}

Ikerketen finantziazioan genero-bereizketa dagoela frogatu dute Kanadan

2019/02/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

ikerketen-finantziazioan-genero-bereizketa-dagoela
Eskatzaileen profila aztertzen denean, emakumeek aukera gutxiago dituzte bekak eskuratzeko. Arg. CIHR

Kanadan egindako azterketa batek agerian utzi du ikerketak finantziatzean okerrago baloratzen direla emakumeek aurkeztutako lanak, gizonezkoenak baino, eskatzailearen profila aintzat hartzen denean.

Azterketan, CIHR Kanadako Osasun Ikerketarako Institutuen beka-eskaerak aztertu dituzte, 2011tik 2016ra. Guztira 23.918 eskaera ziren, 7.093 ikertzaile nagusik aurkeztutakoak ( 2/3 gizonak eta 1/3 emakumeak).

2014an, beka-eskaerak bitan banatzea erabaki zuten: batzuk edukian oinarritzen ziren erabakia hartzeko (proposamenaren kalitatea, garrantzia, eta ikuspegia), eta besteak, eskatzailearen profilean (lidergoa, ekarpena eta produktibitatea). Bada, 2014ra arte, emakumeek gizonek baino % 0,9 gutxiagotan eskuratzen zituzten bekak. 2014tik aurrera, ehuneko hori ez zen aldatu epaia edukian oinarritzen zenetan; bai, ordea, eskatzailearen profila aztertzen zenetan: emakumeek % 4 aldiz gutxiagotan eskuratu zuten beka, kasku horietan.

Ikertzaileek ondorioztatu dute epaileek ez dutela berdin jokatzen eskaitzailearen generoaren arabera, eta hori konpontzeko neurriak behar direla adierazi dute. The Lancet medikuntza-aldizkari espezializatuan argitartu dute azterketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia