}

Jaioberriek sistema immune indartsua dute

2003/03/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Haurrak gantz-geruza batez estalita jaiotzen dira, eta oso arrunta da, jaio eta gero, pikor gorriak ateratzea azalean. Orain arte ez zekiten zehazki zergatik ateratzen ziren pikor horiek, baina badirudi sistema immunearen erantzun bortitz baten adierazle direla.

Suediako Karolinska Ospitalean egindako ikerketa baten arabera, sistema immunea haurra jaio aurretik garatzen da, eta, erditzean, uterotik kanpoko patogenoei aurre egiteko mekanismoak martxan jartzen dira. Bakterioak azalaren zelulekin kontaktuan jarri orduko, jaioberriak globulu zuri ugari ekoizten ditu. Babes-sistema horren adierazle dira pikor gorriak.

Sendagileek aspalditik zekiten pikor gorriak ez zirela kaltegarriak. Egin kontu: duela 2.000 urte, jaioberrien pikorrak onberak zirela eta desagertu egiten zirela idatzi zuten Mesopotamiako sendagileek. Orain, kaltegarriak ez izateaz gain, mesedegarriak direla ikusi dute.

Halaber, antibiotikoen moduko substantziak aurkitu dituzte jaioberria estaltzen duen gantzean, eta baita jaioberriaren azalean ere. Horri esker, infekzioetatik babestuta daude. Argi dago, beraz, jaioberriek sistema immune eraginkorra dutela. Gainera, azalean eta mukosetan berez dauden mikroorganismoen eta haurraren arteko oreka gordetzen ere laguntzen du sistema immuneak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia