Elhuyar zientziaren komunikazioa

Hiesaren estigma desegiteko

2019/05/20 Elhuyar Iturria: Elhuyar aldizkaria

hiesaren-estigma-desegiteko
Garatu duten biosentsoreak infekzio gertatu eta astebete igaro ondoren detektatzen du GIBa. Arg. Joan Costa/CSIC
Hiesa ezagutu zen unetik bertatik izan da tabu eta estigma. Gaitzak gizarteak baztertutako taldeei eragiten zien bereziki (gayak, heroinazaleak), heriotza eragiten zuen, gorputzeko isurien bidez kutsatzen zen, ez zegoen sendabiderik… Horiek ziren hasiera hartan zabaldu ziren mezuak, eta, geroztik 35 urte igaro badira ere, eta, denbora horretan izugarri aurreratu bada ere, ikerketan eta tratamenduan, estigma ez da guztiz desagertu.
 
Jakina, egoera asko aldatzen da leku batetik bestera, baina, industrializatutako herrialdeetan, odolean giza immunoeskasiaren birusa (GIB) izatea jada ez da hies gaitza izatearen sinonimo. Are gehiago: tratamendua hartzen duten pertsonek birus-maila detektaezina dute odolean eta ez dute birusa kutsatzen.
 
Gakoa diagnostiko goiztiarra da. Tabuaren eta beldurraren eraginez, ordea, arrisku-praktikak izan dituzten zenbait pertsona ez dira diagnostiko-proba egitera joaten berehala, eta horrek bi ondorio ditu: batetik, tratamendua atzeratu eta pronostikoa okertu egiten dira; eta, bestetik, beste pertsona batzuk kutsatzeko arriskua dago. Horregatik da hain garrantzitsua antirretrobiralen arrakasta nabarmentzea, estigma behingoz desegin dadin.
 
Alde horretatik, aipatzekoa da berriki argitaratutako ikerketa bat. Partner2 izena du, eta Europako 14 herrialdek parte hartu dute. Bi urtez, 782 bikote gayri jarraipena egin diete. Bikote guztietan, kideetako batek ez zuen birusik, eta besteak antirretrobiralak hartzen zituen. Guztiek, babesik gabeko sexu-harremanak izan dituzte (ikerketan sarketa-kopurua ere zehazten dute: 76.000), eta, bikoteen barruan, ez da infekzio bakar bat bera ere izan (15 infekzio berri diagnostikatu zituzten, baina denetan bikoteaz kanpoko beste pertsona batek kutsatuta).
 
2016an Partner1 ikerketak emandako emaitzak berretsi ditu ikerketa horrek. Partner1-ean preserbatiborik gabeko 58.000 sarketen ondorioak aztertu zituzten, eta orduan ere ez zuten infekziorik detektatu, baina gizonen arteko harremanak ez ziren esanguratsuak estatistikoki. Hortaz, sarketa baginala segurua zela frogatu bazuten ere, gizonekin berariaz beste ikerketa bat egin behar zela ondorioztatu zuten. Eta orain eman dituzte emaitzak.
 
Datuek garbi utzi dute badela estigma desegiteko garaia, eta, horretan, gizarte osoak du ardura. Bitartean, ezin da ahaztu munduko beste leku askotan egoera askoz ere okerragoa dela. Hain zuzen, aste honetan bertan argitaratu dira Nature aldizkarian Saharaz hegoaldeko 47 herrialdetako datuak. 15-49 urteko helduetan, hiesaren prebalentziak izan duen bilakaera neurtu dute 2000-2017 urteetan, eta ikusi dute 15 herrialdetan areagotu egin dela. Zaila dirudi Nazio Batuen Erakundearen helburua lortzea: 2030erako hiesaren izurria amaitzea.
 

Berria egunkarian argitaratua

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia