}

Hiesetik babesteko mikrobizida, gero eta hurbilago

2005/12/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Askotan leporatzen zaie farmazia-konpainiei interes ekonomikoen arabera jokatzen dutela. Oraingoan, ordea, bultzada handia eman diote hiesaren aurkako mikrobizidaren ikerketari.
Preserbatiboa ordezkatu ahal izateko, beharrezkoa da mikrobizida eraginkor bat garatzea..

Hain zuzen ere, duela gutxi mikrobizida bati buruzko ikerketa itxaropentsu bat azaldu da Nature zientzia-aldizkarian. Mikrobizida horrek hiru osagai aktibo nagusi ditu, eta horietako bi farmazia-konpainien esku daude. Baina ikerketaren emaitzen berri izan orduko, farmazia-etxeek beren osagaiak erabiltzeko baimena eman dute.

Ikertzaileak aspalditik zebiltzan hiesetik babesteko mikrobizida eraginkor baten bila. Izan ere, sexu-bidezko transmisioa galarazteko, preserbatiboak oso eraginkorrak dira, baina toki askotan gizonezkoek ez dute preserbatiborik erabili nahi. Ondorioz, urtean milaka emakume infektatzen dira babesik gabeko harreman sexualak izateagatik.

Preserbatiboen ordez mikobizidak erabiltzea aukera ona izango litzateke. Mikrobizidak baginan ematen diren gelak, kremak edo supositorioak dira, eta birusetik babesten duen geruza bat eratzen dute. Hori, teorian,orain arte ez baita mikrobizida eraginkorrik lortu hiesaren aurka. Are gehiago, mikrobizida bakar bat probatu da emakumeetan, eta emaitza penagarria izan da.

Hasiera batean, mikrobizida hark eraginkorra ematen zuen. Hiesaren birusa suntsitzen duen osagai bat zeukan, eta ondo funtzionatu zuen proba klinikoen lehen faseetan. Azken pausoa gizakietan probatzea izaten da, eta orduan ikusi zuten mesede beharrean kalte egiten zuela. Izan ere, birusa suntsitzeko beharrezkoa zen dosietan toxikoa zen. Baginaren ehuna kaltetzen zuen, eta, ondorioz, sarrera errazten zion birusari.

Hiru frontetan

Osagai aktibo bakoitza bere erara borrokatzen da birusaren aurka.

N ature aldizkarian aurkeztu duten mikrobizida, berriz, bestelako estrategia batean oinarritzen da. New Yorkeko Cornell Unibertsitateko ikertzaileek garatu dute, eta hiru osagai aktibo erabili dituzte mikrobizida egiteko. Osagai horietako bakoitza fronte batean borrokatzen da infekzioaren aurka.

Adibidez, Merck farmazia-konpainiaren osagai bat erabili dute, eta hori birusa lotzen den baginako zelula berera lotzen da. Hartara, birusa tokirik gabe uzten du. Beste osagai bat BMS farmazia-etxearena da, eta elkarrekintza zuzena du birusarekin; ondorioz, ez dio uzten zelulara lotzen. Azkenik, birusak zelulara sartzeko erabiltzen duen prozesua inhibitzen du ikertzaile-taldeak sortutako peptido batek.

Ikertzaileek hainbat konbinazio probatu zituzten makakoetan. Konbinazioetako batzuekin, makakoek % 75eko babesa lortu zuten. Ez da gutxi, baina emaitza are hobea lortu zuten hiru osagaiak elkartuta probatu zituztenek: konbinazio hori zuten hiru makakoek erabateko babesa lortu zuten.

Estrategia hiesa duten gaixoek erabiltzen dutenaren antzekoa da. Haiek ere hainbat botika antibiralen konbinazioa hartzen dute, eta botika horietako bakoitzak mekanismo bat erabiltzen du birusaren aurka egiteko.

Bultzada ikerketari

Gizonezkoek preserbatiborik erabili nahi ez dutela eta, milaka eta milaka emakume infektatzen da hiesaz urtero.

Emaitza hain ona izan denez, Merck eta BMS farmazia-konpainiek beren osagaien baimenak eman dizkiote mikrobizida garatuko duen erakundeari. Hain zuzen ere, irabazi-asmorik gabeko erakunde bat arduratuko da mikrobizida garatzeaz.

2007an hasi nahi dute proba klinikoekin, Afrikako 10.000 emakumek parte hartuko dute, eta 150-200 miloi dolar kostatuko dela kalkulatzen dute. Ez da asko irabaz daitekeenarekin alderatuta: hiru urtean bakarrik, 2,5 miloi pertsonaren bizia salbatuko litzateke sexu-harremanak izan aurretik mikrobizida eraginkor bat erabiliz gero.

7K-n argitaratua.