}

Jaitsi argazkiak istant batean!

2002/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Hilabete gutxi barru merkatuan egongo da JPEG2000, Internetetik irudiak orain baino ehunka bider azkarrago jaisteko aukera eskaintzen duen estandarra. Berrikuntza Arizonako Unibertsitateko Michael Marcellin eta Australiako New South Wales Unibertsitateko David Taubman ikertzaileen eskutik iritsi da, eta 1990eko hamarkadaren hasieran agertu zenetik, JPEG formatuari egin zaion lehen berrikuntza garrantzitsua izan da.

JPEG formatuak irudiak konprimatzen ditu eta, horrexegatik, irudiak posta elektronikoz bidaltzeko edo Internetetik jaisteko gehien erabiltzen den formatua da. Ordainean, ordea, irudiak kalitate apur bat galtzen du. Ikertzaileen esanean, JPEG2000 estandarrari esker irudiak orain baino % 50-100 gehiago konprimatu ahal izango dira, pixelatzerik eragin gabe eta kalitaterik galdu gabe.

JPEG2000ri esker, 56 KB/s-ko modem batekin JPEG sistemak 10 ordutan jaitsiko lukeen irudia segundo batzuetan jaitsi ahalko da. Izan ere, JPEG2000 estandarrak ez du informazio guzti-guztia jaisten, unean behar duguna baizik. Konpresio estandar berriaren luzapena jp2 da eta erabili ahal izateko, nabigatzaileek plug-in berria behar dute, dagoeneko Interneten dohainik eskura daitekeena. Esku-liburua ere eskuragarri dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia