}

Internet home: etorkizuneko etxeak gaur

2000/01/01 Waliño, Josu - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Sukaldean bazkaria prestatzen ari garen bitartean beste gela batean lo dagoen haurra zaintzen egotea, edo lanetik irtetera goazenean etxea bero izan dezagun berogailua piztea eta antzeko ideiak jada ez dira etorkizuneko ametsak. Cisco konpainiak Internet Home delakoa aurkeztu berri du Europan, aukera horiek eta gehiagorekin.

Gaur egun dagoen teknologia erabiliz, etorkizunekoak diruditen etxeak eraiki daitezke. Hori esatera etorri da Cisco konpainia eta horretarako Londres-en garatu du prototipo gisako proiektu bat. Konpainia horrek Londres-eko kanpoaldean itxura arrunteko dozena bat etxebizitza eraiki ditu, guztiak router baten bidez Internet-era konektatuta eta Windows NT duen zerbitzari batez kontrolatua. Sistema horren bidez, etxeko hainbat sistema (alarma, kamerak, berogailuak, etab.) kanpotik kontrolatu ditzakegu nabigatzaile arrunt baten bidez. Etxe kanpotik ez ezik etxe barrutik ere kontrola ditzakegu noski eta, horretarako, etxeko gela bakoitzean ordenagailu bat kokatu dute.

Etxearen kontrola egiteko software berezia garatu dute. Horren bitartez, energiaren erabilera hobeto kontrola daiteke. Eta gela guztien tenperatura, argiztapenaren maila, alarma, etxean zehar kokatutako kamerak eta lorategiko ureztatzea ere kontrola dezakegu. Software hori, gainera, itxuraz alda daiteke, nahi den etxeko gelarekin lan egin dezan.

Londres-en egin dituzten etxetxo horiek 125 milioi pta.tan saltzeko asmoa dute. Dena dela, inork bere etxea horrela kontrolatu nahi badu, hona prezioak: etxea egiten ari diren bitartean kableak jartzea 1.250.000 pta. inguru kosta daiteke, eta sarean jartzen diren ekipoak 5.000.000 pta. inguru.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia