Itoitz-Nafarroako Kanala ureztatze-sistemak zaurgarriago egin du Nafarroako nekazaritza

2019/02/14 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nafarroako Kanala, Pitillasen. Arg. Iker Adalid Cía / CC-BY-SA

Itoitz-Nafarroako Kanalak nekazaritzan izan dituen ondorioak aztertu dituzte BC3-ko ikertzaileek, eta ondorioztatu dute ureztatze-sistema horrek zaurgarriagoa egin dituela, batez ere, nekazari txikiak, baina, baita handiak ere. Regional Environmental Change aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Nafarroako Erdialdeko eta Goi Erriberako 22 herritan bildutako datuak aztertuta, ikusi dute nekazariek bi mehatxu nagusi dituztela: aldakortasun klimatikoa (klima-aldaketaren eraginez, gero eta handiagoa) eta barazkien prezioen hegakortasuna. Amaia Albizua Aguinaco ikertzaileak iradokitzen duenez, “Nafarroako nekazarien zaurgarritasuna lotuta dago eskala handiko nekazaritza intentsiboa faboratzen duten ureztatze-politikekin”. Albizuak bere doktore-tesiaren baitan egin du lan hau, Unai Pascual García de Azilurekin eta Esteve Corbera Elizalderekin batera.

“Nafarroako eta Espainiako gobernuek Itoitz-Nafarroako Kanala ureztatze-proiektua egin zuten nekazaritzaren garapena sustatzeko, landa-inguruneko bizimoduak hobetzeko eta klima-aldaketari aurre egiteko --azaltzen du Albizuak--; baina gure ikerketak erakutsi du proiektu horrek zaurgarriago egin dituela nekazariak”. Berez zaurgarriak ziren nekazari txikiak zaurgarriago egin ditu ureztatze-proiektuak, lurren eta uraren eskuragarritasunean desberdintasunak areagotu dituelako. Ureztatze-proiektuan parte hartu duten eta haren erabiltzaileak diren eskala handiko ustiapen intentsiboek, berriz, erraztasun handiagoa dute aipatutako mehatxuetara egokitzeko, baina, aitzitik, erakundeekiko mendekotasun handiagoa dute, eta etorkizunean etor litezkeen aldaketekiko (klimatikoak edo instituzionalak, adibidez) sentikorragoak dira orain.

“Joera horri aurre egiteko, uste dugu nekazaritza-politika publikoek ez lituzketela eskala handiko ureztapen-sistemak babestu eta diruz lagundu beharko, eta eskala txikiagoko eta dibertsitate handiagoko nekazaritza sustatu beharko luketela” dio Albizuak. “Beste ikerketa batzuek ere erakusten duten moduan, eskala handiko ureztaketak ez dira egokiak nekazaritzarako, epe luzera ureztaketak ingurumenean dituen eraginak ikusezin egiten dituztelako, eta beste egokitzapen-aukera edo alternatiba batzuen garapena murrizten dutelako”.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia