Elhuyar zientziaren komunikazioa

Islandia: iparraldeko labea

2000/04/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Izenak dena adierazten du.
Dena den, zirkulu polar artikoaren ondo-ondoan dagoela pentsatu behar da. Islandiako erdia 65ºko latitudetik gora dago. Oso tenperatura baxuak izaten dira. Hala ere, sumendi-lurra denez, bero-iturri izugarria dute.

Islandian 268.000 lagun bizi dira gutxi gorabehera eta urtero 98.000 bilioi jouleko energi horniketa dute. Beraz, lagun bakoitzeko 366.000 milioi joulekoa da. Zenbakiari esanahia ematearren, munduko altuenetakoa dela pentsa dezakegu. Energia hori guztia hainbat iturritatik dator, baina gehiena Islandiak duen altxor handienetik jasoa da: energia geotermikoa. Jasotzen denaren % 48,8a geotermikoa da. Gainera, hurrengo iturri garrantzitsuena, % 17,2a, beste energia berriztagarri batetik dator: energia hidroelektrikotik. Gainontzekoa petroliotik eta ikatzetik ateratzen da, baina ekarpen hori eskasa dela esan daiteke.

Berogailuak

Berogailuetan energia geotermikoaren erabilera zabalduena da. Islandiako etxeen % 85 daude sistema horretaz berotuta. Ez da elektrizitate asko sortzen energi mota horretatik, behar duten gehiena energia hidroelektrikotik merke lor daitekeelako. 1970. urtean kaleko berogailu geotermikoa populazioaren erdiak zuen hankapetan. Hamarkada horretako krisialdiaren ondoren bertako energia berriztagarriek interesa handia sortu zuten eta petrolioa askoz gutxiago erosten hasi ziren.

Dagoeneko Islandian energia geotermikoa erabiltzen eskarmentu handia dute. Herri txikietan eta isolatutako landetxeetan ere ur beroko zerbitzua eskaintzen da. 4.000 laguni ur beroa banatzeko 900 kilometroko hodi-sistema dute. Hodi gehienak plastikozkoak dira eta Islandian bertan egiten dituzte. Plastikoaren mugarik handiena garraiatzen duen uraren presioan eta tenperaturan datza. 85 ºC-tik gorako tenperaturak, adibidez, instalazioa honda dezake. Ez dute, ordea, korrosio-arazorik izaten.

Ur geotermikoa Islandian bi modutara eros daiteke, alegia, harpidetzaren bidez eta kontsumoaren arabera. Azkenekoa da ohikoa. Harpidetzaren bidezkoa hilabete ilun eta hotzetan gastatzea espero den ur-fluxuan oinarrituta dago, hau da, harpidedun izateagatik ordaintzen denaz gain, erabiliko duten ur-kopuru maximoa aldez aurretik ordaindu behar dute.

Hala eta guztiz ere, gehiegi ustiatzearen ondorioz, hainbat iturri geotermikoren ur-maila jaisten edo hozten ari da. Hozten ari direnetako uraren konposizio kimikoa ere aldatzen ari da. Beraz, Energia Agintaritza Nazionalak gai horren inguruko ikerketa sustatzen ari da. Galdera da, alde batetik geotermikoa «energia ez-berriztagarri» zein ustiapen-mailatatik aurrera bilakatzen den.

Igerilekuak

Ur geotermikoaren bigarren erabilera bainuarekin lotuta dago. Izan ere, duela 1.100 urtetik hona aprobetxatu da bainatzeko, garbitzeko eta sukaldeko lanetarako. 120 igerileku publiko daude ur geotermikoaz berotuta. Gehienak etxeetatik kanpo daude eta ia urte osoan dira baliagarri. Handienak 1.500 m2 ditu eta Reykjavik-en dago. Igerileku horien argazkiak denboraren poderioz Islandiako bereizgarri bihurtu dira.

Elurra urtzea

Azken 15 urteetan energia geotermikoa gero eta gehiago elurra urtzeko lanetan ikusi da; espaloietan eta aparkalekuetan, gehienbat. Ur beroa plastikozko hodietan garraiatzen hasi zenean, metodo hori asko zabaldu zen, etxebizitzetan jadanik aprobetxatutako ur beroaz baliatzen baita. Ur hori etxeetatik 35 ºC-tan ateratzen da, gutxi gorabehera. Gaur egun 350.000 m2-ko azalerako elurra urtzen da. Horretarako kaleko elurrarentzako sistemak instalatu dira. Urtean kontsumitzen den energia eguraldiaren baldintzen araberakoa da.

Industrialdeak

Energia geotermikoa industrian ere erabiltzen da. My lakuan dagoen Kisilidjan fabrikak munduan lurrun geotermikoaz lan egiten duenen arteko handienetakoa da. 1967. urtean jarri zen martxan diatomitak ateratzeko eta esportatzeko. Material horretaz iragazkiak eta betegarriak egiten dira. Reykjarnes penintsulan gatza erauzteko instalazioa egon zen. Etxeetan eta arrantza-industrian erabiltzeko gatza erauzten zuen, baina porrot egin zuen eta 1994an itxi egin behar izan zuten. Azken urte hauetan bainuko gatzak egiteko berriz ireki dute.

Berotegiak

Energia geotermikoa berotegiak berotzeko ere erabili da 1920. urtetik aurrera. Zoru beroak daudenez, lehen patatak eta landatzen ziren. Azken urteotan argi artifiziala sartuta, lantzeko epea bederatzi hilabeteraino luzatu egin dute. Lurpeko edo paretetako hodiak dituzten baratzeek tomateak, pepinoak eta piperrak ematen dituzte. Lore asko ere hazten dira.

Arrain-hazkuntza

1980ko hamarkadan Islandian arrain-hazkuntzak ikaragarrizko bultzada izan zuen eta lehorreko 120 gune eraiki ziren. Gehien hazten dena izokina da, baina amuarraina eta beste arrain batzuk ere bai. Diru-laguntzarik ez zutenez, instalazio handiek porrot egin dute eta, horregatik, energia geotermikoaren erabilera ez da asko ugaritu. Gaur egun 70 gune ari dira lanean. Horietako askotan 4-6 ºC-tan dagoen ura geotermikoki 12 ºC-tara berotzen da, tenperatura hori arrainak hazteko egokiena baita.

Elektrizitatea ekoiztea

Oro har, Islandian elektrizitatea ekoiztea Bjamarflag-en. Diatomita-fabrikarekin batera lurrun-iturri berean kokatuta dago. Fabrikak hasieratik elektrizitatea ekoizteari etengabe ekin zion. 270 ºC-tan dagoen lurrunetik abiatzen da.

1977. urtean martxan jarri zen Krafla-ko fabrika. Bi urte lehenago, eraikitzen ari zirela, sumendi batek handik bi kilometrora eztanda egin zuen. Ondorioz, sumendiaren gasek fluido geotermikoa poluitu egin zuten eta burdina eta silikatoen konplexuak sortuta korrosioak jota tresneria hondatu egin zuten. Duela gutxiko analisien emaitzetan magmako gasen kontzentrazioa asko txikiagotu dela ikusten da. Zorionez, labak eta lurrikarek ez zuten istalazioa hondatu. Bederatzi erupzio gertatuta ere, azkenekoa 1984ko irailean, fabrika ondo dabil. Izotza urtzearen ondorioz dagoen ur-kopuru handiak indar hidroelektriko asko sortzen du. Hori delaeta, uda guztietan fabrika lau hilabetez itxi egiten dute.

Hirugarren fabrika Svartsengi-koa da eta Reykjavik-etik 40 kilometrora dago. Elektrizitatea sortzeaz gain kaleetako berogailuetarako ura ere bidaltzen du, horixe baitzen fabrikaren jatorrizko helburua.

Etorkizuna

Energia geotermikoaren beste hainbat erabilera asmatu nahi dira eta iturri berriak aurkitu. Adibidez, aluminio- eta magnesio-galdategiak handitu edo eraiki egin nahi dira. Baina kontuan hartu beharrekoa da Islandiako elektrizitate-produkzioaren erdia industriak kontsumitzen duela. Horregatik, industria hedatzearekin batera elektrizitatearen produkzioa handitu egin behar da. Beraz, energia geotermikotik sortutako elektrizitate-kantitatea hurrengo urteetan hiru aldiz handiagoa izatea nahi da.

Munduko herrialderik aberatsenetakoa den Islandiak lurpean du altxorra. Altxor berriztagarria, gainera. Beste lurraldeek ez bezalako baliabideak dituzte, egia da. Baina duten energiaren erabileran eredu ere badira. Pentsatu beharreko kontua da.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia