}

Internet bidez ukitzea: errealitate birtuala gero eta gertuago

2002/10/29 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gaur Los Angelesen egiten ari den Internet2-ri buruzko kongresuan, Londresko eta Kaliforniako zientzialariek Internet bidez errealitate birtualean dagoen kubo bat ukitu eta elkarrekin mugituko dute.

Errealitate birtuala ikertzen ari diren laborategietan orain arte gehien aztertu diren zentzumenak ikusmena eta entzumena dira. Hala ere, duela urte batzuk ukimena ikertzen duen laborategia sortu zen MIT institutuaren barruan.

Laborategi horretan ukitze-sentsazioa gure gorputzean nola sortzen den eta errealitate birtualean nola aplika daitekeen ari dira aztertzen. Softwarea dagoeneko garatua dago, eta gaur egingo den aurkezpen publikoan, benetan funtzionatu egiten duela frogatuko dute zientzialariek.

Aurkezpenean, Kalifornian eta Londresen dauden bi boluntariok errealitate birtualean dagoen kubo bat mugitu beharko dute, biek batera. Bakoitzak, besteak kuboan egiten duen indarra nabaritzeaz gain, kuboa nolakoa den ere sentituko du.

Boluntario bakoitzaren ordenagailuak, saguaren ordez, ukitze-sentsazioa ‘itzuliko’ duen tresna bat du. Tresnari Phantom izena jarri diote. Phantom-ek ordenagailuak jasotako informazioa frekuentzia baxuko bulkada bihurtzen du. Horrela, Phantom ukituta errealitate birtualean ukitzen ari den gauzaren sentsazioak jasoko ditu erabiltzaileak. Gaur egingo den erakustaldian, esaterako, kuboa kautxuz egina dagoela nabarituko dute boluntarioek.

Sistema honek duen arazo nagusia Internet bidez bidali behar den informazio-kantitate izugarria da. Aldi berean hainbeste datu bidali beharrak internet sarea mantsotzen du eta, ondorioz, alde batean eta bestean informazioa deskoordinatuta jaso daiteke.

Gaur egun dagoen Interneteko banda zabalena eta zuntz optikozko kableak erabilita datuak azkar trukatzea errazten den arren, esperimentuan parte hartzen duten biek oso poliki egin beharko dituzte mugimenduak, guztia aldi berean gertatzea nahi bada.

Errealitate birtualean ukimena ere sartzeak izan ditzakeen erabilerak asko dira, asmatzaileen esanean. Eskuekin oso trebeak izatea beharrezkoa den lanbideetan trebatzeko balio dezake, baita telemedikuntzan ere. Era berean, diseinuan, arkitekturan edo artean gaur egun pentsaezinak diren aukerak sor daitezke teknologia berri honekin.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia