}

Irakeko leku historikoak larri

1992/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

"Irak jasaten ari den merkatal enbargoak Golkoko gerrak baino kalte handiagoa eragin dezake arkeologi monumentuetan" dio Boston-go unibertsitateko Paul Zimanski arkeologoak.

Janari-eskasiak eta prezio-gorakadak, orain arte landu gabeko lurrei (leku arkeologiko ospetsuak barne) heltzera bultzatu dituzte irakiarrak.

Zimanski urtarrilean izan zen Iraken "Bakearen aldeko Medikuntza" deituriko taldean. Talde honen zeregin nagusia, haur irakiarrak EE.BB.etara operatzera eramatea zen.

Hala ere, denbora librean, Bagdadetik hegoekialdera, (120 km-ra gutxi gorabehera) dauden Babilonia zaharraren hondakinak bisitatzea erabaki zuen. Izan ere, l987tik 1990era bitartean bera ibili bait zen han industen.

Baina, basamortua zeharkatzen hasi zenean, ubide eta landutako lur berriek blokeatu egin zuten bere bidea. Nolanahi ere, eraikuntza berri haiek leku historiko txikiak apurtu zituztela ikusi ahal izan zuen. Bera industen aritutako lekura aldiz, ez zuen heltzerik izan eta horregatik aipatu lekuak kalterik jasan duen beldur da. Babilonia K.a. 1750. urtean abandonatu zen eta garai hartako merkatal zentrurik handienetakoa izan zen.

Gerra aurretik, Irakeko Antzinate-sailak industeko baimenak ematen zizkien ikertzaileei eta hiria ireki egin zuten kanpoko zientzilariek iker zezaten. Baimen hauek Iran eta Iraken arteko gerratean ere eman ziren.

Orain, Zimanskik dioenez, Antzinate-sailak lehen zuen indarraren zati bat galdu egin omen du eta, halaber, lehen zuen ibilgailu- eta telefono-kopurua murriztu.

Beraz, gerran leku historiko hauek jasandago kalteak, orain areagotzeko bidean daude.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia