}

Ibaiertzetako basoak eta ibar-basoak Euskal Herrian

2001/04/01 Estonba Mintxero, Mikel Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ibaiertzetako baso eta ibar-basoen egoera oso desberdina da isurialde atlantikoko edo mediterraneoko ibaietan. Lehenengoetan, orografia malkartsuaren eraginez gizakiaren kokaleku nagusiak haranen behealdeetan daudenez, bertako ibai eta ibaiertzek giza presio handia jasan dute aspaldidanik. Hasiera batean, nekazaritzarako lurrak lortzearren desagertu ziren ibaiertzetako baso gehienak. Hala ere, eraginik handiena iraultza industrialarekin eta berak ekarri zuen hazkunde demografikoarekin gertatu zen.

Bai industriak zituen lur-beharrak, baita hiri eta herrien hazkundeak eragindakoak ere, ibaiertzen eta, askotan, ibaien kontura ase ziren eta asetzen dira oraindik ere. Horren ondorioz, azken muturreraino urbanizatutako ibaien kanalizazio basatiak ohiko bilakatu ziren. Horrek ibai eta ibaiertzen balio naturalak eta ekologikoak desagerrarazi zituen eta nozitzen hasiak ziren poluzio-arazoak areagotu zituen.

Hori dela eta, isurialde atlantikoko ibai eta erreka gehienen ibaiertzetako basoak azkenetan daude eta gelditzen direnak mehatxupean bizi dira, teorian ibaien gaineko politikek eta planteamenduek ikuspegi naturala eta ekologikoa kontuan hartzen badute ere, eguneroko kontua baitira ibaien kanalizazioak eta ibaiertzen suntsidura.

Egoera tamalgarri horretan, gutxi dira egun arte ibaiertz egituratu eta naturalak gorde dituzten ibaiak. Horien artean, aipamen berezia merezi dute Zuberoa zeharkatzen duen Uhaitzandi ibaia, Errobi ibaia, Baztan-Bidasoa ibaia, Urumea ibaiaren goi-ibilgua edo Leitzaran bailara.

A. Elosegi

Isurialde mediterraneoko ibaien egoera, oro har, zertxobait hobea da. Alde batetik, ibai handiagoak izan ohi dira eta, bestetik, orografia lauagoari esker, ibai eta ibaiertzei eragindako giza presioa ez da hain handia. Dena dela, ingurune horietan nekazaritzak garrantzi handia du, eta jarduera horrek behar dituen lurrak lortzeko, sarritan, ibar-basoak arrasetik moztu eta luberritu egin dira, eta bestetan, ibar-basoetako zuhaitzak bota eta horien ordez makal hibridoak landatu egin dira, alderdi horien balio ekologiko eta naturala nabarmen gutxituz.

Ibar-basorik zabalenak eta aberatsenak Ebro eta Aragoi ibaien ertzetan daude: Lobera, Campo Allende, Lopez-Val, Recuejo, Campo Llano, Escueral, Quebrado, La Mejana, Traslapuente, Girardelli... dira, besteak beste, bi ibai handi horien inguruan gorde diren zenbait ibar-baso garrantzitsuren izenak.

Baia, Zadorra, Arga eta Ega ibaietan ere daude zenbait ibar-baso zabal eta aberats. Hala ere, Argaren kasuan, horietako gehienak nahiko bereziak dira, bertan duela urte batzuk burutu ziren kanalizazioen ondorioz, garai batean ibaiek eratutako hainbat meandro eta bigarren mailako ubide isolatuta geratu baitziren eta, horregatik, gaur egun ibaietatik at agertzen zaizkigu. Isolatutako ibar-baso horietako batzuk, hala ere, egitura naturala gorde dute eta, horri esker, gehienak babestuta daude gaur egun, hala nola, Azkoien, Funes eta Faltzes herrietatik hurbil dauden Arquillo, Barbaraces, Gil, Muga edo Santa Eulalia ibar-basoak.

Garai batean ibar-basoek hartzen zuten hedadura gaurkoarekin parekatzerik ez badago ere, Nafarroan egun arte gorde diren gehienak Erreserba Natural edo Barrendegi Natural bezala babestu ditu Nafarroako Gobernuak, eta horrek, ibar-basoen aurkako erasoak erabat gelditu ez baditu ere, eraso horiei aurre egiteko zenbait tresna eskaintzen du. Dena dela, askotan tresna edo araudia ez da nahikoa hura indarrean jartzeko borondaterik ez badago. Arabako ibar-basoen egoera, ordea, oso bestelakoa da, ibai eta ertzen legedi orokorraz gain, oraindik ez baita martxan jarri ingurune natural baliotsu horiek babesteko inongo neurririk eta horrek gure ondare naturalaren zati garrantzitsu horrek arriskupean jarraitzea eragiten du.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia