Ibaietako arrain migratzaileak, gainbehera larrian

Angulak. - Arg. Jack Perks/Shutterstock.com.


Ur gezako arrain migratzaileak desagertzeko arriskuan daude, Nazio Batuen Espezie Migratzaileen Kontserbazioari buruzko Konbentzioak aurkeztu duen txosten erakutsi duenez. Txosten horren arabera, lehendik zerrendatuta zeuden 24 espeziez gain, beste 325 arrain-espeziek ere babes-neurriak behar dituzte. Zerrendan dauden espezieetatik 50 Europakoak dira, eta horien artean daude aingira, izokina eta kolaka.

Azterketak erakutsi duenez, ur gezako arrain migratzaileen populazioak %81 jaitsi dira 1970etik. Gainera, zerrendan dauden espezieen ia %97 desagertzeko arriskuan daude.

Gainbehera horren atzean daude, besteak beste, presak, azpiegitura hidraulikoak eta ibaietako konektibitatea eteten duten bestelako oztopoak. Arrain askok ibai-korridore luze eta etenik gabeak behar dituzte ugalketa-, elikadura- eta hazkuntza-eremuak lotzeko. Bide horiek eteten direnean, populazioak azkar murrizten dira. Bestetik, kutsadura, gehiegizko arrantza eta klima-aldaketa ere ari dira espezie horien gainbehera eragiten.

Txostenak azpimarratzen du espezie horiek planetako mehatxatuenen artean daudela, eta haien kontserbazioa ezin dela ulertu nazio bakarren ikuspegitik: askotan, arrain migratzaileek hainbat herrialde zeharkatzen dituzte beren bizi-zikloan. Horregatik, nazioarteko lankidetza indartzea funtsezkoa dela nabarmendu dute adituek. Neurri praktikoak ere proposatu dituzte: migrazio-korridoreak babestea, emari ekologikoak bermatzea, arro-mailako kudeaketa-planak ezartzea eta arrantza modu koordinatuan arautzea.

Egoitz Etxebeste Aduriz

Elhuyar Zientzia

«Nazioarteko ekintza premiazkoa dela ohartarazi du Nazio Batuen Erakundeak»

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali

Ura

Aldizkaria

Kolaboratu

Zure lana argitaratzea nahi duzu?

Gai zientifiko bati buruzko artikulu bat baduzu, bidali eta sarean zein aldizkari inprimatuan argitaratu dezakegu.

Bidali