}

Iraultza baten atarian

1994/06/01 Irazabalbeitia, Inaki - kimikaria eta zientzia-dibulgatzaileaElhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Duela egun batzuk Ezagutu Gipuzkoa CD-ROMa aurkeztu zuen Elhuyar Kultur Elkarteak. Gertaera hori guztiz pozgarria da benetan.

CD-ROMa fisikoki gauza txikia da, 12 cm-ko diametroa du ozta-ozta. Alabaina, oso aurrerapauso garrantzitsua da euskal kulturan, ene irudiko.

Zergatik? galdetuko duzue. Euskal kulturaren historiari begiratzea baino ez dago arrazoia aurkitzeko. Kultur aurreramenduen trena galtzea edo berandu hartzea izan da azken mendeotako euskal kulturaren zorigaiztoko patua; hizkuntza idatzia, unibertsitatea, inprenta, hizkuntzaren batasuna, egunkaria, irratia, telebista... Beti berandu iritsi gara eta arnasestuka, urruntzen ari den trenaren azken bagoiaren atzeko eskudelari oratu nahian ibili gara.

Une honetan ordea, kultur adierazpideak jauzi iraultzaile baten aurrean dagoen momentuan, euskara eta euskal kultura, lehen aldiz beren historian, trena garaiz eta eroso hartzeko paradan daude.

Hamalaukeriatan, handi-mandikeriatan nabilela pentsa dezake baten batek, eta hori pentsatzea zilegi bekio bidenabar. Ez da horrela, aitzitik, eta berriki hori egiaztatzeko aukera izan dut.

Duela aste batzuk Italian, Bolognako liburu-azoka ospetsuan, izan nintzen. Bertan liburu elektronikoak eta multimedia bidezko produktuek toki berezia zeukaten eta munduko argitaletxe garrantzitsuenak beren produktuak erakusgai zituzten.

Produktuak ikusita, arduradunekin hitz eginda haiek gu baino aurreago ez daudela ohartu nintzen. Haiek eta gu multimediaren lasterketaren hasieran gaude, guztiok lerro berean, belaunak flexionaturik, epaileak tiro egin eta abiatzeko prest. Beraz, aldi berean abiatuko gara, batzuk lasterrago, beren kultur kemena handiagoa delako eta beste batzuk, motelago, atzean nahikoa indarrik ez dugulako. Elkarrekin abiatu gara alabaina, ez besteek jada 50 metro korritu dituztenean.

Ez da, beraz, makala begien aurrean daukagun erronka. Batzuk horretaz jabetuta daude jada, Gipuzkoako Diputazioa esaterako eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiot Gipuzkoako Diputazioari eta aldi berean, zorionik beroena. Eskerrak, multimediaren lasterketan parte hartzeko laguntza eskergaitz eta oparoa eman digulako. Zorionak, Gipuzkoako Diputazioa aurrera begira dagoela frogatu duelako. Euskal kulturaren oraingo erronka non dagoen jabetzeko abilezia izan duelako eta horren alde apostu egin duelako.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia