}

Hodeiak, maitasuna, antxoak, Interneteko banda-zabalera, neandertalak... Gaur banatu dira CAF-Elhuyar sariak

2011/03/24 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia

Gaur banatu dira 2010eko zientzia-dibulgazioko CAF-Elhuyar sariak. Naroa Aldanondok eta Jos Mar a Rivadeneyrak jaso dituzte dibulgazio-artikuluen kategoriako sariak, antxoei eta Interneteko banda-zabalerari buruzko artikulu banarengatik. Zientzia-kazetaritzaren arloko saria Xabier Marin kazetariarentzat izan da, neandertalak hizpide, Berria egunkarian argitaratutako erreportaje bati esker; eta gazteei zuzendutako narrazio-liburua idazteko beka Aitzol Lasak jaso du, "Bizikletak" izeneko lanarengatik. Azkenik, Elhuyar Fundazioren Merezimendu saria Jose Ramon Etxebarriarentzat izan da.
2010eko zientzia-dibulgazioko CAF-Elhuyar sarietako saridunak: Jos Mar a Rivadeneyra, Naroa Aldanondo, Jose Ramon Etxebarria, Xabier Martin eta Aitzol Lasa
I igo Iba ez

Elhuyar Fundazioren egoitzan ospatu da 2010eko CAF-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia. Multimedia ikuskizuna izan du ardatz ekitaldiak. Esketx interaktiboen bidez aurkeztu dituzte sariak eta saridunak, musikarekin lagunduta, eta tarte atsegina pasatzeko aukera izan dute bertaratutakoek. Naroa Aldanondo, Jos Mar a Rivadeneyra, Xabier Martin, Aitzol Lasa eta Jose Ramon Etxebarria izan dira aurtengo CAF-Elhuyar sarien protagonistak.

Egilearen tesian oinarritutako artikulua

Egilearen tesian oinarritutako artikulu onenaren saria jaso du Naroa Aldanondo biologo donostiarrak, "Antxoaren gorabeherak ulertu nahian" artikuluarekin. Antxoak ikertu ditu Aldanondok bere tesian. Hain zuzen ere, "Aurten izango al da antxoarik?" galderari erantzun ahal izateko zer ikertu duen argitzen du artikuluaren bidez.

Antxoek barne-belarrian duten karekizko egitura batekin egin du lan Aldanondok, otolitoekin, eta han gordetako informazioaz baliatu da sasoitik sasoira antxoarik izango ote den iragarri ahal izateko. Izan ere, zuhaitz-enborretako eraztunen parekotzat jo liteke otolitoen egitura. Antxoa noiz eta non jaio den esaten diote begiratzen dakien ikertzaileari; hazkundeari buruzko informazioa ematen diote, eta aurreikuspenak egiteko aztarnak utzi.

Epaimahaiaren esanean, "Itzulinguruetan trabatu gabe, egilea zuzen doa gaiaren muinera. Eta horri eskerrak, lehenengo lerroetatik harrapatzen du irakurlea, eta jakin-mina pizten dio. Dibulgazio-artikulu biribila osatu du idazleak bere tesitik abiatuta, ondo kontatua eta irudi onez hornitua"

Dibulgazio-artikulu orokorra

Jos Mar a Rivadeneyra informatikari Usurbiltartuak ere galdera batekin ekin dio bere artikuluari: "Merezi ote digu banda-zabalera handitzea?" Eta lan horrengatik jaso du dibulgazio-artikulu orokor onenaren saria.

"Lan honekin, egileak asmatu egin du kontsumitzailearen larruan jarri eta edozeinentzat ulergarria den eran azaltzen gai tekniko eta itxuraz lehor bat. Adibide eta analogia errazen bidez, denok inoiz egin dugun galderaren erantzuna ematen digu, gainera", arrazoitu du epaimahaiak, lana zergatik saritu duten azaltzeko.

Interneteko banda-zabalera handiagoa kontratatzea merezi ote duen azaltzen du artikuluan Rivadeneyrak, eta zergatiak ematen ditu egileak artikuluan, azalduz zer faktorek eragiten duten etxera iristen den Interneteko seinalearen abiaduran, eta zerk mugatzen duen zer Interneten.

Zientzia-kazetaritzaren arloko lana

Dibulgazio-artikuluetatik kazetaritza-lanetara, gizakioi gehien interesatzen zaigun gaiari buruz aritu da aurtengo saritua, Berria egunkariko kazetari Xabier Martin, "Kate bereko begiak" lanean. Gizakioi buruz aritu da, alegia.

Homo sapiens eta Homo neanderthalensis espezieen arteko ahaidetasuna eta harremana aztertzen ditu kazetariak erreportajean, 2010ean izan zen albiste nabarmenenetako batetik abiatuta. Neandertalaren genoma deskodetzeak agerian utzi zuen gaur egungo gizakiek neandertalaren gene batzuk gordetzen dituztela haien genometan, afrikarrek izan ezik, eta, beraz, bi espezieen arteko hibridazioa gertatu zela. Areago, hibridazioa gertatu bazen, eta ondorengo ugalkorrak utzi bazituzten, esan ote daiteke bi espezie desberdin zirela?

Epaimahaiaren arabera, gizakiari buruzko ikuspegi berritzaile eta ezusteko bat aurkezten du kazetariak erreportaje honetan, "eta kazetaritza-lan batek behar dituen osagaiak ederki bilduta egin du hura: irakurlearen jakin-mina pizten duen albiste bat, iturri onak, adituen testigantzak, grafiko eta irudi erakargarriak", azpimarratu du.

Gazteei zuzendutako zientzia-narrazioa

Errealitateari buruz egindako lanak ez ezik, fikzioaren mundua ere saritu dute 2010eko CAF-Elhuyar sariek. Aitzol Lasa Bara aindarrarentzat izan da gazteei zuzendutako narrazio-lanen kategoriako beka, eta urtebeteko epea izango du orain bekara aurkeztutako "Bizikletak" proiektua garatzeko.

Zientziaren eta letren arteko borroka klasikoari heldu dio idazleak. Eta bi dira protagonistak: Estibalitz zientzialari iaioa, eta berarekin seko maiteminduta dagoen Odei. Dena kontra du, ordea, Odeik, Estibalitz maitemintzeko: helduagoa da Estibalitz, eta ez dio kasurik egiten; bestalde, zientziak ez ditu maite Odeik. Lortezina lortzeko plan bat du, ordea, Odei protagonistak, eta baita idazleak ere: "poesia eta zientzia elkartuta, bizikletak eta maitasuna batuta, pertsonaia eta proiektu sendoak eta erakargarriak osatu ditu irabazleak, hizkera freskoa eta lotsagabea baliatuz", azpimarratu du epaimahaiak.

"Narrazioak zerua izango du lotura nagusi", aipatu du Lasak: "zerua izango da narrazioaren haria, Odei, protagonista, hodeietan bizi den nerabea baita. Zeruari begira egotea atsegin du, eta hura deskribatzeko modu bitxiak aurkitzen ditu beti". Narrazioan agertuko diren zientzia-gaiak atmosferari eta zeruari loturikoak izango dira, eta, zeruan oinarritu eta girotuko da narrazioak duen maitasun-istorioa ere.

Ikusi Irrikan Lasari egindako elkarrizketa

Merezimenduzko saria

Lau kategorietako saridunak izendatu ondoren, 2010eko Merezimendu saria jaso du Jose Ramon Etxebarria euskaltzale eta ingeniariak. Fundazioaren lehendakariorde Eustakio Arrojeriak aurkeztu bezala "40 urtean, etengabe, zientziaren eta teknologiaren arloan euskarari eta euskal gizarteari egindako ekarpen oparoa" aitortu nahi izan du Elhuyar Fundazioak ohorezko sariarekin.

Ikasketaz fisikaria eta Ingeniaritzan doktorea. Ikasketak bukatu baino lehen, zientzia euskaraz dibulgatzeko beharra ikusita, hasi zen bere pausoak bide horretara bideratzen. Ez da erraza Etxebarria definitzea: "irakaslea, idazlea, politikaria, dibulgatzailea, itzultzailea, zientzialaria, eta beste -tzaile eta -lari asko. Poliedrikoa da Joserra, sailkagaitza". Eta "pasioa da haren obra guztian nabari den ezaugarri nagusietako bat".

Saria berari eman arren, berea bakarrik ez dela azpimarratu du Etxebarriak: "egin dudan lan guztia kolektiboa izan da, eta horregatik egin dut". Gainera, ez du lanerako gogorik galdu; "euskararekin oraindik eremu berriak landu beharra dago" aitortu du. Baina itxaropentsu dagoela erakutsi du, Leteren hitz batzuekin amaituz: "gu sortu ginen enbor beretik, sortuko dira besteak".

Lanak eta epaimahakideak

2010eko CAF-Elhuyar sarietan 48 lan aurkeztu dira guztira. 27, dibulgazio-artikulu orokorren kategorian; 6, egilearen tesian oinarritutako artikuluen kategorian; 11, zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategorian; eta 4, gazteei zuzendutako zientzia-narrazioen kategorian.

Epaimahaia, berriz, bederatzi pertsona hauek osatu dute:

    Itziar Alkorta, Zuzenbide Zibileko irakaslea eta bioetikariaTxema Pitarke, CIC NanoGUNEko zuzendariaJuan Ignacio Perez Iglesias, EHU-BFA Kultura Zientifikoaren Katedrako zuzendariaRosa Diez Urrestarazu, ETB1eko eduki-arduradunaTxema Ramirez de la Piscina, EHUko Kazetaritza Fakultateko irakaslea eta kazetaritza espezializatuan adituaYolanda Arrieta, idazlea eta haur eta gazte literaturan adituaJesus Mari Olaizola "Txiliku", idazlea eta haur eta gazte literaturan adituaJose Mari Rodriguez Ibabe, Elhuyar Fundazioko lehendakaria eta CEITeko ikertzailea
  • Josu Wali o, Elhuyar Fundazioko proiektu-arduraduna eta gazteentzako ipuinen idazlea.

Saritutako lan guztiak Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren 2011ko maiatzeko zenbakian argitaratuko dira, gehigarri berezi batean bilduta.

Entzun Norteko Ferrokarrilleko elkarrizketak: J.M Rivadeneyra , N. Aldanondo , X. Martin , A. Lasa .

Ikusi sariketari buruzko Teknopolisen erreportajea

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia