}

Horace Wells, anestesiaren aurkitzaile... eta biktima

2014/07/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

horace-wells-anestesiaren-aurkitzaile-eta-biktima
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Horace Wells adi zegoen ikuskizunari. Bere ondoko ikusle bat atera zen eszenatokira. Gasa arnastu, eta bat-batean beste ikusle bati begira gelditu zen. Ezezagun hura bere etsairik handiena zela sentitu zuen, nonbait. Eszenatokitik salto egin eta haren bila abiatu zen. Biktima errugabea, izututa, ihesi joan zen ziztu batean. Haren atzetik joaten saiatu zen, aulki-artean estropezuka, gasaren eraginpean zegoen boluntarioa. Ikusleak algaraka eta txaloka.

Garai hartan nahiko ohikoa zen oxido nitrosoa (irriaren gasa) dibertimendurako erabiltzea. Gardner Quincy Coltonek ikuskizunak egiten zituen gas horrekin, eta horietako bat zen 1844ko abenduaren 10eko hura. Azkenean, biktima gizarajoak ihes egin eta boluntarioa bere aulkira bueltatu zenean, Horace Wells ohartu zen hanka zaurituta zuela. Boluntarioak, ordea, ez zuen inolako minik sentitu, gasaren eragina pasa zitzaion arte. Wellsek argi ikusi zuen: gas hark mina kentzen zuen, eta hori zoragarria zen!

Izan ere, Horace Wells dentista zen. Eta anestesiarik existitzen ez zen garai hartan, dentistarenera joatea ez zen esperientzia gozoa. Wellsek berak izugarri sufritzen zuen, gainera, bere bezeroei eragiten zien minagatik; batzuetan, esku-hartze bereziki mingarriren bat egin ondoren, hainbat astez lan egiteari uzteraino. Ezin zuen jasan gaixoei hainbeste min egin beharra. Eta behin baino gehiagotan ofizioa uztekotan ere egon zen.

Horregatik, oxido nitrosoak mina kentzen zuela ikusi zuenean, ez zuen denborarik galdu. Hurrengo goizean bertan, Coltoni gas-poltsa bat ekartzeko eskatu zion. Bere buruarekin egingo zuen lehen proba. Riggs lagun dentistari eskatu zion hagin bat erauzteko. Coltonen laguntzarekin gasa hartu, eta hagina erauzi zion. "Inoizko aurkikuntzarik handiena da hau!" egin zuen oihu minik ez zuela sentitu konturatu zenean.

Coltonengandik ikasi zuen gasa nola eman gaixoei. Maskuri bat betetzen zuten gasez, eta zurezko hodi baten bidez gaixoari ahora ematen zioten, sudur-zuloak ixten zizkioten bitartean. Hurrengo hilabetean dozena bat gaixorekin egin zuen proba Wellsek; primeran funtzionatzen zuen. Orduan, Wellsen ikasle eta lankide izandako William Mortonek iradoki zion erakustaldi publiko bat egiteko. Errezeloz, baina onartu zuen Wellsek.

Massachusettsko Ospitale Nagusiko aretoan ikasle mordo bat eta hainbat mediku bildu ziren Wellsen erakustaldia ikusteko. Baina, egun hartan zortea ez zuen lagun izan Wellsek, eta gauzak ez ziren espero bezala atera. Gas gutxiegi eman zioten gaixoari nonbait, eta hagina erauzten hasi zirenean gaixoaren min-kexuak nabarmen gelditu ziren. Gero gaixoak normalean baino min gutxiago sentitu zuela aitortu bazuen ere, han zeuden medikuek eta publikoak iruzurtzat hartu zuten. Makurtua eta lur jota atera zen Wells erakustaldi hartatik. Eta burua ezin altxaturik ibiliko zen aurrerantzean.

Handik urtebetera, 1846an, Mortonek lortuko zuen areto hartan bertan bere maisu izandakoak lortu ez zuen arrakasta, beste gas batekin. "Letheon" deitu zion Mortonek bere substantziari, eta halaxe patentatu zuen. Baina funtsean, substantzia hura eterra zen (laranja-olio pixka batekin nahastua), eta denek zekiten; beraz, ez zion askorako balio izan patenteak.

Hala ere, anestesiaren aurkitzaile gisa aldarrikatu zuen Mortonek bere burua. Wellsek kontra egin zion, eta baita Mortonen beste irakasle-ohi batek ere, Charles T. Jacksonek. Jacksonek zioen berak erakutsi ziola eterra anestesiko gisa erabil zitekeela. Sekulako borroka hasi zuten Jacksonek eta Mortonek.

Wellsek, berriz, New Yorkera joatea erabaki zuen, han aitorpen eta arrakasta handiagoa lortzen ote zuen probatzera. Kloroformoarekin probak egiten hasi zen. Izan ere, ordurako frogatu zuten substantzia hori ere anestesiko eraginkorra zela. Baina Wells kloroformoaren mendera erori zen, burua galtzeraino. 33 urte bete zituen egunean, kloroformoaren eraginpean kalera atera eta bi prostitutari azidoa bota zien.

Espetxera eraman zuten. Han, drogaren eragina pasa ahala, zer egin zuen konturatu zen. Ezin izan zuen jasan. Aukera izan zuen bezain laster bere buruaz beste egin zuen, hankako arteria bat bizar-labanaz ebakiz. Minik ez zuen sentitu, aurretik hartu zuen kloroformoari esker.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia