}

Imajinatutako beldurrak nerbio-sisteman duen eragina

2001/04/02 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Egoera arriskutsuak antzemateko, gizakiak aurreko esperientzietan edo komunikazioaren bidez ikasitakoan oinarritzen dira. Adibidez, zakurrak arriskutsuak izan daitezkeela inoiz zakurren batek hozka egin ziolako jakin dezake batek; baina baita zakur batek norbaiti hozka egin diola entzun duelako ere. Beldur-ikaskuntzan nerbio-sistemak duen funtzionamendua ulertzeko, ikertzaile gehienak lehen motako beldur-ikaskuntza aztertu dute, hau da, beldur baldintzatua. Komunikazio bidez ikasitako beldur-motarekin erlazionatuta dagoen nerbio-funtzionamendua, aldiz, askoz gutxiago ezagutzen da.

Beldur baldintzatua animalietan eta gizakietan ikertu da, eta beldur-ikaskuntzaren eta adierazpenaren nerbio-sistema ondo ezagutu da. Beldur baldintzatuan, erantzuna adierazteko amigdala izeneko burmuineko egitura ezinbestekoa dela jakina da. Orain, amigdalaren funtzioa ikertu da entzundako egoera baten aurrean sortutako beldurrean.

New Yorkeko Unibertsitateko Elizabeth A. Phelps neurologoak "irakatsitako beldurra" deitutakoak amigdalan eragindako jarduera ikertu zuen eta ahoz komunikatutako beldurrak amigdalaren gain eragina zuela frogatu zuen. Ikerketa sakonago batean, amigdalaren jarduera beldurraren aurreko erantzunaren adierazpen fisikoekin erlazionatuta dagoela ikusi zuen.

"Irakatsitako beldurrean" gizakiak ez du aurkako estimulurik jasotzen, baina estimulu neutral bat aurkako gertakari bati lotuta egon daitekeela esan diote. Phelps-en ikerketan, parte-hartzaileei hiru irudiko serieak erakusten zizkieten ordenagailu-pantailan: lauki hori bat, lauki urdin bat eta "atseden" hitza. Horretaz gain, horietako kolore bat azaldutakoan, eskumuturrean jarritako elektrodo baten bitartez, deskarga elektrikoa jasoko zutela esan zieten (beldurra eragiten duen baldintza); aldiz, ez zuten deskargarik jasoko beste kolorea azaltzen zenean (baldintza segurua). Ikerketan inori deskargarik eman ez zioten arren, denek deskarga elektrikoa sentitu izana uste zutela esan zuten.

Phleps neurologoaren ikerketaren arabera, ondorio kaltegarriak aurretik ezagutu ez diren arren, aurreikusten direnean sentitutako beldurraren adierazpenean amigdalaren parte-hartzea frogatu da; hau da, gizakien irudimenean dauden beldurrek esperientziaren bidez ikasitakoak bezala eragiten dute nerbio-sisteman.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia