}

Hwang-en kasua

2006/03/01 Orive Arroyo, Gorka - Farmazian doktorea. Biofarmazia, Farmakozinetika eta Farmazia-teknologiako irakasle kolaboratzaileaFarmazia Fakultatea UPV-EHU, Vitoria-Gasteiz Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zelula amen ikerkuntzan beste atal bat idatzi dute azken asteotan. Duela hilabete batzuk berri onak eman genituen --zelula berezi horiek lortzeko bi teknika berritzailez aritu ginen orduan--; baina, oraingo honetan, zoritxarrez, berriak guztiz negatiboak dira. Ikerkuntzaren alde beltza ezagutu dugu; pausoz pauso, gainera, Agatha Christie-ren intrigazko eleberri bat irakurtzen ariko bagina bezala. Science eta Nature aldizkariek istorio penagarri honen kapituluak tantaka argitaratu dituzte, pixkanaka, astero-astero. Pentsatzen dut zuetariko askok dagoeneko asmatu duzuela Woo Suk Hwang ikertzaile korearrak eginiko iruzurrak direla eleberri honen protagonista.
Hwang-en kasua
2006/03/01 | Orive Arroyo, Gorka | Farmazian doktorea. Farmaziako irakasle lankidea
(Argazkia: Seulgo Unibertsitatea)

Intrigazko eleberrietan, hiltzailea nor den jakitea izan ohi da helburua. Kasu honetan, hasieratik dakigu hori. Baina zergatiak, motibazioak, estrategiak, salatariak, traizioak... ezagutzea irakurraldiaren zati interesgarriena ere izaten da. Eta, hain justu, hori da Hwangen kasua -ren helburua.

Aldez aurretik esan beharra dago Hwang korearra ez dela zientzialari ezaguna bakarrik. Bere sorterrian, Hwang idolo bilakatu zen 2004ko martxoko artikuluaren ondoren. Eta ez zen gutxiagorako. Artikuluaren arabera, talde korearrak gizaki baten enbrioi klonatu batetik zelula amak garatzea lortu zuen, mundu osoan lehenengoz.

2005eko maiatzean, Hwangek eta haren taldeak beste egitandi bat gauzatu zuten, eta berriz astindu zuten zientzia-mundua: genetikoki bateragarriak ziren zelula amak lortu zituzten 11 gaixotatik. Azken horiek hainbat gaixotasun zituzten, diabetesa, immunitate-erantzunaren asaldurak eta nerbio-sistemaren endekapen-gaitzak, besteak beste. Beraz, Hwangen taldeak izugarrizko pausoa eman zuen egunen batean gaixotasun horiek guztiak tratatzeko gai izango diren zelula bateragarriak eta funtzionalak lortzeko bidean. Bi lan haien ondorioz, inork ez zuen zalantzarik egin: Hwang eta haren taldea aitzindariak ziren munduan zientzia-arlo horretan.

Hwang-ek bere laborategiko ikertzaileek emandako obuluak erabili zituen ikerketan; ikertzaileek aitortu dute nolabaiteko presioa jasan zutela obuluak emateko.
Kyushu Unibertsitatea

Orain badakigu zientzialari ospetsuak gezurra esan zuela bi artikulu haietan, emaitza asko faltsutu egin zituela. Gizakien enbrioietatik lortutako zelula amak ez ziren lortu transferentzia nuklearra deritzon teknika aplikatuz. Gainera, ikertzaileak aitortu du zelula amak ez zirela 11 gaixorenak. Egoera horren aurrean, lehen galdera hau da: Zergatik? Zerk eraman zuen Hwang horrelako gauza bat egitera? Izan ere, zer pentsatuko ote dute orain ikerketa-lerro horretan milaka ordu sartu dituzten zientzialari gazte ezezagunek, behin gezurtia harrapatu ondoren?

Zaila da galdera horri erantzun logikoa aurkitzea. Ikerkuntzaren munduan etika ona izatea funtsezkoa da, ez bakarrik norberaren emaitzekin, baita besteren emaitzak balioesteko ere. Etikaren eta iruzurraren arteko muga ez dago hain urrun, ordea, eta, agian, presioak, botereak, handinahiak, edo beldurrak eragin dezakete momentu batean bide okerretik abiatzea. Hala ere, oraindik ulertezina egiten zait zer lortu nahi zuen Hwangek emaitza faltsuekin, kontuan izan behar baita --eta hark bazekien--, ikerketak argitaratu bezain laster mundu osoko ehunka laborategi jo eta ke saiatuko zirela Hwangek egindakoa errepikatzen, eta ez zutela inoiz lortuko.

Salaketa bat erantzungailuan

Intrigazko istorio honen lehenengo atala 2005ean Science aldizkarian publikatutako azken artikuluaren ondoren hasten da. Ekainean, hain zuzen ere, ikerketa-kazetaritzako PD Notebook telebista-saio korearrak telefono-mezu berezi bat jaso zuen. Mezu hark zioen Hwang famatua datuak ezkutatzen ari zela, eta dei egiten zien kazetariei benetan zer gertatu zen ikertzeko.

Artikulu faltsuak Science aldizkarian argitaratu zituen. 2004ko martxoan lehena eta 2005eko ekainean bigarrena.
ArtxibokoaK

Telebista-saioren egileek lanari ekin zioten eta mezua bidali zuen Hwangen taldeko kolaboratzailea elkarrizketatzea lortu zuten. Hark bi salaketa egin zituen. Batetik, esan zuen 2004an Hwangek erabilitako zenbait obulu laborategiko kolaboratzaileek emanak zirela. Hori egitea, berez, ez zen legez kanpokoa Korean, baina nazioarteko zientzia-komunitateak ez zuen begi onez ikusi. Bestetik, 2005eko artikuluaren egiazkotasuna zalantzan jarri zuen, nahiz eta froga sendorik ez izan. Kazetariek, baina, ez zioten garrantzi handirik eman hasieran azken salaketa hari; bai, ordea, obuluen jatorriaren polemikari.

PD Notebook ikerketa-saioko kazetariek talde korearraren inguruan zeuden zalantza guztiak argitzeari ekin zioten, eta lortu zuten, nahiz eta kritika handiak jaso dituzten horretarako erabilitako metodoak direla eta. Izan ere, besteak beste ezkutuko kamerak erabili zituzten, tartean egon zitezkeen guztiak elkarrizketatu eta informazioa lortzeko. Peskiza horien emaitzei esker, ikerlanetan erabilitako obuluak bere ikertzaile gazteenak zirela aitortu zuen Hwangek 2005eko azaroan.

Hurrengo asteetan, 2005eko artikuluaren baliozkotasuna frogatzen saiatu ziren kazetariak. Horretarako, artikuluan parte hartu zuen laborategiko kolaboratzaile bat elkarrizketatu zuten ezkutuko kamera batekin. Zenbait prozedura eztabaidatsu erabili ondoren, kazetariek beren helburua lortu zuten: kolaboratzaileak onartu zuen, Hwangen aginduei jarraiki, zenbait argazki bikoiztu egin zituela, zelula ezberdinak zirela irudikatzeko asmoz.

Ordutik aurrera, jazarleak jazartu bilakatu ziren, nolabait. Izan ere, nahiz eta lan bikaina egiten ari ziren, bizimodua eta lana asko zaildu zitzaizkien kazetariei. Herrialde osoa erabat kontra jarri zitzaien Hwang idolatratuaren lana hankaz gora jarri ondoren. Gainera, elkarrizketatuetako batek kazetarien metodo eztabaidatsuak salatu ondoren, babesleek laguntza kendu zioten PD Notebook saioari, eta, joan den urteko abenduaren hasieran programaziotik kendu egin zuten, artean azken elkarrizketatuen aitormenak kaleratu gabe zeudela.

2005ean argitaratutako irudi bat. Argazki horietako batzuk manipulatuta daude zelula desberdinak direla irudikatzeko.
Science

Bigarren rounda Interneten

Hwangen garrantzia, boterea eta nazioarteko kolaboratzaileekin zituen harremanak kontuan izanez gero, pentsa zitekeen istorioa horretan amaituko zela. Hala ere, egun gutxi batzuk geroago, mezu anonimo batek kezka piztu zuen berriro ere. Puntako zientzia-ikerketen berri ematen duen web gune korear batek jaso zuen mezua, eta, mezu hartan Hwang ikertzailearen lanean zeuden bikoiztutako argazkiak bilatzeko deia egiten zien norbaitek. Hura jaso bezain laster, beste ehunka mezu iritsi ziren web gunera itxuraz bikoiztuta zeuden argazkiak salatzeko. Era berean, foro antzeko bat sortu zen Interneteko anonimoen artean, lortutako datuei buruz eztabaidatzeko.

Egoera larria zela ikusita, baten batek Science aldizkarira idaztea proposatu zuen, lortu zituzten datuen berri eman eta salatzeko. Hala ere, ordurako Science aldizkariko editoreek bazekiten argazki haiekin zeuden arazoen berri, Hwang ikertzaileak berak aitortuta. Alabaina, une haietan ez zuten garbi argazkiena akats bat izan zen, ahazte bat edo faltsutze bat, eta Hwangen lanen gaineko uste onari eutsi zioten; ez zuten nahi zientzia-munduak itxaropenik galtzea.

Bigarren aldiz, bazirudien bere lanen gainean bueltaka zebiltzan mamuak aldentzea lortuko zuela ikertzaile korearrak. Baina, suspensezko istorio guztiak bezala, gauzak era batera gauzatuko direla dirudienean, bat-batean zerbait gertatu eta inork pentsatzen ez duen amaiera batera iritsi zen Hwangen kasua ere.

Ustez klonazioz lortutako zelula amak gaixoekin bateragarriak ez zirela erakusten zuten DNA aztarnek utzi zuten azkenean agerian Hwang-en iruzurra.
Giza genomaren AEB-etako Institutua

Hain justu, beste mezu bat agertu zen, eta mezu hark oso datu baliagarriak eman zituen, zelula amak 11 gaixorenak ez zirela baieztatzen zutenak. Datu haiek erakusten zuten ustez klonazioz lortutako zelula amen DNA-aztarnak (DNA bakoitza identifikatzeko eta haren jatorria ezagutzeko erabiltzen den froga) ez zetozela bat gaixoen DNA-aztarnekin, hau da, zelula amei buruz publikatutako emaitzak erabat faltsuak zirela. Eta, ordutik aurrera, elur-pilota batek bezala egin zuen aurrera eleberriak: komunikabide eta zientzia-aldizkari guztiek informazioaren berri eman zuten, eta hainbat laborategi eta unibertsitate beren kabuz ikertzen hasi ziren, Hwangen artikuluen xehetasun guztiak jakiteko asmoz.

Iruzurra agerian

Gaur dakigunez, 2004ko eta 2005eko artikuluak faltsuak dira. Dirudienez, klonatutako zelula amatzat hartu ziren zelulak partenogenesia deritzon prozeduraren bidez lortutako zelulak dira. Prozedura horretan, ernaldu gabe dagoen obulua nahita edo nahi gabe zatitzen hasten da, eta horiek erabili zituzten zelula amen datuak faltsutzeko. Baina prozedura horretan ez dago klonaziorik.

Bestalde, Hwangen taldeak bi ikerketak gauzatzeko 427 oozito erabili zituztela esaten zuen artikuluetan, baina askoz ere gehiago --bi milatik gora-- behar izan zituztela erakutsi dute beste azterketa batzuek. Erabilitako oozito-kopurua parametro garrantzitsua da teknikaren optimizazio-maila eta etekina zein diren ezagutzeko.

Kasua aztertu duen batzordeak berretsi egin du Snuppy txakurra benetako klona dela.
W.S. Hwang

Gezur horiek guztiak agerian geratu ondoren, erraza da pentsatzea Hwang ikerkuntzaz ezer ez dakien gizagaixo bat dela, baina... ezta gutxiagorik ere. Kasua aztertu duen batzordeak berretsi egin du Snuppy txakurra benetako klona dela eta 2004ko ikerketa hartan giza blastozitoak lortzeko gai izan zela, % 10eko etekinarekin. Emaitza haiek aski dira Hwang puntako ikertzailetzat hartzeko. Izan ere, berak baino lehen inork ez zuen lortu txakur bat klonatzea, eta zelula amekin emaitza horiek, berriz, zientzialari batek bakarrik erdietsi ditu.

Kalteak denentzat

Datu faltsuen polemikak ondorio latzak eragin ditu. Alde batetik, zelula amen ikerkuntzan aritzen diren profesionalentzat porrot handia izan da. Arazo eta eztabaida etiko, politiko eta erlijiosoen aurka izugarrizko aurrerapausoa ziren hasierako emaitza positibo haiek.

Bestalde, aldizkari zientifikoek ere jaso dute eurena. Izan ere, nola da posible datu faltsu horiek aldizkariek dituzten iragazki guztiak gainditzea? Begirada guztiak Science aldizkari ospetsura joan dira. Hainbat editorialetan, Science -k aldarrikatu du datu faltsuak detektatzea ia ezinezkoa dela. Beste batzuek, ordea, iragazkiak hobetzeko eskatu diote Science -ren argitaratzaileei, eta, haien aztertzaileei, txukunago lan egiteko.

Iruzur egin arren, Hwang-ek egindako benetako ikerketak punta-puntakoak dira.
A. Archut/Bonngo Unibertsitatea

Horren haritik, Nature aldizkariak zelula amei buruzko artikuluak balioesteko beste protokolo bat aurkeztu du. Adibidez, artikuluen egileek zelulen nukleoen eta mitokondrioen DNA-aztarnak bidaliko dituzte. Orain arte, nukleoaren informazioa bakarrik bidaltzea zen normalena. Gainera, lortutako zelula amak biltegi batean uzteko eskatutako dute, artikulua publikatu bezain laster beste ikerketa-taldeek zelulekin lan egiteko aukera izateko.

Argi dago Hwangen kasuak hautsak harrotu dituela zientziaren munduan. Abisu bat izan da zientzia-komunitatearentzat, aldizkarientzat, kazetarientzat, eta, azken finean, guztiontzat. Baina zelula-amen arloak ez ditu zertan ordaindu talde batek egin dituen akatsak, nahiz eta oso talde ospetsua izan. Hala ere, guztion ardura da berriz horrelako faltsutze-kasurik ez gertatzea.

38
Orive Arroyo, Gorka
3
218
2006
3
043
Etika; Bioteknologia; Medikuntza