}

Prestige petrolio-ontziaren fuel-olioa

2002/12/03 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Prestige itsasontzia isurtzen ari den fuel-olioak sufre-kantitate handia du.

Galiziako kostaldera iritsi den marea beltza fuel-olioa da, hau da, substantzia astunez osatutako petrolio-frakzioa. Fintze-prozesuan, petrolioaren osagaiak tamainaren arabera banatzen dira. Lehenik, txikienak erauzten dira: gasak, gasolinak eta antzeko beste produktu batzuk, gero gasolioak eta, azkenik, oso tenperatura altuetan, fuel-olioa. Prestige ontziak zeramana, beraz, molekula astunez osatutako nahastea zen.

Nahaste horretan dauden molekulak, noski, toxikoak dira; fuel-olio guzti-guztiak dira toxikoak. Bentzopirenoa eta beste hidrokarburo aromatiko polizikliko asko dituen likido beltza da, eta azaletik, digestio-hoditik eta arnasbidetik barnera daiteke. Hain zuzen ere, ATSDR (Agency for Toxic Substances and Disease Registry) eta EPA (Environmental Protection Agency) erakundeek argitaratzen dituzten konposatu arriskutsuen zerrendetan daude substantzia horiek.

Dena dela, substantzia horiez gain, Prestige ontziak zeraman fuel-olio horrek duen sufre kantitatea da kasu horren bereizgarria. Lau fuel-olio mota daude, eta, analisien arabera, horien artean sufre-proportzio handiena duena zeraman Prestige ontziak.

Orain, ontziak sortu duen orbana Arousako itsasadarreraino iritsi da, eta oso zaila izango da barrurantz sartzea eragoztea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia