Injinerutza genetikoak soroak hartu ditu
1987/10/01 Juandaburre, B. Iturria: Elhuyar aldizkaria
Joan den apirilaren 24ean goizeko 6,30etan eta EEBBtako ingurugirorako agentziaren funtzionarien begiratu zorrotz pean, laborategiko injinerutza genetikoaren bidez manipulatutako lehenengo bakterioak zabaldu dira marrubi-soro batean. Frostban izeneko produktu hau zabaldu ahal izateko, lau urteko borroka legala egon da, beharrezko baimenak lortu arte.
Duela urte batzuk bakterio hauek komertzializatzen dituen AGS elkarteak, Berkeley unibertsitatean prestatutako bakterio hauen eskubideak erosi zituen. Bertan landare-patologiazko sailean Steven Lindow doktoreak Pseudomonas syringae eta Pseudomonas fluorences bakterioak landareen izozte goiztiarraren erantzule zirela aurkitu zuen 1974ean.
Pseudomonas hauek landareen gainazalean bizi dira eta landarearen azalaren azpira pasatzen dira landareak dituen zaurien bidez. Hotzak iristen direnean bakterio hauek sortzen duten gele baten bidez, landarearen izozketa eragiten dute tenperatura -1 edo -2°C bakarrik denean. Lindow doktoreak izozte goiztiar honen erantzulea identifikatu zuen: bakterioaren gainazalean proteina baten eraketa agintzen zuen gene bat. Proteina honek izotzaren eraketa katalizatzen du.
Hurrengo pausoa izozketarik eragingo ez lukeen gene mutante bat sortzea zen eta horixe egin eta lortu zen. Mutante hau erabilita izozte-tenperatura -6/ /-7°Cra jaisten da. Hala ere, bakterio mutante hauek benetan erabilgarriak diren ala ez jakiteko soroetan egindako saioak guztiz beharrezkoak dira. Bakterioa naturari moldatzen zaion, konpetentzia gainditzen duen eta antzeko arazoak ikusi behar dira. Bakterioa bestalde, kaltegabekoa dela frogatu da laborategietan egindako saioetan.
Laborategian manipulatutako materia genetikoa naturan askatzea ez da arin egin daitekeen gauza. Ikusi beharreko lehendabiziko puntua materia hori kaltegabekoa izatearena da eta horretarako froga zorrotz eta gogorrak jarri behar dira. Frostbanek horiek gainditu egin ditu antza denez. 200 test desberdin baino gehiago egin zaizkio. Gero noski, arazoaren alderdi filosofiko/morala dago, honela hasteak nora garamatzake edo hori egitea Jainkoaren esku bakarrik dagoela...
Borroka legal luzea egon da EEBBtako epaitegietan bakterioen zabaltzea lortu ahal izateko eta aurka zeudenek instantzia legal guztiak aprobetxatu dituzte zabalkuntza eragotzi asmoz. Batzuk ez dira horretan gelditu eta Earth first talde ekologista erradikalak fumigatutako marrubi-landare guztiak hankaz gora jarri zituen.
Hau lehenengo saioa izan da. Beste batzuk zai daude: intsektizida moduan erabiliko direnak edo nitrogenoaren finkapena asko handituko duten rhizobium mutanteak esaterako. Noizko?
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia