Elhuyar zientziaren komunikazioa

Homeopatia zientifiko eta etikoa

2010/01/14 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Joan den abenduan albiste txar bat argitaratu zuen OMC erakundeak, Espainiako Mediku Elkargoak biltzen dituen erakundeak. Izan ere, homeopatia medikuntza-ekintza gisa aintzatetsi zuen bost puntuko agiri batean .

Pilula homeopatikoak.

Homeopatiari buruz "ziurgabetasun handiak" daudela esaten du agiriak, baina gizartean zabalduta dagoela, eta, guztion osasunaren hobe beharrez, medikuntza-ekintza izendatzen dutela homeopatia; terapiaren emaitzak edozein direlarik ere, osasunaren inguruko jarduera guztiak direlako osasun-ekintza, eta, beraz, medikuntza-formazioa duen norbaitek egin beharrekoak, eta ez, homeopatiarekin askotan gertatzen den moduan, formazio eskaseko edo batere gabeko inork. Homeopatiak beste medikuntza-jarduera guztiek bete beharreko irizpide etiko eta zientifikoak bete behar dituela esanez amaitzen da agiria, eta azpimarratuz eraginkortasuna zientifikoki frogatu behar duela, baliozko azterketazorrotzen bidez.

Kontua da azterketa zientifiko horiek egin, egin direla, eta frogatu den gauza bakarra izan da pilula homeopatikoek ez dutela funtzionatzen plazeboek baino hobeto. Aipatuena eta behin betikoa izatera deitutakoa The Lancet aldizkarian 2005ean argitaratutako metaanalisia da. Azterketa hartan, 110 homeopatia-entsegu analizatu ziren (plazeboarekin kontrolatutakoak ziren guztiak), eta botika konbentzionalen beste hainbeste. Eta homeopatiak ez zuen azterketa gainditu. Hori baino lehenago ere huts egin zuen beste azterketa batzuetan, baina, nonbait, ez da nahikoa.

Bad Science liburuaren azala.

Ben Goldrace mediku eta dibulgatzaile britainiarrak entsegu asko eta asko xehatzen ditu Bad Science liburu gomendagarrian, eta harekin oso bat nator esaten duenean aski dela, ez direla behar era horretako entsegu gehiago. Liburuan aipatzen du British Medical Journal aldizkarian urte askoz debekatuta egon dela "gehiago ikertu behar da" esamoldea, bere horretan ez duelako ezer gehitzen, ez bada esaten zer ikerketa falta den, zeri buruz, zer neurtzeko eta zergatik. Bestela uste badugu ere -dio- esaldiak ez du zertan izan aurrera begirako jarrera eta ikuspegi irekiaren adierazlea.

Hain justu, zenbatetan ez ote digute leporatu mundu-ikuskera itxia izatea homeopatiaren gezurra salatzen dugunoi. Askoz ere jarrera itxiagoa iruditzen zait niri pilula homeopatikoen eraginkortasunarekin tematzea, mekanismo gisa aldarrikatuz ia infiniturainoko diluzioak sendatzeko gaitasuna indartzen duela, urak memoria duela eta ez dakit zer gehiago. Medikuntza-ekintza zientifiko eta etikoez ari garenez gero, hitz egin dezagun plazebo efektuaz, horra artekoa baita homeopatiak frogatu duen eraginkortasuna. Gaur gaurkoz ez da onargarria erremedio bat plazeboa bezain ona dela frogatzea sendagaitzat hartua eta saldua izan dadin. Baina horrek ez du esan nahi plazebo efektuari bideak itxi behar dizkiogunik. Alderantziz. Haren zirkuituak ondo ezagutzen ez ditugun arren, efektu indartsua dela badakigu, eta erabilgarria dela eta izan dela medikuntzan. Labaina eta zaila ere bada, ordea, plazeboaren aplikazio zuzen eta etikoa egitea, pazientearen eskubideak eta kode deontologikoa errespetatuz. Hala ere, homeopatiak ez dio bide horri heldu. Pilularen eraginkortasunari tinko helduta bizi da, eta hala segitzen duen neurrian ez da izango, ez zientifikoa, ez eta etikoa ere. Iruzurra izango da, eta OMCk defendatzen omen duen medikuntza zientifiko eta etikoaren aurkakoa.

Berria egunkarian argitaratua

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia