}

Iberiar penintsulako azken 8.000 urteetako historia genetikoa argitaratu da

2019/03/14 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Science aldizkariak Iberiar penintsulako azken 8.000 urteetako historia genetikoa azaltzen duen lana argitaratu berri du. Hainbat aztarnategitan bildutako 271 iberiarren DNA aztertu dute, eta zehaztu dute zer-nolakoa izan zen urte haietako migrazioek eragindako fluxu genetikoa. Erdialdeko Europatik penintsulara etorritako migrazioen eragina oso handia izan zela argitu dute; ia gizonezkoen populazio osoa ordezkatzerainokoa. Eta agerian jarri dute euskaldunok penintsulako beste populazioekin ditugun desberdintasun genetikoak azken 2.000 urtekoak besterik ez direla.
iberiar-penintsulako-azken-8000-urteetako-historia
Iberiar penintsulako historia genetikoaren irudikapena. Arg. Olalde et al.

Iberiar penintsulako aztarnategietan azaldutako hezurrekin, antzinako DNAren azterketa erraldoia egin dute David Reich eta Carles Lalueza-Fox ikertzaileen zuzendaritzapean, azken 8.000 urteetan Iberiar penintsulan eragin genetiko handiena izan duten migrazioak identifikatu nahian. Emaitzen arabera, Erdialdeko Europatik etorritakoek, erromatarrek eta musulmanek utzi zuten arrasto genetikorik nabarmenena.

“Lortu dugun emaitzarik ikusgarriena eta zeresan handien emango duena da duela 4.500 urte inguru, Brontze Aroan kokatutakoa: Errusiako estepatik Erdialdeko Europara eta handik Iberiar penintsulara etorritako migrazioek izugarrizko eragin genetikoa izan zuten penintsula osoan, baita euskaldunongan ere” –adierazi du Iñigo Olalde Bostoneko Harvard Medical School-eko ikertzaile eta lanaren egile nagusietako batek-. “Gure emaitzen arabera, penintsulako populazio lokalekin nahastu eta populazio homogeneoa sortu zuten, kanpoko populazioen % 40ko arbasotasuna zutenak. Baina gizonezkoen leinuei begiratzen badiegu, ikusten da denak kanpotar jatorrikoak direla. Alegia, Kristo aurreko 2.000. urtea baino lehenago penintsulan bizi zen lerro maskulino osoa kanpotik etorritako populazioez ordezkatu zen”. Emakumezkoek kanpotik etorritako gizonezko horiekin izango zituzten ondorengoak, eta 500 urte nahikoak izan ziren gizonezkoen ordezkapen osoa gertatzeko, Olalderen esanetan.

Ciudad Realeko hilobi honetan, jatorri oso desberdineko bikotea aurkitu zuten elkarrekin lurperatuta: emakumezkoa, urte luzez penintsulako biztanle izandakoen jatorrikoa, eta gizonezkoa, Erdialdeko Europatik etorritako artzainen ondorengoa. Arg. Luis Benítez de Lugo Enrich eta José Luis Fuentes Sánchez
Iñigo Olalde, Bostoneko Harvard Medical School-eko ikertzailea. Arg. Iñigo Olalde

Geroko Burdin Aroa ere garai interesgarria da, hori baita Iberiar penintsulan hitz egiten ziren hizkuntzen berri dagoen garairik zaharrena. Hizkuntza ez indoeuroparrak hitz egiten ziren Euskal Herriko eremuan (euskararen aurrekaria) eta mediterraneoan (iberoa), eta hizkuntza indoeuroparrak penintsularen erdi eta mendebaldean (hizkuntza zeltikoak). “Eremu horietako indibiduoak aztertu ditugu, argitzeko hizkuntzetan ikusten ziren desberdintasun horiek bat egiten ote zuten arbasotasunarekin”-dio Olaldek. “Oso jatorri desberdineko hizkuntzak hitz egin arren, antzeko arbasotasuna zutela ikusi dugu: Erdialdeko Europatik penintsulara etorritako haiekiko antzekotasun genetiko handia dute”. Burdin Aroa amaitu eta Garai Klasikoan sartutakoan galdu ziren guztiz hizkuntza zeltikoak eta iberoa, erromatarrak iristearekin batera.

Euskal Herrian, ordea, ez zen hizkuntza galdu, ez duela 4.500 urteko Erdialdeko Europako migrazioekin, ez eta erromatarren etorrerarekin, eta Mendebaldeko Europako hizkuntza aurre indoeuropar bakarra da egun. “Ikusi duguna da egungo euskaldunek antza genetiko handia dutela Burdin Aroko populazioekin. Gainerako populazioetan, geroago iritsitako populazioen arrasto genetiko handiak dituzte: erromatarrak, musulmanak… Euskaldunongan, ordea, ez zuten eragin genetikorik izan” –dio Olaldek. “Lehen esaten zen euskaldunak mesolitikoko populazioen jarraipena izan zitezkeela, duela 8.000 urtekoa. Gero neolitikoko jarraipena zirela esan zen. Baina gure datuek erakusten dute duela 4.500 urteko migrazioek gurean ere eragina izan zutela, eta azken 2.000 urteetakoa dela desberdintasun nagusia, Burdin Arotik”, argitu du Olaldek.

Afrikako iparraldeko jatorria duen gizonezkoa aurkitu zuten penintsulako erdialdean, Kobre Arokoa. Arg. Miguel Rodríguez Cifuentes

Iberiarrek milurteko hauetan Afrikako iparraldearekin izandako interakzioa ere aztertu dute ikertzaileek. Izan ere, duela 4.500 urteko afrikar gizoneko baten hezurrak identifikatu dituzte penintsulako erdialdean, musulmanak iritsi baino askoz ere lehenagokoa. “Gure emaitzek erakutsi dute garai hartan jada bazegoela jendearen mugimendua ere, txikia izango bazen ere. Handik ekarritako marfila aurkitu izan da. Gibraltarko Itsasartea zeharkatuta etorri ziren”.

Lanak emandako emaitzez harago, antzinako DNA aztertzeak egungo populazioen eraketa deskribatzeko balio duela azpimarratu dute ikertzaileek.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia