Infekzioei aurre egiteko, odol hotzeko ornodunek portaerazko sukarra dutela frogatu dute
2024/12/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Sukarra infekzioei aurre egiteko mekanismo garrantzitsua da odol beroko animalietan, batik bat, T linfozitoen funtzioa hobetzen baitu. Orain, PNAS aldizkarian argitaratutako ikerketa batean, ikertzaileek erakutsi dute odol hotzeko ornodunek ere gorputza berotzen dutela, eragin hori lortzeko. Horretarako, ur beroetara joaten dira; jokabide horri portaerazko sukarra edo sukar konduktuala deitu diote.
Ikertzaileek Niloko tilapiarekin frogatu dute portaera hori. Hain zuzen, ikusi dute Edwardsiella piscicida bakterioaz infektatutako tilapiak ura beroagoa dagoen eremura joaten direla, eta, horrez gain, jateari uzten diote. Horrela, energia infekzioaren aurka bideratzen dute, eta, gainera, tenperaturaren igoerak hainbat aldaketa eragiten ditu immunitate-sisteman: moteldu egiten da T linfozitoak suntsitzen dituzten entzimen ekoizpena, oxido nitrikoaren transkripzioa areagotzen da (antimikrobiano ahaltsua da), eta hantura eragiten duten proteinak sortzen dira. Gainera, tenperatura altuek zenbait birus eta bakterioen hazkundea eragozten du.
Horrekin batera, azaldu dute gorputza berotzeko estrategia hori odol beroko animaliak azaldu baino milioika urte lehenago garatu zela.
Azkenik, gogorarazi dute gorputzeko tenperatura igotzea (sukarraren bidez edo leku beroetara mugituz) funtsezkoa dela funtzio immunitarioa hobetzeko eta infekzioei aurre egiteko.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia