}

Hubble, Edwin Powell

1995/08/02 Azkune Mendia, Iñaki - Elhuyar Fundazioa | Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(1889-1953)

Edwin P. Hubble astronomoa Iparrameriketako Missouri estatuko Marshfield herrian munduratu zen 1889ko azaroaren 20an. Zazpi anai-arrebetan bosgarrena izanik, gaztetan bere ikasketak Chicagoko Unibertsitatean egin zituen eta han George Ellery Hale astronomo ospetsua bere maisu izan zen.

Hubblek ordea, aukera bat egin behar izan zuen: bere sits bezala abokatu izan ala boxealari profesional gisa bizimodua atera (horretan ere oso ona baitzen). Aitaren bidea hobetsi zuen eta beka bat lortu ondoren, Britainia Haundiko Oxford-en, besteak beste Rhodes irakasle zuela, Zuzenbidea ikasteari ekin zion. Oxford-en ikasle zela, Georges Carpentier Frantziako boxealari txapeldunarekin konbate bat jokatu zuen (pisu astunetakoak ziren biak).

Zuzenbide-karrera amaitu ondoren, Iparramerikara itzuli zen eta han Kentucky-ko auzitegian lan egin zuen. Laster aspertu zen ordea eta bere urratsak astronomiara zuzendu zituen berehala. 1914. urtetik 1917.erarte Wisconsin-go Yerkes behatokian lan egin zuen.

Lehen Mundu Gerra amaitu zenean, 1919an Kaliforniako Wilson mendiko behatokian hasi zen lanean, bere esku ehun hazbeteko teleskopioa zuelarik.

Nebulosetako orban argitsuek kezkatzen zuten Hubble garai hartan. Horietako batzuk mende t'erdi lehenago Messier-ek ikertuak zituen, baina artean galdera asko zegoen horiei buruz erantzunik gabe. Orduan gure galaxiaren (gure Eguzkia dagoeneko Esnebidearen) dimentsioak Harlow Shapley-k zehatz-mehatz kalkulatuak zituen, baina gure galaxiatik kanpo Leavitt-ek aztertutako Magallaes-en Hodeiez gain, beste ezer ba ote zegoen galdetzen zen.

Galdera horri erantzuteko bidea nebulosatan zegoela pentsatu zuen Hubblek. Nebulosa batzuk gure galaxiako izarrez argitutako hauts- eta gas-hodeiak ziren zalantzarik gabe, baina beste batzuen argitasuna (Andromeda izenekoarena, adibidez) beste zerbaiten eragina zen Hubbleren ustetan. Agian nebulosa haren barruan izar motel ugari egongo zen eta haien argitasunaz gure Esnebidearen antzeko efektua lortuko zuten. Andromedaren argitasuna Esnebidearena baino txikiagoa zenez gero, Andromeda askoz ere urrutirago bide zegoen.

Andromeda nebulosan noba-motako izarrak detektatu ziren, baina Hubbleren garairarte izar arruntik ez zen detektatu. 1924. urtean ordea, bere teleskopio handiaren bidez (orduko handiena zen) Andromeda nebulosaren barruan izar arruntak detektatu zituen. Izar horietako batzuk zefeida aldakorrak zirela ere frogatu zuen Hubblek. Shapley eta Leavitt-en periodo eta argitasunaren legea erabiliz, Hubblek Andromeda Lurretik 800.000 argi-urtera zegoela kalkulatu zuen; Lurretik gure galaxiako izarrik gertuenerainoko distantzia baino zortzi aldiz handiagoa (Hogei urte geroago berez distantzia handiagoa zela frogatu zen). Andromeda beraz, gure galaxiatik kanpoko nebulosa zen.

Gero bilioika argi-urtera dauden beste nebulosa asko deskubritu ziren eta Shapley-k nebulosa horiei galaxia izena ematea proposatu zuen, zeren eta gure Esnebidea haien moduko beste bat baitzen.

Hubblek formaren arabera galaxiak sailkatzen eta beren eboluzioaz iritziak iradokitzen segitu zuen, eta 1929. urtean aurrez Slipher-ek neurtutako galaxien abiadura erradialen interpretazioa argitaratzera ausartu zen.

Berak zioenez, fenomeno hura unibertsoa etengabe hedatzen ari dela pentsatuta hobeto uler zitekeen. Hori kontutan hartuz, galaxien arteko distantzia gero eta handiagoa izango zen eta edozein galaxiatako edozein puntutan zegoen behatzailearengandik urrundu egingo ziren.

Gero, gugandik distantzia handira urruntze-abiadura argiaren abiadura adinakoa izango zen eta puntu hartatik aurrerako gauzen berririk ez genuke izango, argia bera ere gugana ez litzatekeelako iritsiko. Gugandik puntu hartarainoko distantziari Hubbleren erradio deitu zaio eta guk ezagutu dezakegun unibertso-zatia hartzen duen esferaren erradioa da. Hubbleren erradioa 13 bilioi argi-urtekoa dela estimatu dute; bestela esanda, ezagutu dezakegun unibertso-zatia 26 bilioi argi-urte diametroko esfera da.

Hubblek galaxiak elkarrengandik urruntzen an zirela 1929. urtean esan zuenean, bazekien urrutiko galaxien argia Doppler efektuaren eraginez gorrirantz lerratzen zela. Izan ere, argi-iturria behatzailearengandik urruntzen ari zenean, jasotzen zuen argiaren uhin-luzera handiagoa zen. Antzeko fenomenoa gertatzen da tren bat guregandik urruntzen ari denean jasotzen dugun soinuarekin ere. Sirenaren soinuak uhin-luzera handiagoa (tonu baxuagoa) du kanpoan geldirik dagoen pertsonarentzat tren barruko bidaiariarentzat baino.

Hubblek ordea, zerbait gehiago ere esan zuen. Harentzat galaxien urruntze-abiadura eta bertatik gureganainoko distantzia proportzionalak ziren. Urruntze-abiadura eta distantziaren arteko zatidura konstantea zela zioen (Hubbleren konstantea). Hubbleren kalkuluen arabera, konstantearen balioa 500 km/s zati 1.000.000 parsec-ekoa (3.260.000 argi-urte) zen. (Geroago frogatu zenez ordea, Hubbleren konstantearen balioa F (75/106 km/s-parsec)-ekoa da). Hubble zuzen bazegoen, galaxien urruntze-abiadura ezagutuz gero, galaxiarainoko distantzia kalkula zitekeen eta distantzia ezagutuz gero, galaxiaren tamaina ere bai.

Argitu beharreko beste arazo bat ere bazegoen, ordea. Izan ere, galaxiak elkarrengandik urruntzen ari badira, aspaldi-aspaldian elkartuta egongo zirela pentsa baitaiteke. Hubbleren kalkuluak oker ez bazeuden, galaxiak duela bi bilioi urte inguru hasi ziren elkarrengandik urruntzen.

Dena dela, geologoak ez zeuden ados zifra horiekin, beren arloko ikerketen arabera Lurraren adina gutxienez hiru bilioi urtekoa zela ziotelako. Geologoek arrazoi zuten noski, gero Walter Baade-k frogatu zuenez.

Gaur eguneko eskema kosmogoniko guztiak galaxien urruntze hau esplikatu beharrean aurkitzen dira eta teoriaren batek ez direla urruntzen badio, guk urruntzen zergatik ikusten ditugun argitu behar du.

Dena dela, orain Big Bang edo Eztanda Handiaren teoria da onartuena eta horren arabera galaxia guztiak garai batean elkartuta eta kontzentratuta zeuden. Halako batean ordea, eztanda handi baten ondorioz masa kontzentratu hura hautsi eta hedatzen hasi zen. Horretan dirau oraindik, Hubb1ek ederki frogatu zuenez.

Kaliforniako San Marinon eraman zuen heriok 1953ko irailaren 28an.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia