzen. Gainera, bihotz artifizial hau, tamainaz nahiko txikia denez, emazteei edo haurrei ere ezar dakieke. Hala eta guztiz ere, kardiologia alorrean dena ez da itxaropentsua. Sendabideetan aurrerapauso handiak eman badira ere, Europako Batasuneko hamabost herrialdek egindako Euroaspire II txostenak ohartarazten du oraindik ere lan asko dagoela egiteko prebentzio mailan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia