Izortze Santin Gomez, EHU

EHUko ikertzailea

<i>Homo non-sapiens birus</i>


Zutabe hau idazten ari naizen bitartean, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) Kongoko Errepublika Demokratikoan ematen ari den ebola-agerraldia nazioarteko osasun publikoko larrialdi deklaratu du. Orain arte 500 kutsatze inguru detektatu dira eta birusari lotutako 131 heriotza baino gehiago erregistratu dira. Horren inguruko informazioa heldu al zaizu? Apustu egingo nuke ezetz! Baino hantabirusari buruz hitz egiten badizut, horren berririk izan duzu azken asteetan? Seguru baietz!

Ni harrituta geratu naiz azken asteetan Hantabirusaren aferari eman zaion estaldurarekin. Ni ez naiz telebista asko ikustekoa, baino sare sozialen bitartez jaso dudan informazioagatik, telebista kate gehienetan egun eta gau landu den gaia izan da. Informazioa inoiz ez dela gehiegizkoa uste dudan arren, jasotzen den informazioa kalitatezkoa ez bada, hutsaren hurrengorako balio du. Eta gehiago esango dut, mikrobiologiari edo epidemiologiari buruz deus ez dakiten pertsonak gai honen inguruan hitzegitera jartzen dituzunean, jendartea informatu beharrean, nahastu eta aztoratzen da.

Bi agerraldi horien inguruan egiten den estaldura ezberdinaren arrazoiaz hitz egin nahiko nuke hurrengo lerroetan. Argi dago Mendebaldeko herritarrok ez ditugula bi agerraldiak berdin hautematen. Baino zergatik? Birusak erabat ezberdinak direlako? Noski ezetz! Birusen biologia gutxienekoa da, nor eta non kutsatzen den da gakoa.

«Gauzak horrela, noizbait eztabaidatu beharko litzateke Lurreko toki urrun eta helezinetara turismo egitera joatearen arriskuez»

Ebola Afrikan zabaldu da oraingoz, eta agerraldia pobreziarekin eta krisi humanitarioekin lotu ohi da. Bidaiatzen ez duten, baliabiderik ez duten eta eremu ekonomiko handietatik urrun bizi diren pertsonei eragiten die batez ere. Hondius gurutzaontziko hantabirusaren kasuak kontrako irudia proiektatzen du. Agerraldia espedizio antartikoko itsas bidai batean agertu zen, erosteko ahalmen handiko nazioarteko bidaiarien artean. Ulertezina egiten zaidan arren, herritarren gehiengoak gertuago sentitzen ditu Hondius gurutzaontziko bidaiariak, Kongoko landa eremuetan bizi diren biztanleak, edota txalupetan, gerra eta goseteei ihes egin nahian, mediterraneo zeharkatzen saiatzen direnak baino.

Errealitatea gordina da, ordea: Kongoko Errepublika Demokratikoko herritarrak ebolatik ihes egin ezinik dabiltzan bitartean, munduko herritar aberatsek urrutiko esperientzia “basatien” bilaketan infektatzen dira. Bi kasuetan naturak eta birus zoonotikoek parte hartzen dute, baina testuinguruak erabat aldatzen du istorioa eta errelatoa. Gauzak horrela, noizbait eztabaidatu beharko litzateke Lurreko toki urrun eta helezinetara turismo egitera joatearen arriskuez; eta ez naiz turistek hartzen dituzten arriskuez hitz egiten ari, ekosistemen suntsiketan Homo non-sapiens birusek duten eraginaz baizik.

Izortze Santin Gomez, EHU

EHUko ikertzailea

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali