Indartze-dosiaren orokortzea, eztabaidagai

2022/01/17 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Aditu askok zalantzan jarri dute indartze-dosia beharrezkoa ote den populazio osoarentzat. - Arg. Pixabay

Herrialde askotan, Espainian eta Frantzian barne, indartze-dosia orokortzea erabaki da, omicron aldaerari aurre egiteko neurri gehigarri gisa. Izan ere, laborategiko probetan ikusi zuten aurretik izandako infekzio batek sortutako babesa eta txertoen bidezkoa ere gainditzeko gai zela omicron aldaera. Hori baino lehen, administrazioek adin nagusikoei eta immunoeskasiak zituztenei ematea erabaki zuten, ebidentzia zientifikoek erakutsi baitzuten, bigarren dosia jaso eta sei hilabetetara, asko jaisten zela antigorputzen bidezko babesa. Kontuan izanda SARS-CoV-2a bereziki kaltegarria dela aipatutako talde horientzat, hirugarren dosi bat (indartze-dosia) ematea erabaki zen, eta, omicron aldaera hedatu ahala, ikusi da erabaki zuzena izan dela, ospitaleratze- eta heriotza-tasak txikiagoak izan baitira indartze-dosia jaso dutenen artean.

Alabaina, adituen artean ez dago adostasunik 18 urtetik gorako guztiek behar ote duten indartze-dosia. Izan ere, antigorputzen bidezko immunitatea denborarekin jaisten bada ere, immunitate zelularrak denboran iraun egiten duela frogatu dute. Espainiako Immunologia Elkarteak, adibidez, adierazi du 18-35 urteko pertsona osasuntsuek ez dutela indartze-dosirik behar oraingoz, eta, bitartean, ikertu behar dela nork behar duen indartze-dosi bat, zenbatero, eta zein eratakoa. 

Larruazaleko test bat, immunitate zelularra neurtzeko

Bestalde, immunitate zelularra neurtzeko metodo erraz bat garatu dute Kanarietako Unibertsitate Ospitalean. Metodo hori oso baliagarria izan daiteke erabakitzeko nork behar duen indartze-dosia eta nork ez. Izan ere, antigorputzak neurtzeko testak oso errazak eta merkeak dira, baina erantzun zelularra neurtzeko test serologiko konplexuak erabiltzen dira. Horien ordez, larruazaleko test bat proposatu dute Kanarietako ikertzaileek. 

Test hori tuberkulinaren proba edo Mantoux testaren antzekoa da. SARS-CoV-2aren S proteinen antzeko bat inokulatzen da larruazalean, eta inflamazioa eragiten badu, esan nahi du T linfozitoek erantzun dutela; alegia, immunitate zelularra aktibatu dela. 

Ikertzaileen esanean, testa erabilgarria izan daiteke jakiteko, adibidez, immunoeskasia duen pertsona batek txertoaren beste dosi bat behar duen ala ez.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia