}

Hilekoaren faseak metabolismoan duen eragina aztertu dute

2023/09/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

hilekoaren-faseak-metabolismoan-duen-eragina-azter
Giza folikulu obarikoa. Arg. Jpogi/Jabego Publikoa

Intsulinarekiko sentikortasuna garunean, hilekoaren fasearen araberakoa dela frogatu dute Tübingen Unibertsitateko ikerketa batean. Nature Metabolims aldizkarian argitaratu dute, eta aipagarria da, lehendik jakina baita intsulinak eragina duela elikadura-joeran eta metabolismoan. Ondorioetako bat da, beraz, sexuen arteko desberdintasunak egon daitezkeela intsulinaren bidezko erregulazio metabolikoan; alabaina, horri buruzko ikerketa gizonezkoetan egin da nagusiki.

Oraingo ikerketan, hamaika emakume ikertu dituzte, fase folikularrean (obulatu aurretik) eta fase luteoan (obulatu ondoren). Garunean, intsulinarekiko sentikortasuna neurtu diete, intsulina edo plazeboa inhalaraziz, aerosol baten bidez. Horrez gain, beste 15 emakumetan, intsulinarekiko sentikortasuna neurtu zieten hipotalamoan, erresonantzia magnetiko nuklearraren bitartez. Bi proben emaitzak aztertuta, ondorioztatu dute, batetik, fase folikularrean intsulinarekiko sentikortasuna garunean handiagoa dela fase luteoan baino, eta, bestetik, fase luteoko garuneko intsulinarekiko erresistentziak eragina izan dezakeela gorputz osoko erresistentzian.

Aldizkari berean, ikerketari buruzko beste artikulu zabalago eta orokorrago bat argitaratu dute beste egile batzuek, eta, haien arabera, ikerketa lagungarria da azaltzeko gorputzaren pisuan, gosean, eta elikadura-joeran dauden aldaketak. Aldaketa horiek bereziki fase luteoaren amaieran gertatzen dira; hau da, intsulinarekiko sentikortasuna txikiagoa denean. Horrek, era berean, eragina izan dezake glukosaren kontrola okertzean, 1 motako diabetesa duten emakumeetan. 

Ikertzaileek azpimarratu dute ikerketan emakume gutxik parte hartu dutela, eta haietako inork ez zituela antisorgailu hormonalak hartzen. Gainera, intsulina inhalatzea ez da bide fisiologikoa; beraz, argi utzi dute hastapeneko ikerketa bat dela, eta emaitzak berresteko eta ezagutzan sakontzeko ikertzen jarraitu behar dela.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia