}

Irizarren XXI. mendeko autobusa

2001/03/06 Elhuyar Zientzia

Duela gutxi Irizarrek bere autobus-modelo berria aurkeztu zuen: PB XXI modeloa, Century izeneko aurreko modelotik itxuraz eta mamiz ezberdina dena.

Autobus berriaren fabrikazioa xasisa eta karrozeria elkartzetik abiatzen da, Irizarrek bere karrozeria jartzen baitie marka desberdinetako xasisei. Xasisaren eta karrozeriaren lerrokatzea ordenagailu bidez egin ahal izateko instalazioa estreinatu dute. Horrela, ordenagailuak xasis bakoitzaren datuak dituenez, markaren araberako lerrokatze zehatza egiten da. Bestalde, sabaia egiteko lanak arindu eta bizkortzeko, instalazio berezi bat egin dute sabaia langileen eskuen altueran egon dadin.

Egitura berriari esker, PB modeloa orain arte egin duten autobus seguruena dela diote Irizarren. Centuryk segurtasun-neurri guztiak erraz betetzen bazituen ere, iraulketa- eta bihurdura-kasuetan, PB XXI modeloa % 30 seguruagoa omen da. Horretarako, adibidez, autobusaren aurrealdea oso zabala da, aurrekoak baino altzairu gehiago du eta aurrez aurreko kolpeekiko ere gogorragoa eta erresistenteagoa da. Gainera, grabitate-zentroa beherago du eta karga ardatzetan banatzeak ere oreka handiagoa lortzea ekarri du.

Izan ere, aurreko autobus-belaunaldietan, autobuseko hainbat ekipamendu, aire egokitua esate baterako, atzealdean jartzen ziren; PB modeloan, autobusaren sabaian, aurrealdean ikusten den moduluan jarri dira. Beraz, autobus berriaren muturra estetikoa eta aerodinamikoa izateaz gain, karrozeriaren karga hobeto banatzen du.

Gainera, PB modeloko autobus guztiei Irizarren bertan diseinatutako faroak jarri zaizkie. Faro horiekin argiaren intentsitatea biderkatzea lortu da, eta gidariak 50 metrora arteko ikuspegi garbi-garbia izango du.

Baina segurtasunarekin zerikusia ez duten beste alderdi batzuk ere asko zaindu dituzte. Adibidez, bidaiariaren erosotasunari dagokionez, klimatizazio-sistema berria ezarri dute eta motorraren zaratetatik isolatuago dago; bibrazioaren aurrean ere hobeto erantzuten du.

Errentagarritasunean lortutako hobekuntza diseinuari zor dio, aerodinamikoagoa denez aireari erresistentzia gutxiago jartzen baitio eta, bide batez, zikinkeria gutxiago pilatzen du.

Orain egunean bi autobus berri egiten badituzte ere, helburua egunean sei egitera iristea da eta salneurria aurreko modeloarena izatea nahi dute. Horrela, Espainiako merkatuaren % 50 lortzea espero dute eta Europako merkatuetara zabaltzea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia