Izarren leherketen mota berri bat hauteman dute: mikronobak
2022/04/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lehendik ezagunak dira noba eta supernoba fenomenoak. Bietan, izar baten argitasunaren bat-bateko handitzea gertatzen da; izarra masa oso handikoa denean, ikusgarriagoa da, eta supernoba deitzen zaio. Orain, mikronobak ere badirela baieztatu dute: izan nano zurien azalean gertatzen diren leherketak, ordu batzuetako iraupenekoak.
TESS satelitearen datuetatik abiatuta, eta VLT teleskopioaren behaketen laguntzarekin, astronomoek baieztatu dute izar nano zuri batzuetan, sistema bitar batean daudenean, leherketa txikiak gertatzen direla poloetan.
Leherketa horien sorrera ere argitu dute: nobetan gertatzen den bezala, sistema bitarretan, izar batek besteari hidrogenoa har diezaioke. Hidrogenoa, nano zurira heltzean, berotu eta fusionatu egiten da, eta helioa sortzen da, modu leherkorrean. Horren ondorioz, noba batean, izarraren azalera osoa argitzen da, asteetan. Mikronobetan, leherketak txikiagoak dira —hala ere, 20.000.000 bilioi kg erretzera irits daitezke—. Nano zuri horiek eremu magnetiko indartsua dute, eta hidrogenoa poloetara bideratzen da. Han gertatzen da fusioa, eta leherketak ordu batzuk irauten ditu.
Iraupen laburrekoak direnez, ez dira errazak hautematen, baina astronomoek uste dute nahiko ohikoak direla. Hortaz, horrelakoak bilatzeko asmoa dute, haien ezaugarriak hobeto ezagutzeko helburuz. Nature aldizkarian argitaratu dute ikerketa.