}

Chandra eta Hubble elkarlanean

2003/03/06 Elhuyar Zientzia

NGC 3079 galaxiaren irudi hau Chandra eta Hubble behatokien neurketak bateratuta lortu da. X izpien Chandra behatokiari kolore urdineko eskualdeak zor zaizkio; gorriak eta berdeak, aldiz, Hubble-ri. Emaitza ikusgarria eta esanguratsua da.

Astronomoei galaxiaren erdialdetik gora ikusten diren filamentuek eman diete atentzioa. Filamentu horiek gasa dira, gas beroa (dozenaka mila gradu zentigradu) eta gas oso beroa (dozenaka milioi gradu zentigradu). Gasezko filamentuak aztertu ondoren, nola sortu diren ondorioztatu dute astronomoek. Galaxiaren erdialdetik gasezko superhaizea irteten da abiada bizian eta zuloa eragiten du galaxiaren diskoko gas hotzean. Astronomoen arabera, fenomeno horrek sortu ditu dorre gisako filamentuak. Superhaizeak gas-zatiak zuloaren paretatik erauzi eta berotu egiten ditu.

Superhaizea galaxiaren erdigunean zulo beltz bat dagoelako sortzen da, edo galaxiaren barnean supernoba leherketa bat gertatu delako. Ustez, superhaizeak zeregin garrantzitsua du galaxiaren eboluzioan: izar berrien sorrera erregulatzen du eta elementu astunak galaxiaren kanpoko eremuetara zabaltzen ditu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia