}

Internet: Merkaturik handiena

1999/07/18 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia

Ezagutzen dutenek diotenez, Londresko Harrod's saltegira zerbaiten bila joanez gero eta bertan ez badago, aurkitu arte, saltzaileek planeta osoa hankaz gora jartzen dute. Batek daki non eta nola begiratuko duten, baina baliteke Internet-eko sare erraldoian sartzea, hor denetarik baitago. Duda barik, munduko erosketa-gunerik handienerako sarrera etxeko ordenadorean bertan dago.

Oporrak badatozela eta -jende askok ordenadorearen ondotik ihes egitea beste helbururik ez duen arren- erosketa zibernetikoak lasai egiteko aukera ere hortxe dago. Izan ere, Interneten erosketak egitera sartzea munduko herrialde askotara hurbiltzea bezala izan daiteke. Hori bai, umorez eta pazientziaz hartu behar.

Espazioa modan

Oporretara nora joan erabaki ezinik daudenek Internetetik ideia ugari har ditzakete; behar bada ez aurtengorako, baina bai etorkizunari begira. Adibidez eta urrunago joan gabe, zer moduz Ilargira edo Martera joatea? Horrelako asmorik izanez gero, lasai sar zaitez Moon Shop-eko orrialdeetan (www.moonshop.com), Ilargiko, Marteko edo eta Venuseko lursailak salgai baitituzte. Prezio onean gainera, adi! 1.800 futbol-zelai egiteko moduko lursaila 2.400 pezetagatik gehi izapideetarako 179 pezeta.

Ilargian jarrita, OHEak (Objektu Hegalari Ezezaguna) aurkitzeko trastea ere ez zaizu gaizki etorriko, www.ufodetector.com helbidean eros dezakezu 3.900 pezetagatik. Marteko paisaia ederragoa iruditzen bazaizu ere, ez dago arazorik, hango lursailak antzeko prezioan erosi ahal izango dituzu. Arazo bakarra bidaia bera, orain enkargatu eta 2018. urteko uztailaren 15a arte ezin abiatuko baitzara, eta ez oso merke: pertsonako 300 milioi pezeta. Bidaia Manned Missions to Mars agentziak antolatzen du (www.androipubs.com).

Dirutan Martekoa gehiegitxo iruditzen bazaizu, Lurrean egin dezakezu paradisuaren erosketa, Maui uharteko lursailak salgai baitituzu. Hori bai, gehienez 254 zentimetro koadro eros ditzakezu, 2.400 pezetagatik. Prezio horrekin edozeinek izango du paradisuaren zatitxo bat eskuratzeko aukera, loreak landatzeko besterik ez bada ere. Aloha Mall-en webgunean egin daiteke eskabidea.

Eta Estatu Batuetara joatea erabakitzen baduzu, zer moduz? Teorian ondo, baina bada ez bada ez zaitez gehiegi fida. Gero eta turista europar gehiago joaten zaizkienez, espainieraz, italieraz, frantsesez eta alemanieraz iraintzen irakasten duten kaseteak salgai jarri dituzte; euskaldun izatea, beraz, abantaila.

Extra Curricular Learning-en webgunean (www.excl.com) daude.

Hainbat traste

Bidaiatzeko bakarrik ez, udara kirola egiteko ere aprobetxatu izan da, kilo batzuk kendu eta autoestima apur bat irabazteko. Horrekin konformatzen ez bazara, Interneten zorionak emango dizkizun tresnatxoa erosi ahal izango duzu. Sorbaldatik zintzilik jarri eta bizkarrean zoriontzeko kolpetxoak emango dizkizun tresna "The Congratulator" izena bilatuta aurkituko duzu (www.patback.com). 2.250 pezeta nahikoa dira autoestimu apur bat irabazteko.

Lo egitea ere udako zeregin estimatuenetarikoa izan da eta behin ohituz gero, irailean kosta egiten da errealitatera hurbiltzea. Nor ez da oporren ostean berandu iritsi lanera? Arazoa konpontzeko iratzargailu berezia eskaintzen dute Interneten, www.rudeawakening.com helbidean. Horrekin seguru esnatuko zara, gortzen ez bazara behintzat!.

Udarak eta telebistak ere lotura handia dute, hainbat eta hainbat jendek -besterik ezean-ordu piloa pasatzen baitu pantaila txikiari begira. Bakarrik egonez gero, arazorik ez; baina, beste norbaitekin egon eta hark beste programaren bat ikusi nahi eta urrutiko agintea ezkutatuko balu, zer? Txalo egin eta pi-pi-pi egiten duen telebistako urrutiko agintea ere eros dezakezu, www.fox.nstn.ca/~gfong helbidean.

Eta maitasuna eta udara? Ez al da bikote ugari sortzen udako egun eta gau beroetan? Barne-poza ezkutatu ezinean dauden maiteminduek badute orain hori azaltzeko bidea, maitearen izena espaziora bidaltzea oparitxo ezin politagoa izan daiteke. 4.500 pezeta ordainduta, oraintxe bertan bidal dezakezu maitearen izena Lurretik 36.000 kilometrora. Helbidea honako hauxe da: www.nameinspace.com.

Denbora-pasa eta gogoeta

Nagitasunaren eraginez, udara gogoetarako une egokia ere bada. Eta gogoeta egiten hasi eta zera galdetzen dio batek bere buruari, ea mundu honetara zertara etorri den; bere bizitzaren gaibegiratua egin, eta zera ondorioztatzen du, ezer ez dela, galtzaile hutsa. Ba ez dago arazorik, Interneten beste hainbat galtzailerekin bat egin baitaiteke. Horretarako Galtzaileen Nazioarteko Elkarteak salgai jarri du Galtzaileon Gidaliburua, www.losers.club.com helbidean. Liburua ezinbestekoa ei da guztia arrakastaren arabera neurtzen den garai hauetarako.

Aspergarri ere bihur daiteke udara, baina ez larritu, Interneten asperdurari aurre egiteko asmakizun tradizionaletarikoak ere eskura daude, puntua egitea esaterako. Bartzelonako Carrasco ahizpek Internauta guztientzat puntua egiteko kit-ak dituzte beren webgunean. Bisita egiozue honako helbide honetan: www.puntobobo.com.

Aipatutakoak Internet-en aurki daitezkeen eta eros daitezkeen bitxikerietariko batzuk besterik ez dira, adibide soil batzuk. Gehiago ere aipa zitezkeen: iraileko azterketetan erabiltzeko udaran txuletak egiten dituen jendea (www.rincondelvago.com), oporretan joaten zarenean landareak zainduko dizkizun errobota (www.usc.edu/dept/garden), Aste Santuari begira kofradia sortzen lagunduko dizun webgunea (www.arrakis.es/~calder/cofradia/cofradia.htm), beti zurekin eraman ahal izango duzun Xybernaut ordenadorea (www.xibernaut.com) eta abar.

Ikusten denez, guztia salgai dago, baina ez dago fidatzerik. Izan ere, Internet ziri-sartzaileen bilgunerik garrantzitsuenetarikoa dela esan daiteke, salmenta guztiz anonimoak egin baitaitezke. Adibide bat jartzeagatik, milatik gora dira Interneten saltzen diren botikak, kontrolik eta errezetarik gabe saltzen direnak; gainera, sarritan, mirariak agintzen dituzte, baina ez dute ezertarako balio. Estatu Batuetako Food an Drug Administration erakundearen arabera, urtero-urtero, ezertarako balio ez duten botika eta tratamenduak erosten bilioika pezeta gastatzen dituzte 38 milioi estatubatuarrek, batez ere minbiziaren, hiesaren, edo artrosiaren aurkako botiketan. Botiken arloan ezezik, beste produktu askotan ere joerak antzekoak dira, eta ustez, Internet bidez egindako iruzur-kopurua nabarmen gorantz doa.

Egoera ikusita, kontsumitzaileen elkarteek Internet bidezko erosketak egiteko hainbat aholku ematen dituzte:

  • Lasai har ezazu erabaki aurretik. Ez zaitez eskaintzaren lehen inpresioarekin gera.
  • Zalantzarik baduzu, saltzaileari informazio gehiago eskatu. Fidatzekoa bada ez du eragozpenik jarriko.
  • Konfidantzazkoak izan daitezkeen enpresetan erosi.
  • Zalantzak badituz, erosi aurretik begira ezazu enpresa erregistratuta dagoen ala ez.
  • Webgunearen diseinuak ez zaitzala engaina, jantzi ederrak ez du esan nahi gorputza garbia denik.
  • Posta elektronikoaren bidez iristen zaizkizun eskaintzei ez kasurik egin, batez ere zuk eskatu ez badituzu.
  • Ondo ezagutzen ez dituzun webguneetatik ez itzazu ordenadore-programak jaits.
  • Kontuz ibili ematen duzun informazio pertsonalarekin.
  • Ez eman lehiaketetan parte hartzeko dirurik.
  • Berehalako irabaziak agintzen dizkizuten negozioekin kontuz ibil zaitez.
  • Bidaiak Internet bidez alokatu behar badituzu, prezioen kontrastea egin zeure inguruko bidaia agentziekin, eta irakurri letra txikia.
  • Azkenik, kreditu-txartelaren edo kontu korrentearen zenbakia eman aurretik, errepasatu aurreko zerrenda guztia eta pentsa ezazu bi aldiz.

7kn argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia