Ilargia ez da uste bezain leku ona teleskopioentzat
2010/12/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Txinako Zientziaren Akademiak egindako ikerlan baten arabera, Ilargian berriki aurkitutako urak eragin zuzena izan lezake, txarrerako, teleskopioen jardunean. Ikerketaren ondorioak Europako Zientzia Planetarioko Kongresuan, Erroman, aurkeztu dira.
Iaz, NASAk bidalitako LCROSS zundak ura topatu zuen Ilargian, eta aurkikuntzak harridura eragin zuen, Ilargia basamortu lehor bat zela uste baitzen ordura arte. Ur hura lurrundu egiten da eguzki-argitan, eta deskonposatu egiten da, erradiazio ultramorearen eraginez. Hala sortzen dira hidrogeno- eta hidroxilo-molekulak.
Bada, Ilargiaren "atmosferan" egon litezkeen hidroxilo-molekulen kopurua birkalkulatu dute ikertzaileek, eta, hala, ohartu dira uste baino bi edo hiru aldiz handiagoa dela Ilargian dagoen ur-kantitatea. Ohartarazi dutenez, ur-lurrun hori nahikoa litzateke zenbait teleskopioren egitekoa kaltetzeko. 2013an jaurti nahi den Chang´e-3 ilargi-zunda txinatarra aipatu dute adibide gisa. Zundan teleskopio astronomiko ultramore bat ezarri nahi da, Ilargiaren gainazalean jardun dezan, Eguzkiaren argipean; energia eguzki-paneletatik jasoko luke.
Ultramoreen uhin-luzera jakin batzuetan, hidroxilo-molekulek dispertsioa eragiten dute. "Gure kalkuluek iradokitzen dutena da dispertsio horrek kutsatu, distortsionatu, egingo dituela Ilargian kokatutako teleskopioen behaketak", azaldu du ikerlaneko arduradun Zhao Huak.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia