}

Industriaren osasuna

1988/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Joan den mendean, 1843.ean prezeski, Justus von Liebig kimikari handiak, herri baten osasun ekonomikoa ezagutzeko ekoizten zuen azido sulfurikoaren kantitateari begiratu behar zitzaiola esan zuen. Eta ez zitzaion arrazoirik falta.

Azido sulfurikoa industri mota askotan erabiltzen da. Zati handi bat ongarri fosfatatuak egiteko erabiltzen da. Beste zatia besteak beste pintura, produktu kimikoak, detergenteak, zuntz naturalak eta plastikoak egiteko erabiltzen da. Horrexegatik azido sulfuriko asko erabiltzen da industrian eta gehien sintetizatzen den substantzia kimikoa da.

Bestetik, azido sulfurikoa oso arriskutsua da (korroxio-indar handia duelako) gordeta edukitzeko eta fabrikatu ahala erabiltzen da normalean. Beraz azido sulfurikoa industri ihardueraren oso adierazle zuhurra da.

Hala eta guztiz ere, azido sulfurikoa aurrerantzean industri osasunaren adierazle egokia ez dela izango dirudi. Joan den mendean eta mende honen lehenengo 60 urteetan azido sulfurikoak adierazle-paper hori egoki jokatu du. Garai horretan industriak produktu metalikoetan eta zuntz naturaletan zuen oinarria. Gainera fosfatoak ziren fertilizatzailerik nagusienak. Egun industriaren lan-eremua aldatzen ari da. Plastikoak eta polimeroak gero eta gehiago erabiltzen ari dira eta nitratoak fosfatoak ordezkatzen ari dira. Industria hauek ordea, azido sulfuriko gutxiago erabiltzen dute.

Ekonomi osasunaren adierazle berria bilatzea, gauza interesgarria izan liteke. Plastikoen kasuan, produktu kimiko organikoen produkzioa har liteke. Eta produktu bat aukeratzekotan etilenoa hartuko genuke, plastiko eta polimero gehienen abiagai delako.

Azido sulfurikoa urte askotan osasun ekonomikoaren adierazle zuhurra izan da, baina etilenoak beteko al du lan hori?

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia