}

Itsas hondoko meatzaritza baimentzeko lehen pausoa eman dute Norvegian

2024/01/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

itsas-hondoko-meatzaritza-baimentzeko-lehen-pausoa
Norvegiako itsasoan ur sakonetako meatzaritza baimentzeko lehen pausoa eman dute. Arg. georgemoga/CC-BY-NC

Zientzialarien eta ingurumen-erakundeen aholkuen aurka, Norvegiako legebiltzarrak itsas ondoa arakatzea baimendu du, meatzaritzarako aukerak ote dituen aztertzeko. Gobernuaren esanean, jarduera hori beharrezkoa da auto elektrikoen baterietarako eta beste gailu elektroniko batzuetarako funtsezkoak diren mineralak lortzeko, hala nola kobaltoa eta manganesoa. Alabaina, zientzialariek ohartarazi dute ekologikoki kalte itzulezinak eragingo lituzkeela.

Norvegiako egitasmoa paradoxikoa ere badela nabarmendu dute batzuek. Hain zuzen, gailu elektroniko horiek elementu garrantzitsua dira, karbono-isuriak gutxitzeko neurrien barruan. Europako Akademietako Kontseilu Aholku-emailearen ustez, baina, baieztapen hori iruzurtia da, eta, gainera, lehorreko baliabideak nahikoak dira, metalen beharrak asetzeko.

Bestalde, oraindik ez da ondo ikertu zer ondorio dituen ur sakonetako meatzaritzak itsas ekosistemetan. Egin diren lanek, dena den, garbi erakusten dute kalteak oso larriak izan daitezkeela. 

Oraingoz, 281.000 km2 arakatzeko baimena eman du gobernuak, eta beste bozketa bat beharko da erauzteko baimena lortzeko. Nolanahi ere, zientzialariek garbi dute ezinezkoa dela jarduera hori aurrera eramatea, ingurumenean kalterik eragin gabe. Horrez gain, aurrekari arriskutsutzat jo dute, beste herrialde batzuek ere antzeko asmoak baitituzte.