}

Hiriak mendia poluitzen du

1994/02/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

1978. urteaz gero zientzilariak (eta zientzilari ez direnak) kezkaturik dabiltza estratosferan (20 eta 45 kilometro bitarteko altitudean) ozono-geruza mehetzen ari delako. Urtero egiten dituzte neurketak eta arazoa arintzeko zenbait neurri hartu da (CFC duten produktuak debekatzea, esate baterako).

Zientzilariak ordea, troposferan (10 edo 15 kilometroko altituderainoko tartean) ozono gehiegi dagoelako ere kezkatzen hasiak dira, nahiz eta horretaz egunkari eta aldizkarietan deus gutxi entzuten den. Badakigu estratosferan ozonoak eguzkitiko izpi ultramoreetatik babesten gaituela, baina troposferan ozonoa gure osasunarentzat kaltegarria izan daiteke. Izan ere, begietako zein faringeko narritadura eta arnasketa arazoak sortzen baititu. Gainera landareei hostoen nekrosia eraginda kalte egiten die.

Troposferan ozono gehiegi dagoelako ere kezkatzen hasiak dira zientzilariak.

Ozonoa troposferan konposatu kimiko batzuen nahasteari fotooxidazioa eraginda sortzen da. Metanoa (CH4), karbono monoxidoa (CO) eta konposatu organiko hegazkorrak (terpenoa, isoprenoa, etab.) nitrogeno oxidotan fotooxidatzen dira. Erreakzio hau gerta dadin, lehenik eta behin airean nitrogeno oxidoen kontzentrazioak maila bat izan behar du, eta erregai fosilak erretzea (ibilgailuetan, zentral termikoetan, etab.etan) da horretarako bidea.

Nitrogeno oxidoen kontzentrazioa dozenaka batzuk ppt (trilioiko zenbat zati) eta ppb (bilioiko zenbat zati) batzuen artekoa denean, CO, CH4 eta konposatu organiko hegazkorrak erreakzio batzuen bidez oxidatuta ozonoa produzitzen da. Nitrogeno oxidoen kontzentrazioa ppb batzuk baino handiagoa denean ordea, oxidazio erreakzioak moteldu egiten dira eta nitrogeno oxidoen ozono-produkzioa inhibitu egiten dute. Horregatik, poluitutako atmosferan ozono-kontzentraziorik handiena ez da poluzio handieneko zonan izaten (nitrogeno oxidoen kontzentrazioa handiena den lekuan, alegia); poluzio-iturritik dozenaka kilometrora baizik. Parisen, esate baterako, ozono kontzentrazio handiena hirigunean ez eta hegomendebaldera Rambouillet aldera dago (batzuetan 150 ppb baino kontzentrazio handiagoak izaten dituzte; Parisen baino sei aldiz handiagoak).

Troposferan mende honetan ozono-kontzentrazioa laukoiztu egin da ipar hemisferioan, eta bikoiztu hego hemisferioan. Planeta osoa hartuta, batezbeste urtero % 1 edo % 2 gora egiten du kontzentrazioak eta poluzio-mota horri eusteko neurri latzak hartu beharko dira.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia