}

Hilezkortasuna kolokan

2005/02/04 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Gizakia hil egiten da, hau da, heriotzaren bitartez amaitzen zaio bizitza. Eta, ondorengoak izateko, nahitaez hil baino lehen ugaldu behar du. Baina bakterioaren kasuan ezberdina da: ugaltzeko bitan banatzen da, eta sortu berri diren zati biak dira ondorengoak. Jatorrizkoa, bakterio 'ama', ez da hiltzen, baina prozesu horren bitartez desagertu egiten da. Horregatik uste izan dute biologoek bakterioak hilezkorrak direla edo, gutxienez, haien bizitza-zikloa ez dela heriotzarekin amaitzen.

Ideia hori kolokan jarri du Frantziako ikertzaile-talde batek. Escherichia coli bakterioarekin egin dute lan, makila-itxurako bakterio ezagun batekin. Bakterio horrek, erdibitzeko, dituen osagai guztien kopia bat egiten dute, eta bi kopia osatu direnean, banatu egiten dira fisikoki. Nolabait esateko, ale batek material zaharra jasotzen du eta besteak kopia berria.

Baina, handik aurrera, bi aleak ez dira abiadura berean hazten; material zaharra jaso duena mantsoago hazten da. Neurri batean, metabolismo eraginkorragoa du kopia berriaren jabeak. Behin eta berriz erdibitu ondoren, litekeena da material zaharrena duenak ugaltzeko ahalmena galtzea, eta hiltzera iristea. Bakterioen ustezko hilezkortasuna, beraz, kolokan dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia