}

Homo erectus hominidoaren agerpena atzeratu dute

2020/04/02 Gallego Moya, Juanma - Kazetaria Iturria: Elhuyar aldizkaria

homo-erectus-hominidoaren-agerpena-atzeratu-dute
DNH 134 izenez sailkatu duten Homo erectus baten garezurra. - Arg. Andy Herries/Jesse Martin/Renaud Joannes-Boyau

Duela bi milioi urte inguru, hiru hominido-espezie garai berean bizi izan ziren Hegoaldeko Afrikan, Science aldizkarian argitaratutako datu berrien argitara.

Drimolengo aztarnategian (Hegoafrikako Errepublika) aurkitutako bi hominidoren garezurrak aurkeztu dituzte ikertzaileek: Paranthropus robustus eta Homo erectus espezieei dagozkie, egileen esanetan. Duela 2,04-1,95 milioi urte artean ezarri dute fosil hauen datazioa. Homo erectus espeziearen kasuan, gainera, datazio berriak gutxienez 100.000 urte inguru atzeratu du espeziearen agerpena.

Data horiek bat datoz Malapa aztarnategian aurkitutako Australopithecus sediba espeziaren beste fosil baten datazioarekin. Gertuko aztarnategia izanda, ikertzaileek ondorioztatu dute hiru hominidoak garai eta eremu berean bizi izan zirela. Egileek diotenez, aurkikuntzak zaildu egiten du Australopithecus sediba Homo erectus hominidoaren arbasoa izan zelako hipotesia. A. sediba garai horren bueltan iraungi zela kontuan hartuta, egileek ez dute baztertu beste bi hominidoekin izandako balizko lehia batek iraungipen horretan zeresanik eduki izana.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia