Elhuyar zientziaren komunikazioa

Idatzizko kazetaritza, arkatzetik auskalora!

2002/10/01 Kortabarria Olabarria, Beñardo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kazetariak sarri askotan eguerdi aldera iristen dira lantokira. Ordenagailua pizten dute, posta elektronikoari irakurketa bizkorra egin, atentzioa eman dien hari begiratu eta jaso egiten dute. Gero, eguneroko bileran gaia erabakitzen dute, berriro ordenagailura jotzen dute, informazioa bilatu, argazkiren bat edo beste eskuratu, telefono mugikorrarekin deiren bat egin… eta, azkenik, idazteari ekiten diote.

Teknologiaren garapenak erabat aldatu du kazetarion lana.

40 urteren bueltan gabiltzanok gaizki ordaindutako ogibide hau aukeratu genuenean, gauzak, oinarrian antzerakoak baziren ere, zailagoak izaten ziren. Izan ere, kazetaritza ez da zientziaren eta teknologiaren azken 25 urteotako garapen izugarriaren bazter geratu.

Prentsa idatzian, batzuetan eskuz idazten bazen ere, –arkatzez zein boligrafoz, eta handiusteenek idazlumaz– lan-tresna nagusia idazmakina zen. Gaur egungo ordenagailuekin alderatuta, tresna traketsa zen, baina idazteko funtzioa –betiere idazlearen trebetasunaren arabera– ondo betetzen zuen. Arazorik ohikoenak tinta zeraman zinta kateatzea, bukatzea edo hondatzea izaten ziren; gehienetan presa handia zegoenean. Oro har, kazetariek gaur baino arreta handiagoz idazten zuten, makinaz egindako akatsak ez zirelako ordenagailuz egindakoak bezain erraz konpontzen. Dena dela, sarritan paper ondo zikinak iristen ziren maketa egin behar zutenengana.

Txipp-Ex-ak kazetaritza garbiagoa egiteko aukera ekarri zuen.

Eskuz idazteko metodoen ondoan idazmakina aurrerapen itzela izan bazen ere, tekla zaratatsuen mundu hartara Tipp-Ex-a iristea ezin esan iraultza izan zenik, baina bai garrantzizkoa izan zela. Orban beltzak eta urdinak paperetatik bat batean desagertu ziren, eta zuriak agertu. Orbanak egon han egoten ziren, baina ezkutatuta. Beraz, idatzizko komunikabideetako maketagileen lana asko erraztu zen.

Agur tipometroari

Maketa egiteko modua bera ere ikaragarri aldatu da. Gaur egungo ordenagailuetan testu prozesatzaileetan landutako testuak jasotzen ditu maketagileak, paperik ukitu gabe. Ordenagailuaren pantailan egunkariaren edo aldizkariaren aurre-maketa –planoa– izaten du. Jasotako testuak han jartzen ditu, letren tamaina, letra-mota –tipoa–, kolorea, argazkien tratamendua eta aukeraketa, izenburuak, lerroak, zuzenketak, grafikoak… guztia ordenagailuz lantzen du. Bere tokitik mugitu gabe, makinetara bidaltzen du maketa, haiek kopiak egin ditzaten.

Duela 20 urte, idatzizko komunikabideetan maketak egiteko prozesua neketsuagoa izaten zen. Egunkariaren edo aldizkariaren orrialde hutsak izaten zituzten kazetariek edo maketagileek –antolamenduaren arabera–. Zein eta zenbat toki izango zuten aurreikusita lan egiten zen batzuetan, eta horren araberako testua eta material grafikoa lantzen ziren; beste batzuetan, aldiz, materialen –eta horren garrantziaren– araberako tokia egiten zen egunkarian edo aldizkarian. Kasu batean zein bestean, testua eta elementu grafikoak islatzen zituzten maketak egiten ziren.

Tipometroa.

Gaur egun letren tamaina erabakitzeko edo letra-tipoa aldatzeko, ordenagailuaren tekla pare bat sakatzea nahikoa izaten da. Orduan, maketan zenbat lerro, zein tamainakoak eta zein letra-motakoak sartuko ziren jakiteko –eta horiek hainbeste karaktereko testu soilean zenbat lerro izaten ziren jakiteko– tipometroa erabiltzen zen.

Tipometroa komunikabideetan erabiltzen zen erregela berezia da. Letren tamaina neurtzeko erabiltzen da. Tipometroa erabilita jakiten da tamaina jakin bateko zenbat karaktere, hizki edo tipo sartzen diren egunkariko edo aldizkariko lerro bakoitzean. Eta hortaz, hiruko erregela sinplea eginda, idazleak badaki zenbat lerro jarraitu idatzi beharko dituen. Izenburuak, argazkiak eta publizitate-moduluak neurtzeko ere erabiltzen da. Hiruko erregela sinplea bada ere, sistemak nahikoa buruhauste eragiten du, matematikak eta prosa –matematikariak eta kazetariak– historikoki ez baitira oso ondo ezkondu.

Arkatza

Arkatza idazkeraren historiako aurkikuntzarik interesgarri eta eraginkorrenetarikoa da. Barrualdean grafitoz eta buztinez osatutako nahastea du. Nahaste hori egurrezko bi zatitan biltzeko ideia William Monroe estatubatuarrarena da, 1812. urtekoa. Likidoak erabiltzen dituzten gainerako sistemen ondoan, arkatzak badu abantailarik: erraz ezaba daiteke.

Boligrafoa

Boligrafoaren lehen patentea Hungarian egin zen, 1938. urtean, Ladislao Biroren eskutik eta Birome izenarekin. Biro judutarra zen, eta 1940. urtean alemaniarrengandik ihes egin behar izan zuen. Argentinara iritsi eta han berriro erregistratu zuen asmakizuna.

Birok luma baten muturrean bolatxoa jarri zuen, birak egin ahala tinta-arrastoa uzten duen bolatxoa alegia.

Argazkilaritza artea omen

Testuekin batera, idatzizko komunikabideetako orrialdeak argazkiz betetzen ziren. Oinarrian, egungo argazkilarien lanaren eta lehengoenen artean ez dago alde handirik. Argazkia atera, errebelatu eta, gainerako elementu guztiekin, inprimatzera eramaten da. Baina baliabideei dagokienez, mende laurdenean koska handia egin da.

Duela 25 urte argazki onak egiteko, asko egiteaz gain, argazkiak ateratzen jakin egin behar zen. Argia zaindu, diafragma irekiago edo itxiago jarri, distantzia kalkulatu, esposizioaren denbora erabaki... argazkilaritza artistentzat erreserbatutako lan-eremua zen. Gero, gainera, argazkiak errebelatu egin behar izaten ziren, denbora errekorrean eta nola halako kondizioetan eta nola halako laborategietan. Harreman estua zegoen argazkilarien eta gela ilunaren artean; errebelatzeko likidoak, argazkilaritzako papera, errebelatua gerarazteko likidoa, finkatzailea, … argazkilarien eskulanerako lehengai izaten ziren. Sarritan, erredakzioetan urduritasuna nagusi izaten zen argazkilariak gela iluneko ateak irekitzen zituen arte.

Sasoi hartan ustez idazten baino ez genekien kazetariok gaur egun argazki onak ere egiten ditugu noiz edo noiz. Esperientziak izango du zerikusirik horretan, baina arrazoi nagusia teknologiaren aurrerapena izan da. Izan ere, gaur egungo argazki-kamerak –hausteko arriskurik ez balute– umeek erabiltzeko modukoak dira. Kamera modu automatikoan jarri, norberak nahi duen enkoadraketa egin eta botoitxoa sakatu baino ez da egin behar, gainerakoa berak egiten du: motiboa enfokatu, argia neurtu, esposizioaren denbora erabaki….

Azken urteotan agertu eta garatzen ari diren argazki-kamera digitalek, gainera, argazkilarien lana egiteko modua ere aldatu dute. Gela-ilunak amaraunez betetzen ari dira. Argazkiak atera, ordenagailura pasa, behar izanez gero irudiak tratatzeko programa informatikoekin azken ukituak eman, eta, pantailan aukeraketa egin ondoren, ordenagailuaren bidez argazkiak inprimatzera zuzenean bidaltzen dira, negatiboak eta paperak ukitu ere egin gabe.

Argazki-kamera

1822. urtean Joseph N. Niepce asmatzaile frantziarrak lehen argazki iraunkorra lortu zuen. Hala ere, 1839. urtera arte ez zen gehiegi aurreratu. Urte hartan, Louis Jacques Mande Daguerre frantziarrak, argiak zilar-gatz esekidura batean berak agindu bezala eragitea lortu zuen. Proba ondo atera zen, baina prozesua osatzeko ordu-erdi inguru behar zen eta oso zaila zen kopiak egitea. 1841. urtean William Henry Talbot britainiarrak arazoa gainditu zuen, lehenik irudien negatiboak egin eta gero positiboak beste paper batzuetan egiteko sistema asmatu baitzuen.

Hortik aurrera inpresio-denbora azkartzeko lanari ekin zitzaion. 1871. urtean, R.L. Maddox-ek lehen plaka lehor egonkorrak lortu zituen; horrela, esposizio-denbora laburtu zuen, eta obturadorea asmatzea lortu zen. Ondorioz tamaina txikiko lehen kamerak irten ziren merkatura 1888an, Kodak kamerak. 1907an koloretako lehen argazkiak atera ziren, eta 1947an Polaroid kamerak.

Gaur egun ikerketa astronomikoen ondorioz asmatutako kamera digitalak tokia egiten ari dira merkatuan, erabat automatikoak izan daitezke, irudiak berehala ikus daitezke, ordenagailuan kargatu, ukituak egin….

Bizikletaz, faxez, posta elektronikoz

Grabagailuak tresna arruntak dira kazetariontzat.

Eta bidalketa-kontuak aipatu ditugunez, materiala toki batetik bestera eramateko zeuden baliabideek egin duten aurrerapenari lerro batzuk eskain dakizkioke. Kazetaritzaren maila baxuenean hasi ginenok –norberaren herriko kronikak egiten– ondotxo dakigu zenbat lan ematen zuen hurrengo egunerako kronika argitaratua ikusteak.

Askotan telefonoz diktatzen genituen kronikak –batzuetan inprobisatuz–, baina gehienetan autobusez edo taxiz iristen ziren egunkarietako erredakzioetara. Nik neuk, orain baino sasoi hobearekin, noizean behin bizikletaz ere eramaten nituen. Jakina, telefonoz deitzea azkarragoa zen, baina kazetariak idatzitako testuak jaso behar zituenarentzat erosoagoa zen paperean jasotzea telefono bidez ematea baino.

Faxa asmatu zenean bukatu zen herrietako kronikagileentzat autobusaren ordutegiaren morrontzan egotea, baina ez pentsa hura ere berehalakoan sartu zenik. Hasieran, liburu-dendatan, fotokopia-dendatan eta erakundeetan egoten zirenez, herrietako kronikagileok haien ordutegiaren menpe ibili behar izaten genuen. Gaur egun, berriz, argi dago, faxaren garrantzia gero eta txikiagoa da, posta elektronikoak toki handia kendu baitio, nahiz eta bidali behar dena papera bera denean faxak ezinbesteko izaten jarraitzen duen.

Faxa

Faxa asmakizun berria da (1980 urtea) nahiz eta oinarrizko ideia XX. mendearen hasierarako jarri zuen Arthur Korn alemaniarrak. Korn-ek teleargazkia izeneko prozesua asmatu zuen. Prozesu hartan, kable baten bidez bidalitako seinaleak iruditan jaso zitzakeen. 1980. urtean, RCA, Sharp eta Xerox enpresek ideia berraztertu eta faxa merkaturatu zuten. Posta-zerbitzua eta telefono bidezko komunikazioak tresna bakar batean bildu zituen.

Telefonoa

1876. urteko otsailaren 14an, Alexander Graham Bell-ek telefono elektromagnetiko batentzako lehen patentea eskatu zuen, nahiz eta azken berrien arabera telefonoaren benetako asmatzailea Antonio Meucci italiarra izan zen. Edozelan ere, ikerketak askoz ere lehenago hasita zeuden. Robert Hook-ek 1667. urtean jakinarazi zuen tentsioan dagoen hari batek soinua transmiti dezakeela. 1820. urtean, Hans Christian Órsted daniarrak aurkitu zuen korronte elektrikoek eragina zutela orratz magnetikoetan.

Elektromagnetis-moa aurkitu zuen. Horretaz baliatuta, hogei urte geroago Morse Telegrafoak martxan zeuden. 1878. urtean, munduko lehen telefonia-zerbitzua jarri zuten abian Estatu Batuetako New Haven hirian. Geroztik, telefono-sarea mundu osoan zehar hedatu zen, hasierako kablez betetako zutoinak, lur azpiko eta ur azpiko kableek ordezkatu zituzten, teknologiaren aurrerapenari esker gaur egungo haririk gabeko teknologietara iritsi arte.

Hitzak grabatzeko

Kazetarien lana astindu eta arindu zuen beste mirari teknologiko bat grabagailua izan zen. Gurera iritsi zen arte, kazetariak arkatzari edo boligrafoari eta paperari lotuta bizi ginen. Libreta eta arkatza edo boligrafoa kazetariontzat arotzentzat belarriko arkatza bezala ziren, geure jantziaren parte. Gaur egun ezin esan desagertu direnik edo desagertzear daudenik, baina bai duela urte batzuk baino gutxiago erabiltzen direla. Izan ere, kazetarien ezaugarri nagusietako bat –aitor dezagun– alferkeria da. Hortaz, prentsaurrekoetan, elkarrizketetan… grabagailuak nagusi izaten dira.

Egungo erredakzioetan ordenagailuak dira jaun eta jabe.

Eskuz idazteko tresnak ere, badaezpada, eramaten dira, baina hizlariak norberak idazten duena baino azkarrago hitz egiten duela jabetu orduko, itxurak egiteko edo paperak marrazkiz betetzeko beste ezertarako ez dute balio izaten. Noski, duela urte batzuetako grabagailuek ez dute zerikusi handirik gaur egungoekin. Berriek, tamainaz txiki-txikiak izanda ere, askoz ere hobeto grabatzen dute, grabazioan gauza jakinak azkar aurkitzeko aukera ematen dute, zinten grabazio-denbora bikoizten uzten dute...

Aurkezpen, prentsaurreko, jendaurreko bilkura eta abarretan grabagailuek presentzia handia duten arren, hutsaren pare dira telefono mugikorren ondoan.

Telefono-deia egiteak –bizkor egiteak alegia– benetako garrantzia zuen egun haietan telefonoak ez ziren hain eskura egoten. Telefono-kabinak baziren, baina ez norberak nahi zuen tokian eta unean, eta okupatuta egoten ziren; erakundeetan bertako telefonoa erabiltzeko baimena eskatu behar izaten zen, baimena eskatu barik erabil zitezkeen telefonoetara lankideak bizkorrago irits zitezkeen... labur esanda, telefono mugikorrek kazetarion lan-egoera eskasa hobetzea ekarri zuten. Edo beharbada ez.

Eztabaida hori, dena den, ez da lerro hauetarako. Kontua da telefono mugikorrei esker kazetariaren, lantokiaren eta lankideen arteko komunikazioa lehen baino askoz ere osotuagoa dela. Eta gero eta osotuagoa izaten jarraituko du, telefono mugikorrek –musikatxoak aldatzea bezalako txorakeriekin batera– benetako aukera eraginkor gehiago dituztelako orain, posta elektronikoa eta Interneterako sarbidea, besteak beste.

Grabagailua

1935. urtean, AEG Telefunken eta IG Farben enpresek pelikula magnetiko batez estalitako plastikozko banda fabrikatu zuten. Grabagailuaren jatorria zen hori, magnetofonoa. Asmakizuna Alemanian hasi zen erabiltzen, baina, Bigarren Mundu Gerra bukatu eta gero, alemaniarren zenbait tresnaz jabetu ziren aliatuak, tartean magnetofonoak. Horrekin grabagailuen ekoizpen komertziala hasi zen.

Maketatzeko? Mac-ak

Telefonoa eskura izateak abantailak ekarri dizkie kazetariei.

Eta posta elektronikoa zein Internet aipatuta, artikuluan zehar zeharka aipatu den arren, ezin albo batera utzi ordenagailua. Ordenagailuek aukera ugari badituzte ere, gure lanbide honetara idazteko makina ordezkatzera iritsi ziren. Ofizio honetan testu prozesatzaile huts gisara erabiltzen hasi ziren eta, idazteko makinari buruz jardun dugunean agertu denez, horretan ekarpen bikaina egin zuten. Gerora maketak egiteko, marrazkiak edo infografiak egiteko, eta argazkiak tratatzeko lana gehitu zitzaien.

Dena den, ez pentsa ordenagailua iristearekin bukatu zirenik maketatzaileen buruhausteak, ordenagailu arruntak ez zeudelako horretarako prestatuta. Macintosh ordenagailuek eragin zuten iraultza, gehienbat diseinatzaile grafikoen beharrei erantzuten saiatu baitziren. Estetikaz ere, Mac-ak desberdinak ziren, sagua baitzuten eta PC-ek ez. Hala ere, hasiera hartako ordenagailuak oso motelak –gaitasun txikikoak– ziren idatzizko komunikabideek zituzten beharretarako, batez ere irudiak txertatu behar zirenerako. Prozesatzaileen gaitasuna eta abiadura hazi ahala iritsi da benetako aldaketa.


Idazmakina

Lehen idazmakina Estatu Batuetan egin zuen 1829an William Austin Burt-ek. Karaktereak edo hizkiak gurpiltxo batean jartzen ziren eta gero presioa egiten zen paperean. Eskuz idaztea baino motelagoa zen. 1833. urtean Xabier Progin frantziarrak idazmakina berri baten patentea lortu zuen; berrikuntza zera zen: karaktere bakoitza palankatxo batean jartzen zela. Lerroen arteko distantzia –lerroartea– kontrolatzeko arrabolaren ekarpena Charles Grover estatubatuarrak egin zuen 1843. urtean. Ondorengo urteetan hainbat asmatzaile, itsuek irakurtzeko aukera izan zezaten, erliebezko makinak egiten saiatu ziren. Horrela, 1856an hizkiak erliebean grabatzen zituen makina asmatu zuten, baina letrak orrialde batean grabatu beharrean paper-zerrendatan grabatzen ziren. Urte berean, hizkiak euskarri zirkular batean eta teklak pianoetan bezala jarrita zituen makina patentatu zuten. Lanean jarraitu eta 1873. urtean, New York-eko Remington and Sons lantegian, idazmakinak ekoizten hasi ziren.

Idazmakina modernoen aitzindaria zen: papera arrabol batean jartzen zen, teklak zanpatzearekin eskuinetik ezkerrera mugitzen zen, hizkiko jauzi bat. Palanka baten bidez, arrabola eskuinera eramaten zen berriro eta gorantz eragiten zitzaion. Hizkiak euskarri zirkular batean zeuden jarrita. Hizkiek tintaz betetako zinta jotzean, horrek arrabolaren gainean zegoen papera marrazten zuen. Lehen idazmakina haiek, soilik maiskulaz idazten zuten. 1878an, arrabola jaitsarazten zuen gailua eta tekla bikoitza asmatzean, maiskulaz zein minuskulaz idazten hasi ziren. 1880-90 hamarkadan, Estatu Batuetan, bi idazmakina-eredu berri agertu ziren, Blickensderfer-en gurpilezko idazmakina eta Hammond-en idazmakina. 1912. urtean idazmakina eramangarriak atera ziren, 1925etik aurrera elektrikoak erabiltzen hasi ziren... eta garapenez garapen gaur egungo idazmakinetara iritsi dira: idazmakinak aldi berean fotokopiagailu, ordenagailu, fax eta inprimagailu bihurtu dira.

Ordenagailua

Ordenagailu analogikoak XX. mendeko lehen urteetan agertu ziren. Ardatz eta hortz birakarietan oinarritutako makina haiek kalkuluak egiteko erabiltzen ziren. Bigarren Mundu Gerran Ingalaterrako ikertzaile-talde batek lehen ordenagailu digital elektronikotzat hartzen dena egin zuen, Colossus ordenagailua. 1943ko abenduan hasi zen lanean. 1.500 balbula eta hutsezko hodi zituen. Gero ordenagailu handiagoak ere egin ziren, ENIAC ezaguna bezala, 18.000 balbularekin. 1950eko hamarkadaren bukaeran, trantsistorea asmatu zenean, ordenagailu txikiagoak eta ahalmen handiagokoak egiteko aukera sortu zen.

1960ko hamarkadaren bukaera zirkuitu integratua asmatu zen, eta, ondorioz, plaka bakarrean trantsistore bat baino gehiago jartzeko aukera sortu zen. Mikroprozesadorea errealitate izan zen 1970eko hamarkadaren erdian, zirkuitu integratuak –plaka bakarrean trantsistore ugari jartzeko aukera ematen duten horiek– agertu ziren arte. Orduan hasi ziren agertzen ordenagailu pertsonalak eta orduan hasi zen ordenagailuen benetako eragina.

Aurrerabidean

Aipatutako guztia eta askoz ere gehiago egiten dute gaur egungo ordenagailuek, baina eguneroko idatzizko kazetaritzaren ikuspuntutik begiratuta, iraultza nagusia Internet izan da.

Internetekin informazio-iturrietarako sarbideak berdindu egin dira, on line elkarrizketak egin daitezke, bideo-konferentziak antolatu, argazkiak jaitsi, bahiturak hautsi… guztia sagua erabilita. Eta, martxa honetan, ahotsaren ezagutza garatzen ari diren sistemei esker, saguak eta teklatua erabili beharrik ere ez da izango, ordenagailuari diktatu egingo zaio artikulua.

Ordenagailu eramangarriak, teknologiaren puntako asmakizuna.

Ez hori bakarrik; Internetekin kazetari askoren lan egiteko modua erabat aldatu da. Sasoi batean agenda ona edukitzea, toki jakinetan konfiantzazko eta konfidentziazko lagunak izatea, hainbat tokitarako sarbidea edukitzea… ezinbestekoak ziren kazetaritza-lan txukuna egiteko –lan itzela egiteko hori baino gehiago behar zen–. Agintariei telefonoz deitu behar zitzaien, beren idazkariekin detailetxoren bat edo beste izan, kirolariekin parkean tupust egin behar izaten zen, ezagun hura egunero joaten zen jatetxera agertu, galderak egin honi, galderak besteari, begirada bat emateko dokumentuak eskatu bati, kalea zapaldu beharra egoten zen… harreman pertsonalek garrantzi handia zuten. Inpertsonalizazioa eta informazioaren berdintasuna –onerako zein txarrerako–, berriz, nagusi dira XXI. mendearen hasieran.

Gaur egun, bistan denez, gauzak bestelakoak dira. Kazetariak sarri askotan eguerdi aldera iristen dira lantokira. Ordenagailua pizten dute, posta elektronikoari irakurketa bizkorra egin, atentzioa ematen dien hari begiratu eta jaso egiten dute. Gero, eguneroko bileran gaia erabakitzen dute, berriro ordenagailura jotzen dute, informazioa bilatu, argazkiren bat edo beste eskuratu, telefono mugikorrarekin deiren bat egin… eta, azkenik, idazteari ekiten diote. Azkenik? Ordenagailu eramangarria asmatu zenetik ezta hori ere, askok etxera eramaten baitute lana. Aurrerabidea omen da. Eskerrak kazetarien ezaugarri nagusia –alferkeria– gordetzen dugunoi seinalerik edo bateriarik eza bezalako aitzakiak geratzen zaizkigun!

Telefono mugikorra

Asmatu 1960ko hamarkadan asmatu zen, baina 1979 urtera arte ez zen telefono mugikorren sistema abian jarri, Tokion. Hala ere, 1983. urtera arte, Motorolak Estatu Batuetan indarrean jarri zuen arte, ez zen benetako haririk gabeko telefonia-zerbitzuen aroa hasi.

Internet

Internet ordenagailuak komunikatzeko sare informatikoa da. Interneteko protokoloa (IP) eta Transmisioaren Kontrol Protokoloa 1973. urtean garatu ziren. Hasieran, sareak ARPAnet izena zuen, eta Estatu Batuetako hainbat unibertsitate, erakunde, eta ikerketa-laborategi elkarrekin konektatzen zituen. Weba 1989 urtean hasi zen garatzen.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia