Web-zerbitzuak sortu zirenetik, pasahitzak izan dira erabiltzaileak autentifikatu edo kautotzeko ohiko bidea. Baina arazo askoren iturri ere izan dira, ez berez teknologia akastuna delako, baizik eta erabiltzaileen eta, zenbait kasutan, hornitzaileen jardunbide ezegokiengatik.
Alde batetik, zerbitzu-hornitzaile batzuek oraindik ere pasahitzak hash funtzio kriptografiko batetik pasatu gabe (lapurreta-kasuetan pasahitza eskuratzea eragozteko ohiko teknika) gordetzen dituzte, hau da, erabiltzaileak pantailan idazten dituen bezala.
Arazo gehienak, baina, erabiltzaileek, memoriaren mugak direla eta, izaten dituzten jardunbide ezegokiengatik gertatzen dira. Hala, sarri erabiltzen dira pasahitz tipikoak («pasahitza», «1234»...); datu pertsonal errazak (abizena, telefonoa, helbidea...); pasahitz laburrak; zenbakirik, ikurrik edo letra larririk gabekoak... Gainera, zerbitzu denetan pasahitz bera erabiltzen da sarri, eta, zerbitzuetako bat krakeatu eta gure pasahitza lortuz gero, zerbitzu guztietarako sarbidea izango du erasotzaileak. Bestalde, pasahitzak paperean idazteko ohitura ere badago (askotan, agerian uzten diren post-itetan), eta senideei eta lankideei esatekoa ere bai.
Eta ezin aipatu gabe utzi phishinga eta smishinga. Posta elektronikoz edo SMS bidez iritsitako mezu batek esteka batean klik egitera eta han gure erabiltzaile-izena eta pasahitza sartzera estutzen gaitu. Eta hor daude keyloggerak ere (sakatzen ditugun teklak erasotzaileari bidaltzen dizkioten malwareak).
Pasagakoak: nola funtzionatzen dute?
Pasahitzekin gertatzen diren arazo guztiak ikusita, Interneteko eragileek pentsatu zuten kautotzeko hobe zela erabiltzailearen ezagutzan oinarritutako zerbait baliatu beharrean erabiltzaileak daukan zerbait erabiltzea; zehazki, gure gailuan gordeko den giltza edo gako bat. Eta gako horri, password edo pasahitz hitzen analogiaz, passkey izena jarri diote. Horren atzetik dagoen teknologiaren termino teknikoa WebAuthn protokoloa da, hau da, 2019tik webaren estandarrak eta eboluzioa gidatzen dituen W3C erakundearen protokolo estandarra.
Pasagakoen teknologiaren oinarrian gako publiko bidezko kriptografia edo kriptografia asimetrikoa dago, 2013an atal honetan azaldu genuena. Kriptografia-mota horretan, bidali beharreko mezua gako baten bidez zifratzen da, eta gero, helburura iritsitakoan, beste gako baten bidez deszifratzen da; gakoetako bat pribatu mantentzen da, eta bestea publiko egiten da; eta gako publikotik ezin da gako pribatua lortu edo eratorri. Sistema horren bidez mezu pribatuak bidali daitezke eta sinadura edo autentifikazioa bermatu.
«Erabiltzailearen ezagutzan oinarritutako zerbait baliatu beharrean erabiltzaileak daukan zerbait erabiltzea da»
Kriptografia-mota hori edozertarako erabiltzen da gaur egungo mundu digital interkonektatuan: mezu konfidentzialak bidaltzeko, HTTPS bidez nabigazioa pribatu mantentzeko, webguneen egiazkotasuna ziurtatzeko, dokumentuak digitalki sinatzeko eta abarrerako. Eta sistema bera erabiltzen da passkey bidezko kautotzea onartzen duten online-zerbitzuetan ere. Izena ematen dugunean, zerbitzu-emaileak gako pribatu eta publiko bikotea sortzen du guretzat. Gako pribatua guri bidaltzen digu, eta gure gailuan gordeta geratzen da —hori da, berez, pasagakoa—; gako publikoa, ostera, berak gordetzen du. Berriz zerbitzu horretan sartu nahi dugunean, zerbitzu-emaileak zifratzeko mezu bat bidaltzen digu; mezu hori ezberdina da aldiro, eta iraungi egiten da. Gure nabigatzaileak mezu hori gako pribatuarekin zifratuta itzultzen dio zerbitzu-emaileari; hark bere gako publikoarekin deszifratzen du, eta, jatorrizko mezua agertuz gero, gure nortasuna egiaztatuta geratzen da.
Azalpen horretan ikusi denez, pasagako bidezko kautotzea baliatu ahal izateko, ezinbestekoa da, batetik, Interneteko zerbitzu-hornitzaileek aukera hori eskaintzea, eta, bestetik, gure nabigatzaileak protokoloa inplementatuta izatea (hala dute gaur egungo nabigatzaile moderno guztien azken bertsioek); eta, azkenik, gure gailuak, hau da, telefonoak edo ordenagailuak, pasagakoen biltegi edo kudeatzaile bat izan behar du instalatuta, haiek modu seguruan gordeko dituena (gaur egungo sistema eragile ia denek badute). Pasagakoak gure gailuan gorde eta babesteko sistema gailu horretan ohikoa duguna izango da; esaterako, hatz-marka edo aurpegi bidezko sarbidea telefonoan. Hala, autentifikazioa bi faktoreren bidez egingo da (daukagun zerbaitekin, hau da, pasagakoa daukan gailuarekin; eta garen zerbaitekin, hau da, ezaugarri biometrikoarekin), baina pasahitzen arazo eta eragozpenik gabe.
Abantaila asko, baina arazo batzuk ere bai
Pasahitzen aldean, abantaila ugari dituzte pasagakoek. Batetik, sistemak sortzen dituenez, beti izango dira luze eta konplexuak, eta ez dago errazegiak direlako inork asmatzeko aukerarik. Bestetik, pasagako bakoitzak webgune bakarrerako balio du; beraz, pasagako bat atzituta ere, horrek ez dio lapurrari gure zerbitzu pila baterako sarbidea emango. Horrez gain, phishinga ia ezinezkoa egiten du, webgune faltsuari ez baitzaio pasahitz edo pasagakorik ematen, soilik mezu zifratu bat, benetako webgunean ezertarako balio ez duena. Azkenik, erabiltzaile-esperientzia asko errazten du: kontua sortzean ez da pasahitza asmatu eta gogoratzen edo gordetzen ibili behar, sistemak pasagakoa sortzen baitu eta gure gailuan gordetzen, guk ezer egin beharrik gabe; eta, zerbitzura konektatzen garen bakoitzean, nahikoa da ezaugarri biometrikoaren bidez sistemari pasagakoa erabiltzeko baimena ematea.
«Sistemak sortzen dituenez, beti dira luze eta konplexuak»
Desabantailak ere badituzte, ordea. Horietako nagusia da betirako gal ditzakegula, giltzen antzera: pasagakoa duen gailua hausten bada, ez dago inola ere hura berreskuratzerik; eta gailua lapurtzen badigute, lapurrak pasagakoa eskuratzen du, eta guk hura atzitzeko bidea galtzen dugu. Hori ekiditeko modua pasagakoak gailu batean baino gehiagotan gordetzea da; horretarako, pasagakoak gordetzen dituzten sistemek gailuen arteko sinkronizazioa automatiza dezakete, baina gure kontu dago pasagakoen biltegia bi gailutan edo gehiagotan instalatzea, eta jende askok ez du egingo. Eta beste desabantaila bat da pasagakoen biltegi-software guztiek eta gailu guztiek ez dutela biometria egiaztatzeko hardwarerik; kasu horietan, normalean pasahitz bidez babesten dira pasagakoak, eta orduan berriz ere lehengoan gaude. Eta, gainera, pasagakoa galdu edo lapurtuz gero, berriak sortu ahal izateko gu geu garela egiaztatzeko modu alternatibo klasikoren bat izan behar dute (nortasun-agiria, galdera pertsonala...), eta hortik ere etor daitezke segurtasun-arazoak. Azkenik, pasagakoak sortzeko edo horien bidez zerbitzu batera sartzeko, gure gailu bat erabili behar dugu beti, eta ez dira sortu edo erabili behar ordenagailu publikoetan (liburutegietan, eskoletan...) edo beste norbaiten gailuetan.
Beraz, azken finean, pasagakoek ere eskatzen dituzte jardunbide egoki batzuk; eta, hala ere, zenbait gauzatarako ezinbestekoa da modu klasiko ez hain seguruak mantentzea. Izan ere, pasagakoak askoz seguruagoak eta arazorik gabekoak balira, jada onlineko zerbitzu guztiek kautotzeko modu hori besterik ez lukete eskainiko, eta oraindik ere pasahitz bidezko aukera ematen jarraitzen dute.
Igor Leturia Azkarate
Informatikaria eta ikertzailea. Elhuyar aldizkarian "Mundu digitala" atalaz arduratzen da 2009tik.